Lehiakortasunari buruzko Draghi txostena (laburpena hemen) ikuspegi tradizionaletik egindako Europako lehiakortasunaren azterketa on eta oso bat da. Zergatik diot ikuspegi tradizional batez egina dagoela? Bada, lehenik eta behin, Draghiren txostenaren arabera lehiakortasunaren azken helburua hazkunde ekonomikoa delako. Bigarrenik, gizarte- eta ingurumen-dimentsioak ekonomiaren mende daudelako; eta, are gehiago, hazkunde ekonomikoa beharrezkoa delako gizarte eta ingurumen alorretan aurrera egiteko. Hirugarrenik, horrekin bat etorriz, lehiakortasunaren oinarrizko adierazleak per capita BPG eta produktibitatea direlako. Laugarrenik, produktibitatearen oinarria berrikuntza teknologikoa delako, funtsean I+Garen bidez lortua; eta aurrerapen teknologikoa berez ontzat jotzen delako, eta izaera neutralekoa. Bostgarrenik, lehiakortasunerako erreferentzia-eredu nagusia (edo are bakarra) AEBena delako. Seigarrenik, lehiakortasun-analisiak eta -gomendioak teknikariek edo aholkulariek egiten dituztelako eta top-down logikari erantzuten diotelako. Zazpigarrenik, batez ere haien sorreran, lehiakortasunaren analisiak herrialdeetan zentratzen direlako, errealitate subnazionalari muzin eginda.
Draghi txostenari bete-betean aplikagarri zaion XX. mendeko kontzepzio tradizional horren aurrean, lehiakortasunerako hurbilketa aurreratuagoak garatu dira (ikus, adibidez, ESIRena edo Orkestrarena). Lehiakortasun-eredu aurreratu berri horien arabera, lehen-lehenik, helburua ongizatea (edo garapen jasangarria) da. Bi, hiru dimentsioak (ekonomikoa, gizartekoa eta ingurumenekoa) funtsezkoak direnez, ez dira planetako mugak gainditu behar, ezta gizarte-itopuntu jakin batzuen azpitik geratu ere. Hazkunde ekonomikoa bitarteko bat baino ez da, ez helburu bat; eta, gainera, ez da beti ezinbestekoa ongizate-maila hobetzeko. Hiru, BPGak eta produktibitateak ez dute beti behar bezala neurtzen ongizatea, horretarako ongizaterako onak ez diren gauzak barne hartzen dituztelako (adibidez, gerrei lotutako gastua) edo ongizaterako garrantzitsuak diren gauzak kontabilizatzen ez dituztelako (adibidez, merkataritzakoak ez diren zaintzak). Lau, berrikuntza teknologikoa bezain garrantzitsuak dira beste berrikuntza mota batzuk (antolakuntzakoa, komertziala, instituzionala edo soziala); teknologia edo berrikuntza oro ez da berez ona, eta teknologia ez da neutrala eta alborapenak ditu (adibidez, ingurumenean edo gizartean). Bost, lehiakortasun eredu bakarra ez dago: errenta-maila handia lortu daiteke bai eredu amerikarrarekin bai Europako iparraldeko ereduarekin. Sei, ikuspegi berri horretan, lehiakortasuneko analisiak eta gomendioak partaidetza-prozesuen emaitza gisa sortu behar dira, top-down eta bottom-up ikuspegiak konbinatuz. Zazpi, analisiak hainbat mailatarako (tokikoa, erregiokoa, estatukoa, Europakoa...) eta eragileetarako planteatu behar dira.
Draghi txostenak azpimarratzen dituen Europako ereduaren ahultasun gehienak (EBk AEBekiko duen berrikuntza-aldea, bere mendekotasun geopolitikoa, EBk duen integrazio eskasa...) askok déja vu edo jakinak zirela kontsideratzen dute. Hori bai, Draghiren txostenean ahultasun horiek denak elkarren ondoan aurkezten dira, arazo existentzial eta hil edo biziko baten osagai gisa, Draghik lortutako ospeak edo aitorpenak eta Europako Batzordeko presidentearen babesak lagunduta. Are gehiago, ongizaterako edo garapen iraunkorrerako funtsezko diren hainbat faktore ez ditu kontuan hartzen. Hala ere, Draghiren txostenak zenbait eraldaketa positibo ere planteatzen ditu, EB desabantaila-egoera horretara eraman duen status-quoa haustea ahalbidetuko luketenak. Bereziki, Draghiren txostena ongi etorria da:
- austeritatearen ortodoxia zalantzan jartzeagatik (urtero BPGaren % 5 eragingo duen inbertsio-plan bat proposatuta),
- EBk esku hartzeko estrategiak eta industria-politika berri bat bultzatzeko beharra planteatzeagatik (industria-politikaren ohiko tresnak lehiarako, kanpo-merkataritzarako eta erregulaziorako politikekin konbinatuko dituena), eta
- EBren integrazioa indartu nahi izateagatik, bai merkatuena (barne-merkatu bakarra burutuz, kapitalen merkatu europarra bultzatuz...), bai gobernantzarena eta politikena (aurrekontu komunitario handiagoa, erabaki-arauen aldaketa...).
