Azken bi urte hauetan Arantzazulab eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutua lankidetzazko gobernantza eta generoaren gaia lantzen aritu gara. Proiektuaren berri bi posten bidez eman genuen, zer eta nola egitekotan ginen aurreratuz.
Prozesuari nire ekarpen nagusia ekintza-ikerketaren bidez egin diot eta, ondorioz, fokoa esperientzia konkretuetan jarrita aritu naiz. Horietatik abiatuta, testigantzaz testigantza, sareak ehundu ditugu komunitate, lurralde eta gizateria moduan gertatzen zaigunaz hausnartzeko. Aldi berean, sare hori ispilu ere bilakatu da, gutako bakoitza bertan begiratzera gonbidatuz.
Esperimentazio prozesu honetan herrialde eta adin desberdinetako pertsonekin hitz egin ahal izan dut, elkarrekin haien esperientziak testigantza laburretan jasotzeko. Hasi orduko konturatu ginen hau ez zela ohiko “analisiak” egiteko materiala. Ondorioz, artearen bidezko ekintza-ikerketan inspiratuta, irudiak erabiltzen hasi nintzen parte hartzaileei itzulketa egiteko. Hasieran Interneten aurkitutako irudiak izan ziren, ondoren neuk egindako marrazkiak. Erantsitako bideoa ko-sorkuntza prozesu horren emaitza bat da, bertan testigantzak eta irudiak uztartu ditugu, eta haien eskutik arrazoiak eta emozioak.
Orain, idazteari utziko diot. Izan ere, nire hitzekin egindakoa deskribatzen jarraitzeak bideoa eraikitzerakoan izan dugun espiritua ukatuko luke. Besterik gabe, estekan klikatu eta ispilu horretan zeure burua begiratzera gonbidatzen zaitut.

Miren Larrea
Miren ikertzaile seniorra da Orkestran eta irakaslea Deusto International Research School-en (DIRS). Lurralde Garapenerako Ekintza Ikerketaren bultzatzaileetako bat da. Berau lurraldeko aktoreekin jakintza ko-sortzen laguntzen duen ikerketarako metodologia bat da, eta arazo konkretuen inguruan prozesu parte-hartzaileak bultzatzen ditu. Gobernu maila desberdinekin elkarlanean arituz sakondu du metodologia honetan eta horrela landu ditu, lankidetzazko gobernantzaren bidez, enpresen lehiakortasunari, pertsonek lanean duten ongizateari edo kultura politiko berri bati loturiko politikak. Ekintza-ikertzaile moduan ekarpena egin dio Gipuzkoan garatu den lurralde garapenerako gobernantza berriari.
Egile honen artikulu gehiago
-
2025-03-03
Nork erabakitzen du gure ikerketa feminista den? -
2021-03-08
Ez da adeitasuna ez apaltasuna, emakumezko estrategia eta lidergoa da -
2020-04-13
Erresistentzia garaian lerro batzuk epe luzeari buruz -
2017-07-13
Bidaia bat eta liburu bat, lurralde garapenerako bestelako proposamen bat. Gurekin etorri nahi duzu?