Orkestran, 2013az geroztik ari gara hirien lehiakortasunaren esparruan lanean, nagusiki Bilbao Next Lab (BNL) proiektuari lotuta. BNL Bilboko Espezializazio Adimenduneko Hiri Estrategiarako (Bilbao Next) Ikerketa-Ekintzako Laborategia da. Berrikuntzako hiri barrutien edo lanbide heziketak zerbitzu aurreratuetan talentua garatzeko egin dezakeen ekarpenaren inguruko hainbat postetan ikus daiteke ikerrildo honetan izan dugun ibilbidea.

Institutuan, hirien lehiakortasuna lurralde ikuspegitik aztertzen dugu. Lurraldea (gurean, Euskal Autonomia Erkidegoa) eskala askotako errealitate bat dela eta hiriak barne hartzen dituela ulertzen dugu. Gure helburua da hiriak aztertzea, lurralde lehiakortasuneko espazio gisa, eskala askotako ingurune horretan. Lurraldearen garapenean hiriek gero eta garrantzi eta eragin handiagoa dute eta ekarpen berezia egiten dute, gainera. Horregatik, ikerketa zehatzagoa eta espezializatuagoa eskatzen dute. Ildo horretatik, gure ustez euskal hiriek berariazko zeregina dute eskualdeko lehiakortasunari (eta urrunagokoari) laguntzeko orduan. Ondorio horretara iristeko bi oinarri nagusi ditugu.

Lehenengoak ekonomian zerbitzuen sektoreak eta tertziarizazioak garrantzi handiagoa hartzearekin du lotura. Lehiakortasunari buruzko 2019ko Txostenean azpimarratu genuen bezala, 2030erako EAEko enpleguaren hiru laurden zerbitzuen sektoreak sortuko du. EAEko manufakturako enpleguak behera egingo du eta enpresa zerbitzuetako aurreratuetako enpleguak, berriz, gora. Azken jarduera horiek, aurreikuspenen arabera, pisua irabaziko dute EAEn (eta Espainiaren eta EB-28aren aurretik jarriko da), manufakturako sektoreak gero eta gehiago eskatuko baititu zerbitzu horiek.

Zerbitzu aurreratuek hiri inguruetan kontzentratzeko joera dute, aglomerazio ekonomiez baliatzeko, nagusiki (Keeble eta Nachum, 2002; Wood, 2002, 2009). Talentu, entitate eta eragileen kontzentrazioak jakintzaren eremu bihurtu ditu hiriak eta, horregatik, informazioa trukatzea eta transmititzea eta, bide horretatik, berrikuntza errazten duten eremuak dira. Hiriek, eta horien artean, hiru euskal hiriburuek, eta zerbitzu aurreratuetako sektore espezializazioak (eta potentzialak) gure arreta merezi dute, hainbestetan aipatutako laugarren industria iraultzan (Lafuente et al., 2017; Wyrwich 2018; De Propis eta Bailey, 2018).

Bigarren oinarriak hiriek jasangarritasunaren trantsizioan duten egitekoarekin du lotura. Hirietako espazioak gero eta zaugarriagoak dira trantsizio global handien aurrean (klima, digitalizazioa, demografia) (Elmqvist et al., 2019). Aldaketa horietatik eratorritako arazoak agerian gelditzen dira hirietan. Baina, aldi berean, hiriak funtsezkoak dira trantsizio global horiei aurre egiteko. Hirietako inguruneek testuinguru bakoitzera egokitutako “placed-based” politikak egitea ahalbidetzen dute, trantsizio handietatik eratorritako erronkei tokiko erantzunen bidez eta eragileen arteko elkarlanean aurre egiteko (Vonwirth et al., 2018; Elmqvist et al. 2019; Hajer eta Versteeg, 2019; Kabisch et al., 2019).

Gaur egun, bi oinarri horiek, bakarrak ez badira ere, funtsezkoak dira hirien lehiakortasuneko politikak lantzeko eta kontzeptualizatzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan. Oinarri horiek erakusten digute hiriek berrikuntza politiketan hurbilketa berriekin esperimentatzeko aukera eskaintzen digutela, besteak beste, “Jasangarritasunerako Espezializazio Adimenduneko Estrategiek” proposatzen dutenaren bidetik (lehen S3, orain S4-Smart Specialization Strategies for Sustainability).

Espezializazio adimendunaren hurbilketa berriak Europako eskualdeak gonbidatzen ditu nork bere lurraldeko S3a berraztertzera, berrikuntza politika jasangarritasunaren eta hazkunde inklusiboaren zerbitzura jartzeko eta, horrela, COVID-19aren ondorengo garaietan, enplegua sortzeko aurrekaririk gabeko politika egiteko. Ildo horretatik, bottom-up esperimentazioa indartu nahi da, herritarrek gehiago parte hartzeko, sinergiak bilatuz berrikuntzaren, jasangarritasunaren, azpiegituren eta trebetasunen artean, maila askotako koordinazioan ahalegin handiagoa eginez. Horretarako guztirako, hiriak eskaintzen digun ingurunea oso egokia da. Hain zuzen ere, horrek agerian jartzen du hiriek lehiakortasuneko eta berrikuntzako eskualde politiketan zeresan handia dutela. Orkestran hainbat aurrerapauso eman ditugu eta hirietako lehiakortasunaren esparruan lan egiten jarraitu nahi dugu.

Post honetaz baliatuz, ikertzaileak gonbidatu nahi ditugu hirien lehiakortasunaren konplexutasuna aztertzera, erronka zehatzak eta erronka horien erantzunak landuz, hiriak lurraldeari egin diezaiokeen ekarpena erakusteko. Aurrera!


miren estensoro

Miren Estensoro

Miren Estensoro Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea da eta Deusto Business Schooleko irakaslea. Ekonomian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere aztergai nagusiak tokiko garapen ekonomikoa, lurraldeko gobernantza eta lehiakortasunerako politiken maila askotako artikulazioa dira. 

Perfil osoa ikusi


Mikel Albizu

Mikel Albizu

Mikel Albizu Orkestrako doktorego aurreko ikertzailea da. Gaur egun, doktoregoko ikasketak egiten dituen bitartean, hainbat ikerketa proiektutan parte hartzen du.

Enplegua eta hura bultzatzen duten faktoreak ditu aztergai nagusi, eskualde eta tokiko mailan. Hirigintzaren eta lurralde antolaketaren esparruan ere lan egin izan du.

Perfil osoa ikusi

Etiketa: Enpresa lab-a