2019ko irailaren 24a

Martin Jacobs Entrevista Zorrotzaurre MUCI 3

Martin Jacobs-ek Lehiakortasun eta Berrikuntzako Unibertsitate Masterra hasi zuenean, aparteko interesa zuen enpresa sektoreari zuzendutako berrikuntzaren esparruan, testuinguru horretatik zetorrelako. ”Hala eta guztiz ere, oso interesgarria iruditu zitzaidan alor berri batean sartzea, hala nola lurralde-lehiakortasunaren garapenean. Asko gustatu zitzaidan masterrean alor horri buruz ikasteko aukera izatea”. Horregatik, eta zerbait ezberdina egitearren, praktikak eta master amaierako proiektua lurralde-lehiakortasunera bideratzea erabaki zuen. Miren Estensoro, bere irakaslea izan zena, proposamen batekin etorri zitzaion. Bilboko Zorrotzaurreko auzoarekin lotutako ikerketa-ekintza prozesua hasi berria zen, Bilbao Next Lab-ek Zorrotzaurre bere eremuen artean hartu ondoren. Bilboko ordezkariek, ikertzaileekin batera, tokiko erronka nagusiak identifikatu zituzten. Hurrengo urratsa, ordea, horiei konponbidea emateko tresnak eta irtenbideak bilatzea zen. “Mirenek proiektua azaldu zidan eta elkarrekin hitz egin genuen. Oso itxura ona hartu nion eta horri ekitea erabaki nuen.”

Emaitza ”Hiri adimendun bat garatzea Zorrotzaurren, Bilbon” (originala ingelesez) izan da, Martinek duela egun batzuk defendatutako master amaierako proiektua. Harekin mintzatu gara eta pozik kontatu digu zertan datzan proiektua, nola lagundu dion Lehiakortasun eta Berrikuntzako Unibertsitate Masterrak eta zer egitasmo dituen etorkizunerako.

"Lanaren emaitzek egungo eztabaidetarako oinarri gehiago eman ditzaten espero dugu; esate baterako, Zorrotzaurren zer egin litekeen ikuspegi zabala izatea"

Zure lanaren izenburuak proiektuaren ikuspegiaren ideia bat ematen digu, baina zer da zehazki ikertu zenuena?

Bilboko ordezkariek, ikertzaileekin batera eta Bilbao Next Lab proiektuaren barruan, Zorrotzaurreko garapenari lotutako zenbait erronka eta lan arlo zehaztu zituzten. Horretan oinarrituta, smart city edo hiri adimendun baten garapenari buruzko marko teoriko bat aztertu nuen eta identifikatutako erronka zehatzei erantzun liezaieketen kasuen analisia egin nuen. Azkenean, marko teoriko hori kasuen azterketaren emaitzekin lotu nuen, Zorrotzaurre inguruan garapen handiagoa nola lor daitekeen modu holistikoan ulertzeko.

Sei hiri hautatu zenituen ikerketa egiteko. Zer irizpide erabili zenuen hiri horiek aukeratzerakoan?

Analisiaren ardatza sei hirietako auzo zehatzak dira. Lehenik eta behin, aztertutako auzoek nolabaiteko izen ona izan behar zuten zenbait esparru edo sektoretan; esaterako, talentu-sorkuntzan. Horrez gain, hiriko garapen ekonomikoaren estrategiarekin lotura izan behar zuten. Bestalde, antzekotasunen bat ere izan behar zuten Zorrotzaurrerekin; adibidez, azpiegituretan. Dena dela, antzeko estiloko auzoak aztertu nahi genituen arren, kasu ezberdinak ere ikusi nahi genituen. Hanburgokoak eta Rotterdamekoak, adibidez, enpresa multinazional gehiago erakartzen dituzte. Oportokoak eta Bartzelonakoak, berriz, berrikuntza sistemari jartzen diote arreta.

Zergatik aztertu zenituen Zorrotzaurre ez bezalako auzoak?

Definitutako erronkak eta interes arloak kontuan hartuta, Zorrotzaurreko ikuspegia koherenteagoa zen berrikuntza sistemaren ikuspegiarekin. Hala ere, garrantzitsua zen bi ikuspegi ezberdin horiek erronka horietan guztietan zelan eragiten zuten ikustea, baita uhartearen garapenean zer nolako eragina izan zezaketen ere.

Zerbaitek harritu zintuen?

