2025ko urriaren 27a

Energia eta Ingurumen Laborategiko lantaldeak koordinatu du Deustuko Unibertsitateko master honetako trantsizio jasangarriari eta deskarbonizazioari buruzko prestakuntza modulua. Prestakuntza akademikoa eta esperientzia praktikoa uztartzen ditu master horrek.
EAEko energia ekosistemako erakunde garrantzitsuenetako ordezkariek, hala nola EEE-Energiaren Euskal Erakundea, IHOBE, Petronor edo Iberdrolak, beren jakintza eta esperientzia partekatu dute ikasleekin.
Orkestrako Energia eta Ingurumen Labeko taldeak koordinatu du Deustuko Unibertsitateko Berrikuntza eta Teknologia Master Dualeko "Trantsizio jasangarria eta deskarbonizazioa" modulua. Master Dualak prestakuntza akademikoa eta esperientzia praktikoa uztartzen ditu, enpresa berritzaileen laguntzaz. Aipatutako moduluan, bost gai multzotan, prestakuntzak trantsizio jasangarriaren ikuspegi integrala eskaini du, eta euskal energia eta ingurumen sektorea, berrikuntza eta teknologia garbiak, sare elektrikoak eta deskarbonizazioa eta enpresa jasangarritasuna izan ditu aztergai.
Jorge Fernándezek, Macarena Larreak eta Stephanía Mosquerak eman dituzte saioak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko energia ekosistemako erakunde garrantzitsuenetako ordezkari batzuk ere gonbidatu dituzte beren jakiteak eta esperientzia partekatzera. Haien eskutik, garatzen dituzten energia eta ingurumen eremuetako I+G+B proiektuak ezagutu dituzte.
Prestakuntzaren bigarren fasean, ikasleek i-DEk (Iberdrola) Sare Elektriko Adimendunen inguruan proposatutako berrikuntza erronka bati heldu behar izan diote, Bilbon kokatutako Global Smart Grids Innovation Hub-ean. Erronka horri esker, eskuratutako jakiteak energia elektrikoaren banaketa jardueraren deskarbonizazioarekin lotutako benetako berrikuntza kasu batean aplikatu ahal izan dituzte, design thinking metodologia erabiliz. Horrela, sare elektrikoek ekonomiaren deskarbonizazioan duten zereginari buruzko ulermenean sakondu ahal izan dute.
Orkestrak eskerrak eman nahi dizkie modulu honetan gurekin batera aritu diren erakunde eta enpresetako ordezkariei, Euskal Autonomia Erkidegoko energia eta ingurumen arloan duten esperientziarekin ikasleen ikaskuntza aberastegatik: Mikel Ibarra (Aclima), Juanma Fernandez (EEE), Ana Mezo (Ihobe), José Ignacio Hormaeche (Basque Energy Cluster), Jon Kepa Gerrikagoitia (BRTA), Aitor Arzuaga (Alba Emission Free Energy), Elías Unzueta (Petronor), Luis Pedrosa (Tecnalia), Estibaliz Goñi (Sare Elektriko Adimendunen I-a), Luis Conde (Sare Elektriko Adimendunen I-a) eta Unai Alaña (Iberdrola).
Profesional berriak prestatzeko lankidetza
Orkestrako taldeak master honetan parte hartzeak indartu egiten du Institutuaren eta Deustuko Unibertsitatearen arteko lankidetza eta, ikuspegi horretatik, trantsizio jasangarrirako berrikuntzaren erronkei heltzeko gai diren profesionalak prestatzen laguntzen du.
Bestalde, aipatu behar da masterreko ikasleak Deustu-Bizkaia Berrikuntza eta Ekintzailetza Sare Globala kide direla. Deustuko Unibertsitateak gidatzen du ekimen hori, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, Bizkaia with the talent programaren bidez eta AUSJAL Sareko unibertsitateekin lankidetzan.
Sare horren bidez, STEM profila duen talentu berritzailea eta ekintzailea erakarri nahi da Latinoamerikatik, Bizkaiko enpresa erreferenteetan berrikuntza arloak aktibatzen laguntzeko. Horretarako, barne ekintzailetzako proiektuak garatzen dira masterrean.
Orkestra ere Bizkaia with the talent proiektuaren parte da, eta nazioarteko talentua euskal enpresen berrikuntza erronkekin konektatzen laguntzen du lehiakortasunean eta lurralde garapenean duen jakintzari esker.