Euskal Autonomia Erkidegoan dugun ongizate mailari eutsi al diezaiokegu energia trantsizioan azkar aurrera egin gabe, alegia, energia berriztagarriek energia mixean duten pisua nabarmen handitu gabe? Ezezkoan nago. Nire ikuspegia azaltzeko, zenbaki batzuk erabiliko ditut.

2,65. Lur planeta kopuru hori beharko genuke munduko biztanle guztiek materialak, energia eta beste baliabide batzuk hemen kontsumitzen ditugun neurrian kontsumituko balituzte, IHOBEk argitaratutako zenbatespenen arabera. “Aztarna ekologikoa” 1era jaitsi nahi izango bagenu (planeta bakarra dugu), gure baliabideen kontsumoa % 62 murriztu beharko genuke. Euskal gizartearen ongizatea, gaur egun, natur baliabideen kontsumoan oinarritzen da.

% 10,1. Euskal Autonomia Erkidegoan 2024an ekoitzi zen lehen mailako energiaren ehunekoa da (ia guztia da berriztagarria. Ehuneko hori Europako batezbestekoa baino txikiagoa da (energia gordinean % 19,5ekokuota zuten berriztagarriek 2023an) eta inportazioekiko dugun mendekotasuna eta berriztagarrien garapen txikia erakusten ditu (Euskal Autonomia Erkidegoan ezarri zen azken parke eolikoa Luzuero Muturrekoa da, Bizkaian, 2006koa, nahiz eta gaur egun beste proiektu batzuk ere badiren, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren barruan, oraindik ere izapidetze bidean). EAEko gaur egungo energia mixak, horrenbestez, berotegi efektuko gasen isuri maila handiak sortzen ditu (neurri batean, industriaren energia kontsumoaren eraginez, baina baita pertsonen eta salgaien garraioaren eraginez ere), eta, gainera, lurraldetik kanpo ekoitzitako energiarekiko mendekotasun handia ekartzen du.

% 21 eta % 27. Hurrenez hurren, Euskal Autonomia Erkidegoak 2005-2022 tartean izan duen BPGaren hazkundea eta berotegi efektuko gasen isurien murrizketa dira. Hau da, hazkunde ekonomikoaren bilakaera isurien bilakaeratik “bereizten” ari da, nahiz eta oraindik bide luzean dagoen egiteko, bai isuriak murrizteari eta bai baliabideen erabilerari dagokionez. Beraz, aukera dugu balio ekonomikoa sortzen jarraitzeko, ingurumenaren ikuspegitik, gero eta modu jasangarriagoan.

Zenbaki horiek guztiek aukera ematen digute gizarte gisa dugun dilema honi erantzun bat bilatzeko, bereziki Euskal Autonomia Erkidegoan energia azpiegituren proiektuen (eta, oro har, edozein azpiegituraren) kontra dauden herritarren proportzioa handitzen ari denean.

Sinplifikatuz, eta datozen urteei begira, Euskal Autonomia Erkidegoan energia trantsizioaren (edo trantsizio jasangarriaren) bilakaeraren hiru agertoki identifika ditzakegu. Politika, enpresa eta gizarte arloetan erabakiak hartzeko eskumena duten pertsonek gai horren inguruko jarrera argi bat hartu beharko dute, eta herritarrei xehetasunez azaldu beharko dizkiete jarrera horren arrazoiak.

