Post hau idazterakoan atzera begiratu dut, generoaren inguruan iragan urteotan egin ditudan ikaskuntzei hain zuzen, baina, batez ere, aurrera begira ari naiz idazten, 2025eko martxoaren 8an eman nahi dudan pausoan pentsatuz: feminismoaz hitz egitea lurralde garapenerako ekintza-ikerketan (LGEI).
Genero rolen eraldaketa gure ikerketan
Ikerketa sozialeko gure agendan generoari begiratu gabe luze aritu ondoren, duela urte batzuk dimentsio horri heltzen hasi nintzen, une hartan Ameriketako Estatu Batuetan bizi zen ikertzaile irlandar batekin. Filmetan pertsonaiak taberna bateko barran ezagutzen duten norbaitekin barne-barneko kontuez hitz egiten hasten direnean bezala, errazagoa iruditzen zitzaidan berarekin hitz egitea parte hartzen nuen ikerketa taldeetan baino. Hala ere, denborarekin elkarrizketa hori LGEIko gure taldeetara ireki dugu eta gure argitalpenetan zehaztu ere bai.
Elkarrekin egindako bide horretan, aitortu dugu gure ekintza-ikerketak genero eredu argi bati erantzuten diola, ekintza-ikertzaileak (gehienok emakumeak) errazte rolera mugatzen garenean, gainerako parte hartzaileek lurralde aktoreen rola hartzen duten bitartean. Kasu horietan gure rola zaintzan oinarritzen da, hausnartzen, erabakitzen eta ekintzan diharduten aktoreen zaintzan. Horren aurrean, lehenik eta behin, errazte lana ikusarazteko eta balioesteko borrokatu dugu, eta, bigarrenik, ez garela erraztaile bakarrik aldarrikatu dugu, lurraldeko aktore erraztaile baizik. Ekintza-ikertzaile erraztaile batek erraztu egiten du, baina lurraldeko aktore gisa hausnartzen, erabakitzen eta ekintzan diharduen bitartean.
Errazteko modu femeninoa
Orkestran hamabi ikertzaile erraztaile aritzen gara LGEI errazten. Horietatik hamaika, hau da, % 92, emakumeak gara. Gure kasuan, Annemarie E. Grootsek esan eta aurreko post batean jaso nuena betetzen da: "emakumeak, bereziki, sentitzen dira errazte lanaren artera erakarrita".
Gure lehen urratsa izan zen gure ekintza-ikerketa errazteko lana, enpirikoki, femeninoa dela jabetzea. Izan ere, emakumeen artean gizonen artean baino maizago ikusten diren sinesmen, jarrera eta portaera sistemei erantzuten die. Baina egiaztatu eta kontzientzia hartu baino gehiago egin dugu. Lan egin dugu egoera hori eraldatzeko, emakumeei dakarkien bidegabekeria gainditzeko, eta eskubide berdintasuna bilatzeko, gizaki osoak garela aitortzetik abiatuta.
Baina ekintza-ikerketaren funtsa egoera hori eraldatzea bada, zergatik ez dugu inoiz feminismoaz hitz egin gure prozesuetan, femeninoaz hitz egiteaz gain?
Gure errazte lana feminista ere badela adierazteko beldurra
Genero rolak eraldatzeko errespetu eta ardura handiz egin dugu lan. Guk geuk ere aldatu nahi duguna barneratuta daukagula argi eta garbi jakinda, inkoherentziaren zama ere somatu dugu. Zama horren pisuagatik, agian, generoa eta feminismoaren gaiak izan dira, zalantzarik gabe, ikerketa talde gisa zer eta nola adierazi erabakitzerakoan, adostea gehien kostatu zaizkigunak. Gure testuak behin eta berriro irakurri ditugu, ñabardurak egin, berriro irakurri eta berriro ñabardurak egiteko. Eta ari ginela, begirune eta arduraz haratago, beldurra ere sentitu dut. Beldurra gaizki egiteko, hizkuntza desegokia erabiltzeko, pentsatzen dudana behar bezala azaltzeko gai ez izateko, gainontzekoek ni ez ulertzeko, edo are okerrago, gaizki interpretatzeko.
