2025ko urtarrilaren 23a

Daejeon University

2022. urteaz geroztik, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saila, Bizkaia Talent-en eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren laguntzarekin, "Bizkaia with the Talent" ekimena garatzen ari da, Bizkaian STEM talentu eskasiari aurre egiteko ekosistema. Talenturik eza konpontzea funtsezko erronka da lurraldearen ongizatea helburu duen lehiakortasuna bermatzeko.

Orkestra ekimenaren ikerketako partnerra da, eta, beraz, prozesua garatzeko jakintza eta metodologia esparruak eman ditu. Duela gutxi, Sofia Zhukovak, Juan Gamboak eta Edurne Magrok osatutako Institutuko ikertzaile taldeak Bizkaian talentu eskasiari aurre egiteko ekosistema bat eraikitzeko prozesua deskribatzen duen txostena argitaratu du.

Talentuari buruzko lurralde politikan esku hartzen duten dimentsioen azterketa teoriko batetik abiatzen da txostena, eta arreta berezia jartzen dio STEM talentuari. Ekosistemak funtsezko eginkizuna du erronka konplexuei heltzeko, hala nola talentuaren eskasiari. Ondoren, Bizkaiko lurralde historikoan egindako prozesua deskribatzen du. Amaitzeko, ekosistemaren garapenetik ateratako ikaskuntzak plazaratzen ditu, eta ezaugarri horien hurbilketa egiteko funtsezko elementuei buruzko hausnarketa egiten du, horiek denboran irauteko erronkak ere landuta.

Txostenean dokumentatutako prozesuak ekosistema eraikitzeko fase hauen garrantzia nabarmentzen du: (1) Talentuaren egoeraren hasierako diagnostikoa Bizkaian eta lurraldeko funtsezko eragileen mapaketa (2) Diagnostikoaren kontraste kualitatiboa funtsezko eragileekin, talentuaren erronkak eta horiei ekiteko ekintza zehatzak identifikatzeko (3) Talentuaren erronkei buruzko jarduketa konpromisoen dekalogo bat sortzea, ikuspegi partekatu bat sortzea eta eragileak ekosistemari atxikitzea, eta (4) gobernantza estrategia bat eta lantaldeak diseinatzea eta abian jartzea, orain arte egindakoarekin alderatuta inflexio puntu bat izango diren lankidetza eta berrikuntza proiektuak garatzeko.

Prozesua lurraldeko funtsezko 36 eragilek osatutako ekosistema bat sendotuz gauzatu da. Eragile horien artean daude enpresak, enpresa elkarteak, klusterrak, unibertsitateak, Lanbide Heziketako ikastetxeen elkarteak eta fundazioak, besteak beste. Elkarlaneko gobernantza ereduaz baliatuta, eragile horiek 13 proiektutan ari dira lanean, eta beste 6 proiektu diseinu fasean daude. Proiektu guztiak talentuaren erronkaren inguruan jarduteko lau dimentsio nagusietako batean kokatzen dira gutxienez: ezagutzea; sentsibilizatzea eta gaitzea; garatzea eta lotzea, eta erakartzea eta fidelizatzea.

Txostenaren amaieran, STEM talentuaren ekosistema bat eraikitzeko eta garatzeko prozesuan funtsezkoak diren ikaskuntzak identifikatzen dira, besteak beste honako hauek:

  • STEM talentuaren sustapen integralari buruzko helburuak eta ikuspegi partekatua izatea.
  • Talentuaren erakarpenean, garapenean eta loturan eragiteko gaitasuna duten funtsezko eragileak ekosisteman sartzea.
  • Ekosistemaren elkarlanerako gobernantza eredu bat garatzea, identifikatutako erronketan inpaktu handiko proiektuen baterako sorkuntza bultzatzeko.
  • Ekimeneko eragileentzat parte hartzeko pizgarriak izatea, eta ekimenaren parte izatea positiboki hautematea lortzea. 
  • Bizkaiko Foru Aldundiak lidergo bideratzailea izatea, ekosistema osatzen duten eragileen parte hartzea orekatua izan dadin eta eraginkortasuna areagotu dadin.
  • Ekosistemako eragileen eta proiektuen arteko komunikazio irekia sustatzea, ekintzen arteko kontrasteak egiteko eta sinergiak bideratzeko espazioekin.