Azken asteetan sarri entzun dugu mundua ez dela berdina izango COVID-19ak sortutako krisi honen ondoren eta ez garela lehengo “normaltasunera” itzuliko. Elkarrekin egoteko, lan egiteko, ikasteko, erosteko, elikatzeko, bidaiatzeko moduak eraldatzen ari gara eta zenbait alorretan eraldaketa hauek hoberako izan daitezkeela esan digute. Baina, bene-benetan, gogoz al gaude eraldaketa sakon bati heltzeko? Edo, esanak esan, bene-benetan nahi duguna lehen bait lehen COVID-19 aurreko normaltasunera itzultzea da?

Behin irakurri nuen historian zehar izan diren eraldaketa sakonen protagonistak ez zirela kontziente momentu hartan bizitzen ari zirenaren benetako izaeraz. Ez zutela eraldaketa hura guk orain denborak eta azterketak ematen diguten zehaztasunarekin ikusi. Etorkizunean historiak jarriko du krisi hau ere bere tokian, baina guk orain -ezinbestean- lausoa den argazki batean oinarrituta hausnartu, erabaki eta gauzatu beharko dugu eraldaketa.

COVID-19aren krisitik irabazten atera daitekeen alor bat ingurumena dela esan denez, emergentzia klimatikoan fokatuko dut nire eraldaketaren inguruko hausnarketa. Azken honi aurre egiteko, hainbat adituren esanetan sakoneko trantsizioak garatu behar ditugu. Azken 250 urteetan gizarte eta ekonomia garapena erregai fosilekiko dependentzian, ekoizpen linealean (atera, erabili eta bota), baliabide naturalen esplotazioan, globalizazioan eta masa kontsumoan oinarritu da, modu ez jasangarrian. Honi erantzuteko, sakoneko trantsizioek erakusten duten bideak barne hartzen ditu karbonoan baxua eta zirkularra izango den ekonomia eta ekoizpen/kontsumorako eredu berriak. Guzti honek tokiko mailaren eta maila globalaren arteko oreka berri bat eskatzen du.

Eta nola lagundu dezake COVID-19ak sakoneko trantsizio hauek garatzen? Duela urte batzuk gogoan gelditu zitzaidan Al Gore, Estatu Batuetako Presidenteorde ohiak aldaketa klimatikoaren inguruan erabili zuen alegoria. Hark esan zuen igel bat ura irakitan duen ontzi batera botatzen badugu, igelak salto egin eta bizia salbatzen duela. Aldiz, igela ur epeletan sartu eta ura pixkanaka berotzen badugu, zer gertatzen ari zaion ohartu gabe hiltzen dela. Gizateria klima aldaketaren aurrean pixkanaka ura berotzen ari zaion igela bezala dela esan zuen.

COVID-19ak ohartzerako jarri du irakitan gure ontziko ura eta lehen kasua identifikatu eta lau hilabetera planeta osoa dago krisian. Politikariei egin zaien kritika nagusia horrelako egoera batetarako prest ez egotea izan da. Hala ere, toki gehienetan gobernuen erabakiak jarraituz, bizitza salbatzeko salto egin dugu, gure egunerokotasuna guztiz aldatuz. Klimaren krisian ordea badirudi ura pixkanaka doala berotzen. Zientzialariek behin eta berriz deskribatu dituzte honek dituen ondorio bortitzak, baina kaltea ez dugu nonbait gertu ikusten. COVID-19aren kasuan zientzialarien gomendioak egun gutxitan politikarien erabakietan eta herritarron jarrera aldaketetan gauzatu diren bitartean, emergentzia klimatikoaren aurrean erabaki eta jarrerak motel ari dira eraldatzen. Galdera bat datorkit burura: klima aldaketak ekarriko dituen heriotzak hain denbora gutxian kontzentratuta eta gugandik hain gertu ikusiko bagenitu, zein hausnarketa egingo genituzke? Zer erabakiko genuke? Nola aldatuko lirateke gure lan egiteko, ikasteko, erosteko, elikatzeko eta bidaiatzeko moduak? COVID-19aren bizipenak bi gauzatan lagundu beharko liguke: urrun somatzen duguna iritxiko dela sinesten eta iritxi aurretik etxeko lanak egiten.

COVID-19aren krisiak badu ikasketa prozesuan laguntzen duen zerbait. Paulo Freire Brasilgo pedagogoari irakurri nion behin Brasilen diktaduratik alde eginez Txilen erbesteratuta zelarik, Brasilgo bizipenak bere gorputzaren memorian zituela eta idazte prozesuak esperientzia horiek berrikusten eta berrikasten lagundu ziola. COVID-19-aren krisi honen esperientzia guztiok dugu jadanik gure gorputzaren memorian, baina horrek ez du esan nahi ikasi dugunik. Freirek idazketa prozesua erabili zuen moduan bizipen haiek berrikusi eta berrikasteko, guk ere zerbait egin beharko dugu. Zer egin dezakegu? Galdera honi lotu nahi diot nire azken hausnarketa.

Orkestran azken hamarkadan eraldaketarako metodologia desberdinak garatu ditugu, eta hauetako bat ikerketa-ekintza da. Gai honen inguruan, besteak beste, AR+ deituriko sarean ari gara lankidetzan eta bertan eredu bat proposatu da emergentzia klimatikoari aurre egiteko beharko dugun jakintza garatzeko. Marko honi eraldaketarako ekintzara zuzenduriko ikerketa (ART- action-oriented research for transformations) deitu zaio. Bertan hiru ardatz jotzen dira gure esperientzietatik ikasteko beharrezkotzat: (a) kontzeptualizazio egokia, (b)espazio erlazionalen kudeaketa eta (c) lankidetzazko esperimentazioa. Gertatzen ari dena gertatzen ari den bitartean guztiz ulertzeko gaitasunik izango ez dugun arren, gure gizartea eta ekonomia aztertzen eta interpretatzen lagunduko diguten marko kontzeptual berriak behar ditugu. Errealitatea betiko betaurrekoekin begiratzen badugu, betiko errezetak jarraituko ditugu eta ezinbestean, betiko normaltasunera itzultzeko saiakerak gailenduko dira eraldaketarako indarren gainetik. Bestalde, espazio erlazionalak behar ditugu, krisiaren konponbideak nekez aurkituko ditugulako bakoitzak geure aldetik. Tokiko mailan hasi eta nazioartean jarraituz, arazoa guztiona da eta guztion artean konponduko dugu, edo ez dugu konponduko. Hori lortzeko gure harreman eta gobernantza ereduak eraldatu beharko ditugu aurrena. Azkenik, ezin dugu konponbide teoriko perfektua izan arte itxaron ekintzara pasatzeko, besteak beste, argazkia beti izango delako lausoa. Beraz, momentu bakoitzean dakigun horretan oinarrituz pasa gaitezen ekintzara. Ekintzan ikasitakoarekin argiago ikusiko ditugu arazoa eta konponbide berriak. Horrela, agian -eta agian bakarrik-, esango dute gure oinordekoek COVID-19arekin ez bezala, krisi klimatikoaren aurrean urak irakin aurretik salto egiten ikasi genuela.


miren larrea

Miren Larrea

Miren Larrea Orkestrako ikertzaile seniorra da. Ikerketako laguntzaile gisa hasi zen Deustuko Unibertsitatean. Bertan egin zuen doktorego tesia, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko ekoizpen sistemei buruz.

Perfil osoa ikusi

Etiketa: Ikerketa Labs