Bada Gavilan-ek (2003) jasotzen duen istorio labur bat, zera dionena. Gau batean kamioi gidari bat bidean doala gurpila lehertzen zaio. Konpontzen hasi eta konturatu da gizona ez duela katurik eta erabaki du gertu dagoen herrixka batera joango dela. Izan ere bada bertan ezaguna duen mekaniko bat. Bidea luzea da eta buruari bueltaka hasteko beta ematen dio.“Eta mekanikoa gaueko ordu hauetan esnatu dudalako haserretzen bazait? Seguruenik petraldu eta ez didala lagunduko esango dit. Gainera, ez nauela oso gogoko uste dut, aurrekoan agurrik ere ez zidan egin. Zatarkeriaren bat esan eta katurik gabe utziko nau”. Kontu hauek buruan dituela iritsi da gizona mekanikoaren atera. Txirrina jo orduko, hor ateratzen da mekanikoa logale aurpegiarekin. Baina agurtzeko ere tarterik eman gabe zera botatzen dio kamioi gidariak: Badakik zer esaten diadan? Sartzeko katua nahi duan lekutik!
Chris Argirys-ek akademian ezagunagoa den kontzeptua proposatu zuen era honetako prozesuetarako: inferentziaren eskailera. Honen bidez azaldu zuen nola zuzenean ikusten dugun zerbaitetik abiatuz, informazioa gure usteen arabera filtratzen dugun. Informazio horri esanahia eransten diogu eta esanahi horren araberako ustezko ondorioak onartzen ditugu. Ondorio hauek sinesten ditugu eta sinesmenak gidatzen du gure ekintza. Esan genezake, beraz, kamioi gidaria Argirys-en inferentziaren eskaileran gora joan zela.

Chris Argirys-en inferentziaren eskailera (Itzulia).
Azken aldian sarri aritzen gara akordioak lortzearen garrantziaz. Akordioak gobernuak osatzeko, enpresen iraunkortasuna bermatzeko, berritzeko, nazioartekotzeko… Ahoz aho darabiltzagu kolaborazioa, elkarlana, kogenerazioa. Baina beti al dira posible? Beti ematen al dira baldintza egokiak hauei guztiei ekiteko?
Erantzun borobilik ez daukat, noski, galdera honentzat. Baina bada hilabete hauetan lantzen ari garen ideia bat. Bakoitza eskailera baten muturrean bagaude, nekez ulertuko dugu elkar. Ondorioz, elkarlanerako metodologiaren abiapuntuan eskaileratik jaitsi eta elkar topatzeko momentu bat egon behar du. Baina, nola jaitsi eskaileratik? Izan ere bakoitzari geuk sinesten duguna egia iruditzen zaigu eta besteak diona kasurik onenean gaizkiulertua, informazio falta, ulertzeko gaitasun eza eta txarrenean interes hutsa edo gaiztakeria. Bada, erremedioa sinplea bezain mingarria da. Entzun aurrean dugunari, baina ez sarri ohi dugun moduan, erantzuna prest izanda. Entzun sinetsiz bere egiaren bertsioa gurea bezain egiazkoa dela.
Gure kamioi gidariak ere horixe egin izan balu, nork daki, agian kafe bero bat hartu eta katua eskuan egin izango zukeen bueltako bidea.

Miren Larrea
Miren ikertzaile seniorra da Orkestran eta irakaslea Deusto International Research School-en (DIRS). Lurralde Garapenerako Ekintza Ikerketaren bultzatzaileetako bat da. Berau lurraldeko aktoreekin jakintza ko-sortzen laguntzen duen ikerketarako metodologia bat da, eta arazo konkretuen inguruan prozesu parte-hartzaileak bultzatzen ditu. Gobernu maila desberdinekin elkarlanean arituz sakondu du metodologia honetan eta horrela landu ditu, lankidetzazko gobernantzaren bidez, enpresen lehiakortasunari, pertsonek lanean duten ongizateari edo kultura politiko berri bati loturiko politikak. Ekintza-ikertzaile moduan ekarpena egin dio Gipuzkoan garatu den lurralde garapenerako gobernantza berriari.
Egile honen artikulu gehiago
-
2026-03-08
Genero arrakala emozioen ispiluan -
2025-03-03
Nork erabakitzen du gure ikerketa feminista den? -
2021-03-08
Ez da adeitasuna ez apaltasuna, emakumezko estrategia eta lidergoa da -
2020-04-13
Erresistentzia garaian lerro batzuk epe luzeari buruz -
2017-07-13
Bidaia bat eta liburu bat, lurralde garapenerako bestelako proposamen bat. Gurekin etorri nahi duzu?