Ikerketak hartu zuen norabidea espero nuena izan zen. Hala ere, zenbaitetan, harrigarria egin zitzaidan emaitzak hain argiak izatea eta erronketan identifikatutako puntu ezberdinak (talentu-sorkuntza, kudeaketa, etxebizitza, mugikortasuna, etab.) elkarren artean hain lotuta egotea. Zentzu horretan, oso irudi holistikoa azaltzen zaigu eta puntu bakoitzak eragin handia dauka gainontzeko puntuetan. Adibide bat jartzearren: garapen ekonomikorako laborategi biziak eskaintzen duen ikuspegia guztiz lotuta dago kudeaketa-prozesuarekin, oso zabala baita. Hori guztia oso interesgarria eta harrigarria iruditu zitzaidan.

Nola laguntzen dio horrek ikerketa-ekintza prozesuari?

Martin Jacobs Thesis presentation WEB

Lanaren emaitzek egungo eztabaidetarako oinarri gehiago eman ditzaten espero dugu; esate baterako, Zorrotzaurren zer egin litekeen ikuspegi zabala izatea. Ondoren, hiri-ordezkariak ikertzaileekin eztabaidan arituko dira, irtenbide horietako batzuk ezar daitezkeen ikusteko.

Aukera izango duzu ikasitakoak partekatzeko prozesuaren baitan dauden alderdi interesatuekin?

Urrian batzar bat egongo omen da. Nik horretan parte hartzea espero dut. Horixe da gure asmoa: proiektuaren emaitzak aditzera ematea.

Master Amaierako Lana egiteko, nola erabili zenituen Lehiakortasun eta Berrikuntzako Unibertsitate Masterrean garatutako ezagutzak eta gaitasunak?

Ikerketa-ekintza prozesuei dagokienez, prozesuak eurak nola gauzatu eta gobernantza prozesuak zelan fazilitatzen diren ulertzeko balio izan zidan ikasitakoak. Berrikuntzari dagokionez, ordea, masterrean landutakoa baliagarria izan zitzaidan berrikuntza erakunde emergenteen eta lurralde-lehiakortasunaren inguruko sistemen beharrak ulertzeko.

Lehiakortasun eta Berrikuntzako Unibertsitate Masterra burutu duzu. Zein da zure hurrengo egitasmoa? Zein izango da zure hurrengo lana edo zertan gustatuko litzaizuke jardutea?

Azarotik aurrera, nire asmoa da enpresei hasten laguntzen dien aholkularitza etxe batentzat lan egitea. Hain zuzen ere, enpresa-prozesuetan adimen artifiziala ezartzearekin lotutako zerbitzuak eskaintzen ditu aholkularitza horrek. Logistika sektoreari zuzendutako karbono isurketen datuak bilduko dituen plataforma bat eratzeaz arduratuko naiz, Hanburgon logistika sektorea handia da eta. Ez du zerikusirik orain arte egin dudanarekin. Lehen, kontu giltzarrien kudeaketan ziharduen multinazional japoniar batentzat egiten nuen lan; oraingoan, ordea, proiektu eta negozioen garapenean arituko naiz, eta halako lanak lotura handiagoa du teknologiarekin eta egituratuagoa da.

Zure ustez, Master Amaierako Lanean ikasitako alde guztietatik zein izango da esanguratsuena zure etorkizuneko ibilbidean? Eta Lehiakortasun eta Berrikuntzako Unibertsitate Masterrean ikasitakoetatik?

"Master Amaierako Lanean oso interesgarria iruditu zait ikustea gobernantza konplexu prozesuek nola funtzionatzen duten, baita ikerketa-ekintza prozesuen marko teoriko eta analitikoaren arteko loturaz ohartzea ere"

Master Amaierako Lanean, oso interesgarria iruditu zait ikustea gobernantza konplexu prozesuek nola funtzionatzen duten, baita ikerketa-ekintza prozesuen marko teorikoaren eta analisiaren arteko loturaz ohartzea ere, ekintza-parte hartzea-ikerketa hirukotean oinarrituta. Hori guztia, beraz, guztiz garrantzitsua izan zen nire proiekturako. Orobat, ikerketaren oinarrien gaineko elkarrizketak egiten eta xehetasunak bilatzen ikasi dut, esate baterako; izan ere, aholkularitzaren ikuspegia eta ikerketaren ikuspegia desberdinak dira.

Lehiakortasun eta Berrikuntzako Unibertsitate Masterrari dagokionez, berrikuntzaren ikuspegiak ziur asko lagunduko nau enpresa baten berrikuntzaren kudeaketa nola egin eta horren lehiakortasuna edo lehiatzeko abantailak zelan kudeaten diren jakiteko, berrikuntzaren dilema baztertzeko, esaterako.

Bestalde, inoiz lurralde-lehiakortasuneko egituren arloan lan egiteko aukera izatea gustatuko litzaidake. Hortaz, datozen hilabete edo urteotan zerbait ezberdina egingo badut ere, ez dut baztertzen egunen batean horretan aritzea berriz ere. Etorkizunean horrekin zerikusia duen zerbait egitea gustatuko litzaidake.