Gure LGEIren praktikan barneratu dugu, feminismoaren baitako ekarpen garrantzitsuek aldarrikatzen duten moduan, gure errazte joera eraikuntza sozial eta kulturala dela, eta ez garela erraztaile jaiotzen, baizik eta erraztaile izatera iristen garela(1). Aktore erraztailearen definizioak eta, batez ere, gure jardunak berdintasun sozial, politiko eta ekonomikoa bilatzen du. Eta taldean partekatu dugu pertsona guztiok izan beharko genukeela feminista(2), eta feminismoa mundu guztiarentzat dela(3). Hala ere, ez dugu ikertzaile feministak garela edo gure ikerketa feminista dela aitortu, eta uste dut aurreko parrafoan aipatutako beldurrek izan dutela eragina horretan.
Beldurraren beste esperientzia bat akademian
Egoera honek beste bat ekarri dit gogora, antzeko errespetu, ardura eta beldurra sentitu nuen orduan ere. 2010eko hamarkadaren hasieran, LGEI proposatzeko lehen urratsak ematen ari ginela, James Karlsen lankide eta lagunak Morten Levin bisitatzera eraman ninduen, ekintza-ikerketan gure erreferenteetako bat. Hainbesteko beldurra nion bere aurrean ekintza-ikerketari buruz hitz egiteari eta behar ez nuen zerbait esateari, beste ikertzaile bati bileraren aurretik entzundako termino bat erabiltzen hasi nintzela: "ekintza-ikerketan inspiratutako ikerketa". Zuhurragoa iruditzen zitzaidan nik egiten nuena ekintza-ikerketan inspiratua zegoela esatea, ekintza-ikerketa egiten nuela esatea baino. Gainera, pentsatu nuen Morten Levinek nire zuhurtzia ontzat emango zuela.
Baina, nahiz eta hasieran nik ez ulertu zergatik, Morten Levini ez zitzaion nik erabilitako terminoa gustatu, eta errepikatzen nuen bakoitzean, haren haserrealdia areagotu egiten zen, galdera hau egin zidan arte: "Zergatik diozu ekintza-ikerketan inspiratutako ikerketa? Ez zenuke inoiz lotsatu behar ekintza-ikertzailea zarela esateaz! ". Egun hartatik ekintza-ikerketa egiten dudala eta ekintza-ikertzailea naizela esaten dut.
Maiz gogoratzen naiz Mortenez, eta zenbat eta hobeto ezagutzen ditudan ekintza-ikerketako familiak, orduan eta gehiago eskertzen diot ekintza-ikertzailea nintzela esateko eman zidan lasaitasuna. Izan ere, urteekin ikusi dut ekintza-ikertzaile guztiek ez dutela gainontzekoak hala direnik aitortzen.
Gure erabakia da
Morten Levinekin hitz egitera joan ginenean nuen beldur eta zuhurtzia hori sumatzen ditut orain gure ekintza-ikerketako taldeetan, feminismoarekin lotuta. Kasu honetan, inoiz ez dut esan "ikerketa feministan inspiratutako ikerketa", baina beldur bera sentitu dut zerbait desegokia esateko eta norbaitek ikertzaile feministatzat hartzea merezi ez dudala pentsatzeko. Hala ere, Mortenekin ikasi nuen ez zuela berak erabakitzen, nik neuk baizik, ekintza-ikertzailea nintzen ala ez.
Gure ekintza-ikerketa errazteko joera femeninoa da, oraindik ere bereziki emakumeok aritzen garelako jarduera horretan. Era berean, gure ekintza-ikerketak eta errazteak femeninoak izateari utzi diezaioten lanean ari garen neurrian, ekintza-ikerketa eta errazte horiek feministak ere badira. Geuk erabakitzen dugu.
- (1) Beauvoir, Simone de. Bigarren sexua. Elkar, 2019.
- (2) Adichie, Chimamanda Ngozi. Guztiok izan beharko genuke feminista. Xangorin, 2019.
- (3) Hooks, Bell. El feminismo es para todo el mundo. Editorial Traficantes de Sueños, 2007.
Miren Larrea
Miren Larrea Orkestrako ikertzaile seniorra da. Ikerketako laguntzaile gisa hasi zen Deustuko Unibertsitatean. Bertan egin zuen doktorego tesia, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko ekoizpen sistemei buruz.