6 Uztaila 2021

Presentacion monográfico EKONOMIAZ 99

© Irekia

EKONOMIAZ ekonomiari buruzko euskal aldizkariaren 99. zenbakiak energia trantsizioa eta trantsizio horrek Euskal Autonomia Erkidegoan izan ditzakeen eraginak ditu aztergai. Monografikoak 11 artikulu akademiko ditu, ekonomia trantsizioak berarekin dakartzan ingurumen, teknologia eta industria, eta gobernantza erronkak aztertzeko, Orkestrako Energia Labeko Jorge Fernández eta Macarena Larrea ikertzaileek koordinatuta.

Argitalpena joan den ostiralean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailak, Lakuan. Ekitaldia Iñaki Barredo Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Plangintza zuzendariak eta Ekonomiaz aldizkariaren zuzendariak hasi zuen eta Javier Zarraonandia (Industria) eta Jordi Campàs (Ekonomia eta Europako Funtsak) sailburuordeen lankidetza izan zuen.

Jorge Fernández Orkestrako Energia Labeko koordinatzaileak aurkeztu zuen monografikoa. Fernándezek adierazi zuen “energia trantsizioak hitz egiten dugunean, ulertu behar dugula aldaketa prozesu sakon batean gaudela, ekonomiako balio kate osoan eragina izango duena”. Euskal Autonomia Erkidegoko energia trantsizioaren erronketako batzuk ere nabarmendu zituen, horien artean, energia sistemaren eraldaketa edo ekonomia deskarbonizatzea. Helburu horiek lortzeko lan egin behar da, baina, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasunaren oinarriei kalterik egin gabe eta gizarte ongizatea bermatuta. Macarena Larrea ikertzaileak azaldu zuen monografikoaren edukia, guztira erakunde eta esparru askotako 36 egileren analisiak eta gogoetak biltzen dituena.

Orkestrako lantaldearen ekarpenak 

Aipatutako argitalpenean, Jorgek eta Macarenak teknologia garbi eta eraginkorretako inbertsioak bultzatzen dituen finantziatzio berdeko ekosistema lehiakorra nola garatu aztertu dute Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan. Koordinatzaileez gain, Orkestrako beste ikertzaile batzuek ere idatzi dute ale monografiko honetan. Mari Jose Aranguren, James Wilson eta Edurne Magrok azaldu dute espezializazio adimenduko estrategiak eta EAEko berrikuntza politikek energia trantsizioaren aukerak gauzatzeko esparru bat eskaintzen dutela, ingurumeneko jasangarritasuna energia eta klima estrategietan eta politiketan txertatuta.

Bestalde, Jaime Menéndezek petrolio eta gas enpresen jasangarritasun estrategiak aztertzeko esparru bat aurkeztu du eta Petronorren adibidea landu du, Jorge Fernández eta beste egile batzuekin elkarlanean. Azkenik, Roberto Álvarok autokontsumo partekatua arautzeko hainbat eskemaren eragina aztertu du, energia berriztagarrien eta ibilgailu elektrikoaren integrazioa errazteko eta kontsumitzaileen parte hartze aktiboa sustatzeko.

Energia trantsizioak magnitude handiko eta konplexutasun izugarriko presazko aldaketa da eta erronka handiak jartzen dizkigu aurrean, horien artean, energia sistemaren eraldaketa edo ekonomiako hainbat sektoreren deskarbonizazioa –industria, mugikortasuna edo eraikuntza kasuetan–. Orkestrako Energia Labak gai horiek guztiak ditu aztergai, eragile ekonomikoen eta erakundeen artean iraunkortasunerako trantsizioa aurrera eramateko modurik onenaren inguruko eztabaida eta erabakiak hartzea errazteko.

Etiketa: Energia lab-a