Gizarteak energia berriztagarrietako proiektuak onartzearen erronkak gero eta garrantzi handiagoa du, eta hainbat eremutan eztabaidatzen da horren inguruan, baita zineman ere. Izan ere, nahiz eta pertsona gehienok argi dugun energia berriztagarriak garrantzitsuak direla ekonomia deskarbonizatzeko eta klima aldaketaren mehatxuari aurre egiteko, agian inori ez zaio gustatuko haize sorgailu bat bere etxeko lorategian jartzea edo begi aurrean duen paisaia aldatzea.

Herritarrak proiektu horien kontra ager daitezke, neurri handiagoan edo txikiagoan, edozein eskema erabilita ere, izan erakunde sustatzaileek bideratutako egitasmoak, izan energia komunitateen bidez bultzatzen diren energia garapeneko edo herritarrak protagonista dituzten autokontsumo partekatuko planteamendu alternatiboak. 

Halakorik gertatzen denean, kontrakotasuna not in my backyard (NIMBY) kontzeptutik harantzago doa; hori ez baita herritarrek energia berriztagarrien garapenekiko duten erresistentzia azaltzen duen faktore bakarra. Hortaz, arrazoi hori gizarte arazo honen azalpen sinplista izan daiteke. Proiektu horiek gizartean onarpenik ez izatearen atzean, askotan, beste arrazoi bat ere badago: pertsonek hautematen dute proiektuaren onurak eta kostuak ez direla zuzen banatzen erakunde garatzaileen eta proiektua gauzatuko den komunitatearen artean.

Komunitateentzako onurak

Nolanahi ere, beharrezkoa da energia berriztagarriak hedatzen jarraitzea, energia trantsizioa lortzeko. Energiari dagokionez, trantsizioak bidezkoa izan behar du eta horrek eskatzen du energia zerbitzuen onuren eta kostuen banaketa bidezkoa sustatzea. Gainera, energiaren inguruko erabakiak hartzeko prozesuak ordezkagarriagoa eta inklusiboagoa izan behar du.

Horregatik, beharrezkoa da gizartearen eta energia berriztagarrietako azpiegiturak hartuko dituzten udalerrien ongizate orokorrari lagunduko dioten akordioak lortzea.

Akordio horiek bultzatzen dira energia berriztagarriak klima aldaketaren aurka borroka egiteko eta energia mendekotasuna gutxitzeko beharrezkoak izateaz gainera, kokatuko diren herrietan askotariko onurak ekarriko dituztela argi dagoenean.

Proiektu berriztagarriek garapen ekonomikoa sustatzen dute, tokiko ondasunak eta zerbitzuak erosten, lurrak alokatzen eta enplegua sortzen dutelako eta, horrela, tokiko enpresa sarea mantentzen eta sortzen laguntzen dute. Gainera, zergei esker, udalerriaren diru sarrerak handitu egiten dira eta hori bide garrantzitsua da herriko zerbitzuak eta hornidura hobetzeko. Biztanle gutxien dituzten eremuetako aktibazio ekonomiko horrek ere eragin positiboa izan dezake demografian. 

Proiektuak sustatzen dituzten erakundeek (defendatzen duten eskema edozein dela ere, energia komunitateak edo energia antolatzeko beste modu batzuk barne) gizartearen onarpena landu dezakete, besteak beste argindarraren faktura murriztuz edo komunitatearentzako ondasun edo zerbitzuekin konpentsatuz. Paraleloan garatzen diren beste proiektu batzuekin sinergiak izan ditzakete, horien artean, lurzoruaren erabilera partekatua instalazioa tokiko jarduera ekonomikoekin integratzeko (nekazaritza, erlezaintza, abeltzaintza, basoen kudeaketa edo turismoa).

Informazioa eta parte-hartzea 

Onura ugari izan arren, proiektuei “ezetz” esateak zerikusia du herritarrei proiektuen ezaugarriei eta onurei buruzko informazio nahikoa ez ematearekin edo informazio hori une egokian ez ematearekin. Era berean, erabakietan parte hartzeko aukerarik eta alternatibarik ez izateak erakunde garatzaileenganako konfiantza eza ekartzen du.

Hori dela eta, proiektuak diseinatzean, ez da nahikoa bideragarritasun ekonomikoa eta teknikoa kontuan hartzea. Bideragarritasun soziala edo “jarduteko gizarte lizentzia” edukitzea ere ezinbestekoa da, eta hori eraikitzeko komunitateari proiektuaren hasieratik inplikatzeko aukera eman behar zaio, pertsonek proiektuaren jabetza psikologikoaren sentimendua gara dezaten.

Jabetza psikologikoa lortzeko hainbat mekanismo erabil daitezke: jabekidetza, proiektuetan hasierako etapetatik aktiboki parte hartzea (bottom-up ikuspegia, herritarrei aukera ematen diena proiektua garatzen duten erakundeekin eta erakunde publikoekin eztabaidatu eta elkarlanean aritzeko), proiektuaren alderdi guztien inguruko (teknikoak, ekonomia eta finantzetakoak eta ingurumenekoak) komunikazio eta informazio estrategia eraginkorrak, edo proiektuak tokian tokiko ezaugarri eta behar berezien arabera diseinatzea.

Ildo horretatik, gizartearen onarpena eta proiektuetan parte hartzea lortzeko bide bakarra ez badago ere, hainbat jardunbide egoki aipa ditzakegu, komunitatearen babes handiagoa lortzeko eta haren ongizatea bermatzeko. Horiek guztiak sakon garatu ditugu proiektuen gizarte onarpenari buruzko gure txostenean.

Guztion erantzukizuna da -erakunde garatzaileena, administrazio eta erakunde publikoena, gizarte liderrena eta, oro har, herritarrena- behar bezala informatuta egotea eta elkarrekin lan egitea, energia trantsizio zuzena, bidezkoa eta efizientea lortzeko.


aitziber elola

Stephanía Mosquera López 

Stephania Orkestrako Energia eta Ingurumeneko Laborategiko ikertzailea da, 2022ko azaroaz geroztik. Ekonomian lizentziaduna da, Ekonomia Aplikatuko masterra du eta Ingeniaritzan doktorea da (Industria Ingeniaritzako aipamena), Kolonbiako Universidad del Valle erakundean.

Energia merkatuak ditu aztergai nagusi, bereziki elektrizitatearen eta gas naturalaren prezioen egitura, merkatuetako arriskuen neurketa eta kudeaketa eta klima aldagaien eragina.

Perfil osoa ikusi