Egia esan, txalotu eta babestu beharko liratekeen ekarpen horiekin batera, badira eztabaidagarriagoak liratekeen beste alderdi batzuk ere (adibidez, inbertsio handi horren zati handi bat defentsako gastu militarra handitzeko erabiliko litzateke).
Draghi txostenak erreakzio desberdinak eragin ditu. Ekonomialari eta politikari neoliberalak (gehiengoa, adibidez, Alemanian) aurka agertu dira neurri handi batean, uste baitute (i) inbertsio-plan handi horrek interbentzionismo handiagoa ekarriko lukeela, (ii) EBk halako tamaina duen inbertsioa eraginkortasunez gastatzeko gaitasunik ez duela, (iii) EBk zor publikoa maila jasangaitzean jaulki beharko lukeela eta (iv) inflazioa ekarriko lukeela. Neoliberalak lehia-politika lasaitzearen edo txapeldun nazionalak sortzeko industria-politika berriak bultzatzearen aurkakoak ere badira. Hala ere, neoliberalek txostenean proposatutako karga burokratikoen eta erregulatzaileen murrizketak txalotzen dituzte.
Mugimendu ekologistek eta sozialek Draghiren txostenaren aurkako jarrera agertu dute nagusiki, lehiakortasun-eredu aurreratu baten berezko alderdi sozialak eta ingurumenekoak behar bezala ez jasotzeagatik eta efizientzia hobetzeko neurriak soilik proposatzeagatik, nahikotasunari eragiten diotenak ahaztuta. Gainera, beldur dira erregulazioan eta lehia politikan malgutasunez jokatzea eta txostenak aldarrikatzen dituen korporazio handiei babesa ematea, ez ote doazen kontsumitzaileen, langileen eta enpresa txiki eta ertainen aurka. Era berean, Draghik planteatutako defentsako gastua handitzearen aurkakoak dira, eta beldur dira txostenak proposatzen dituen inbertsio berriak ez ote diren izango kohesiorako erregio-politiken, EBren Nekazaritza-politika bateratuaren eta gizarte-babesaren kontura. Hala ere, mugimendu hauek txalotu egiten dute inbertsioa handitzea (adibidez, ekonomiaren deskarbonizazioan) eta soldata baxuetan oinarritzen ez den lehiakortasuna planteatzea.
Analista askok, txosteneko funtsezko proposamen askoren aldekoak izan arren, gaur egun burutu ezinak jotzen dituzte. Haien ustez, Alemaniak eta beste zenbait herrik ez dute onartuko zorraren jaulkipen komuna edo halako inbertsio komunitario handia finantzatzea; proposatutako politika askok EBko Itunetan aldaketak egitea eskatzen dute, eta horiek ez dira posible; txostenak urgentziazko giroa sortzeko ahaleginak egin arren, Europako ekonomiak ez du bizi krisi errealik, 2012an edo COVIDekin bizi izan ziren bezalakoak; eskuin muturraren eta populismo nazionalen igoera Europako integrazioa indartzearen aurkakoa da; EBko erdialdeko herrialdeetan ez dago liderrik (Merkel izan zitekeen bezala) eraldaketak gidatzeko gai denik...
Laburbilduz, nire ustez, Draghi Txostena urrun dago ingurumenaren, desberdintasunen, nazioarteko testuinguruan pisua galtzearen eta abarren arloan ditugun erronkei benetan aurre egiteko planteatu beharko litzatekeenetik. Baina txostenak planteatzen dituen eraldaketa batzuk bateragarriak dira ildo horretan aurrera egiteko beharko liratekeenekin. Horren aurrean, txostena falta zaionagatik baztertu beharrean (horrek egoera negatibo honetara eraman gaituen status-quoaren indarrak indartu besterik ez bailuke egingo), saia gaitezen txostenak planteatzen dituen eraldaketa positiboen alde egiten. Lehiakortasunerako hurbilketa tradizional bat deitu dudanaren eragin positiboa lehiakortasun-eredu aurreratu batena baino txikiagoa den arren, ezin da ukatu oraindik okerragoa dela inolako lehiakortasun-ikuspegirik edo -eredurik ez izatea eta orain arte bezala jarraitzea.
Draghi Txostenaren beste balorazio kritiko batzuetan interesa duenak, Orkestraren gai honi buruzko beste bi postez gain (ikus Kamp eta Gaztañaga), Hickel, Piketty, Banchard eta Ubide, Orange, von Thun eta Cafarraren postak kontsulta ditzake.