2024ko azaroaren 27a

- Miren Estensorok eta Claudia Icaranek nazioarteko hainbat ekitalditan azaldu dute elkarlaneko gobernantza hiri inguruneek dituzten erronkei aurre egiteko funtsezko tresna dela.
Miren Estensoro Orkestrako ikertzaile seniorrak Urban Transitions 2024 biltzarrean parte hartu du. Biltzarrean hainbat diziplinatako adituak elkartu dira, hiri garapen jasangarriaren erronkak lantzeko, hiri plangintzatik eta osasun publikotik hasi eta ingurumen justiziaraino eta gobernantzaraino.
Facilitating Urban Transition Governance: Lessons Learnt from Action Research in Basque Cities izenburuko hitzaldian, Orkestrak garatutako ikerketa-ekintzako proiektuetatik ateratako ikaskuntza nagusiak azaldu ditu, hala nola Bilbao Next Lab eta Gasteizko Ingurumen Ikasketen Zentroarekiko lankidetza.
Proiektu horiek Institutua bultzatzen ari den hiri lehiakortasunari buruzko ikerketa ildoaren parte dira, eta hurbilketa berriak esploratzen laguntzen dute, tokiko gobernuetan elkarlana indartzeko eta gobernantza dinamika parte hartzaileagoak eta horizontalagoak sustatzeko egon daitezkeen barne oztopoak gainditzeko.
Ikerketa-ekintza: ezagutza eraldatzailea, “barrutik”
Hiri trantsizioei buruzko literaturaren arabera, gobernantza funtsezko gaia da gure hiriek bizi duten konplexutasunari erantzuteko, eta gobernantza horrek eskatzen du hiriko eta lurraldeko askotariko eragileak inplikatzea ikaskuntza, negoziazio eta esperimentazio prozesuetan, irtenbideak lankidetzan eraikitzeko.
Estensororen hitzaldiaren funtsezko mezuetako bat izan da ikerketa-ekintzak ezagutza "barrutik" sortzeko duen gaitasuna, irtenbide iraunkorrak ezartzea errazten duena: "Elkarlaneko gobernantza funtsezkoa da hiri trantsizioen konplexutasunari aurre egiteko, eta tokiko gobernuek funtsezko zeregina dute bideratzaile gisa. Hala ere, barne oztopoek mugatzen diete ikaskuntza, negoziazio eta esperimentazio prozesuetan askotariko eragileak inplikatzeko gaitasuna”.
Barne oztopo horiek ikertu ditu, hain zuzen ere, Orkestrak. Eremu horretako ikaskuntza garrantzitsuenen artean, Estensorok azpimarratu du beharrezkoa dela policymakerretan –teknikariak, zuzendariak eta politikariak barne hartuta– bideratze gaitasunak eraikitzea. Eraldaketa horrek tokiko gobernuen barruan eta kanpoko eragileekiko berdintasunezkoagoak izango diren harremanak ezartzea ere eskatzen du. Ikertzaileei dagokienez, Estensorok adierazi du elkarlaneko gobernantzaren eraikuntzan parte aktibo izan daitezkeela, prozesuen diseinuan eta gaitasunen eraikuntzan lan eginez, aditu gisa jarduteaz edo gomendioak emateaz harago.
Elkarlaneko gobernantza, funtsezko tresna hirietako erronkei erantzuteko
Azken hilabeteetan, Orkestrak hainbat ekitalditan parte hartu du, hiri inguruneetako elkarlaneko gobernantzaren esparruan ikasitakoa partekatzeko.
Alde batetik, Claudia Icaran doktorego aurreko ikertzaileak Regional Studies Association elkarteak Cambridgen egin zuen Researchers as Agent of Regional Change biltzarrean parte hartu zuen, Institutional Socialization and Collaborative Governance izeneko hitzaldiarekin.
Bestalde, Miren Estensorok Eurocities Garapen Ekonomikorako Foroan parte hartu zuen, Bilbon Zerbitzu Aurreratuen sektorearen lehiakortasuna bultzatzeko elkarlaneko gobernantza diseinatzeko eta martxan jartzeko proiektuaren ikaskuntzak partekatzeko.
Orkestrak ekitaldi horietan parte hartzeak berretsi egiten du Institutuak elkarlaneko gobernantzarekin duen konpromisoa, hiri inguruneen erronkei aurre egiteko funtsezko tresna baita. Bilbao Next Lab proiektuan egindako ikerketak eta beste ekimen batzuek irtenbide praktikoak proposatzeko oinarriak ekarri dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasuna eta ongizatea hobetzeko.