10 urte bete dira 2013ko urrian Orkestrako bost ikertzailez osatutako lantaldea Bilboko Udaleko Alkatetzaren Kabinetean Bilbao Next Lab hiriko lehiakortasuneko politiken laborategia izango zenaren lehen bilerara joan ginenetik. Laborategi horrek bideratu du Orkestran hiri lehiakortasunaren inguruko ikerrildoaren garapena.

Atzera begiratuz gero, ikusiko dugu oso zaila dela ikerketa-ekintzako prozesuak aurreikustea. 10 urte hauetan abentura honetan parte hartu duen pertsona bakoitzak baldintzatu du, nolabait, laborategiaren ibilbidea. Ongizate jasangarria helburu duen garapen lehiakorra bultzatzea izan dugu beti helburu. Bide horretan, hiru etapa nagusi bereiz ditzakegu.

2013 eta 2016 artean, Alkatetzaren Kabinetearen eta Orkestraren ahaleginak hiriaren eredu ekonomikoa eraldatzeko erronkak identifikatzera bideratu genituen, horixe izan zen proiektuaren ardatza. Aurreko urteetan Bilbon izandako eraldaketa fisikoaren eragina gainditzea zen helburua. Aldi horretan, espezializazio adimendunaren hiri estrategia definitu genuen. Mugarri garrantzitsua izan zen espezializazio adimenduneko estrategia iritsi berrien logikan, ordura arte ez baitzen hiriez hitz egiten. Gainera, hiriak Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planari egin liezaiokeen ekarpena erakutsi eta bultzatu nahi genuen. Etapa hori funtsezkoa izan zen Udaleko gainerako taldeak hiri lehiakortasunaren logikan inplikatzen hasteko, gune zehatzez aritzeko –Zazpikaleak, kasu– eta Urbact inFocus eta antzeko Europako proiektuak bultzatzeko, Europatik Bilbao Next Laben helburuari lagunduko ziotenak.

2016 eta 2019 artean, Bilbao Ekintzako lehendakaritzak eta zuzendaritzak hartu zuten Bilbao Next Lab proiektuaren ardura. Orkestrak ere proiektuaren koordinazioa aldatu zuen, eta horrela, ikerketa-ekintzaren ikuspegiak indar handiagoa hartu zuen. Aldi horretan, gaur egun oraindik lantzen ari garen ikerketa-ekintzako prozesuak sortu ziren. Prozesu horiek hiriaren espezializazio adimendunean aurrera egiteko erronka nagusiei heldu nahi izan diete: Bilbao Ekintzako taldearen gaitasunak garatzea, espezializazio estrategiaren maila askotako artikulaziorako mekanismoak eraikitzea, zerbitzu aurreratuetan Lanbide Heziketako talentua sortzea edo Europako hirien arteko ikaskuntza, batez ere. Aldi horretan hartu zuen indarra zerbitzu aurreratuen aldeko apustuak. Zehazki, zerbitzu aurreratuetarako talentuaren desoreka edo eskualdeko industria sarearekiko lotura lantzea izan zen, garai hartan, Bilbao Next Laben ardatz nagusia.

2019tik aurrera, eta pandemiaren ondorengo urteetan, aurreko etapan hasitako ikerketa prozesuetan sendotasunez lan egiten jarraitu genuen. Bide horretan, Orkestrak 2021ean proposatu zuen lehiakortasun esparru berria erabiltzen hasi ginen eta elkarlaneko gobernantzaren logika indartu genuen, hiriko lehiakortasun politikara hurbiltzeko.

Hiru etapa horietan egindako prozesu guztiak ikerketa-ekintzako prozesu konplexu baten parte dira. Hain zuzen ere, prozesu horren gakoetako bat izan da Orkestrako ikertzaileen eta Bilbao Ekintzako policymakerren (profil politikoa, kudeaketakoa edo teknikoa dutenak) artean hizkera eta ikuspegi partekatua eraikitzea. Policymaker gisa, Orkestrarekin batera sortu dugun jakintzak hirien lehiakortasunerako politikaren arloan ekintza bereziak eta berritzaileak aurrera eramateko gaitasunak eta babesa ematen dizkigu. Ikertzaile izanik, jakintza horren bidez akademiari ekarpena egiteaz gainera, Bilbao Next Labek aukera ematen digu esparru akademikotik hiriko lehiakortasun erronkei aurre egiteko gaitasunak garatzeko.

Bilbao Next Lab ez da Bilbao Ekintzak Orkestrari urtero egiten dion enkargua. Ez da denboran mugatutako proiektuen multzoa. Laborategiko emaitzarik nabarienek laborategiaren emaitza gisa abian jarri diren politikekin edo programekin dute zerikusia, baina, hori baino gehiago da. Izan ere, Bilbao Next Lab gardentasun, enpatia eta konfiantza handiz Bilbon lehiakortasun politikak egiteko modua aldatzen ari garen eta hiriaren lehiakortasun eredu modu sistemikoan eraldatzen ari garen pertsona taldea da.


Ibon Gil de San Vicente

Xabier Ochandiano

Xabier Enpresen Administrazioan eta Kudeaketan lizentziaduna da eta lan ibilbide luzea du zerbitzu publikoaren arloan (Bilbao Ekintza eta Eusko Jaurlaritza). 2015eko maiatzaz geroztik, Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu Saileko zinegotzi da Bilboko udalean, eta 2019az geroztik, Politika Ekonomikoen eta Herritarren Arretaren koordinatzailea da.

 


miren estensoro

Miren Estensoro

Miren Estensoro Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea seniorra da eta Deusto Business Schooleko irakaslea. Ekonomian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere aztergai nagusiak tokiko garapen ekonomikoa, lurraldeko gobernantza eta lehiakortasunerako politiken maila askotako artikulazioa dira. Ikerketarako bere gerturapen nagusia ikerketa ekintza da.

Perfil osoa ikusi