  1. Lehen agertokia orain arte bezala jarraitzea da, energia trantsizioan urratsez urrats aurrera eginez, baina “zero isuri garbien” mugarria, ziurrenik, 2050etik aurrera atzeratuz. Horrek planetaren batez besteko tenperaturaren igoera 3 ºC ingurukoa izatea ekarriko luke (egungo joeraren arabera). Gizarte gisa, hori nahi al dugu?
  2. Bigarren agertokiak hazkundea “planetaren jasangarritasun” mailak lortu arte txikitzea esan nahi du (hau da, aztarna ekologikoa 1 izan arte edo 1 baino gutxiago izan arte, ontzat ematen badugu planetan gutxien garatutako lurraldeek baliabide gehiago beharko dituztela herritarrek ongizate maila onargarriak lortzeko). “Desazkunde” horrek natura baliabideen kontsumoa nabarmen murriztea esan nahi du (horien artean, energia dago) eta, funtsean, azken hamarkadetan izan dugun ongizate materialaren mailarekin bizitzeari uztea. Hau da, gutxiago kontsumituko dugu, gutxiago mugituko gara beste leku batzuetara eta gutxiago bidaiatuko dugu, eta jarduera askori uko egin beharko diegu, gehiegizko “aztarna ekologikoa” sortzen dutelako. Bideragarria al da aukera hori, eta aurre egin al diezaiokegu horrek dakarren kostu ekonomiko eta sozialari?
  3. Hirugarren agertokiak energia trantsizioan eta energia mix garbian azkar aurrera egitea esan nahi du, balio ekonomikoaren sorkuntza eta ingurumen eragina behin betiko bereizi ahal izateko. Horretarako, energia berriztagarriak zentzuz baina tinko hedatu behar dira, ingurumen eskakizunak arindu gabe (Europako araudian aurreikusitakoak, esate baterako). Energia berriztagarri elektrikoekin batera, beste erregai berriztagarri batzuk (horien artean, hidrogenoa edo bioerregaiak) eta beste teknologia batzuk (“isuri negatibokoak”, adibidez) erabili beharko dira, elektrifikazioa iritsi ezin den lekuetan.

Agertoki horrek ekoizpen eta kontsumo eredu arduratsuagoa, efizienteagoa eta zirkularragoa garatzea ere eskatzen du, baita baliabide mota guztiak efizientzia handiagoz erabiltzea ere, pizgarri, zigor eta arauen sistema egoki eta orekatu batek lagunduta. Testuinguru global ekonomikoa eta geopolitikoa konplexua den une honetan, berrikuntzako eta teknologia eta soluzio garbietan espezializatzeko politikak eta programak bultzatu behar dira sektore guztietan, euskal industria lehiakorra eta berritzailea izan dadin.

Nire ustez, gure ongizatea (eta datozen belaunaldiena) babesteko alternatibarik arrazoizkoena azken hori da, jakinik ingurumenaren ikuspegitik jasangarria izango den ekonomia baterako trantsizio prozesua konplexua dela eta sakrifizio batzuk ere eskatuko dituela (esate baterako, berrikuntzan baliabide gehiago inbertitzea eta energia sareak eta beste azpiegitura batzuk garatzea, lurraldearen lehiakortasunari bultzada bat emateko. Horrekin batera, gure kontsumo kultura aldatzea ere eskatzen du, neurri batean).

Energia berriztagarriek EAEko energia mixean pisu handiagoa izateak berotegi efektuko gas isuriak murrizteko helburuan aurrera egitea esan nahi du eta, aldi berean, industria enpresa askoren lehiakortasunari eusten laguntzea, energia kostuak txikiagoak izango direlako eta ekoizpen prozesuak deskarbonizatzeko eta ingurumenaren aldetik jasangarriak diren ondasun eta zerbitzuen merkatuetan modu lehiakorrean kokatzeko aukera handiagoak sortuko direlako.

Energia trantsizioa errealitate bihurtzeko, energia berriztagarrien proiektuek eta haiekin lotura duten azpiegiturek gizartean duten onespena areagotu behar dugu. Horretarako gizarte akordio handiak behar dira, energia berriztagarriak gehiago hedatzeko, kostu eta onura guztiak aztertuta, tokian tokiko komunitateak modu egokian konpentsatu beharko direlako eta “eraikitako ingurunea” ahalik eta ongien aprobetxatu beharko delako, ingurumen eragina minimizatzeko. Energia berriztagarrien garapenari kontra egiteak, gizarte akordio handi horiek lortzeko gai ez garelako, klima aldaketaren eragina larriagotuko du, eta ezagunak dira horrek ekar ditzakeen ondorio kaltegarriak.


Jorge Fernández PEQUEÑA03

Jorge Fernández

Jorge Orkestrako energia arloko ikertzaile seniorra eta koordinatzailea da, 2018ko martxoaz geroztik. Ekonomian doktorea Georgetowngo Unibertsitatean (Washington DC), esperientzia profesional zabala du energia sektorean.

Profila ikusi