Aurtengo ekainaren 20an sinatu zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta lurralde horretako eskualdeko garapen agentzien arteko lankidetza hitzarmen berria.

Albistea erraz pasa zitekeen oharkabean, baina berreskuratu egin nahi izan dugu, gogoeta batean sakontzeko. Azken aldian, elkarlaneko gobernantzaren, lidergo partekatuaren eta parte hartzearen inguruko diskurtsoek gero eta toki gehiago hartzen dute espazio publikoan, demokrazia sendotzeko eta politika publikoen eraginkortasuna hobetzeko bideak bilatzeko ahaleginean. Baina zaila da praktikan eraldaketa ekarri duten eta denboran iraun duten adibideak aurkitzea.

Hurrengo lerroetan, Gipuzkoan maila askotako elkarlaneko gobernantza eraikitzeko bidean izan dugun esperientzia partekatu nahi dugu, bereziki, ekonomiaren sustapenerako politiken esparruan. Hori egin nahi izan dugu, lehenik eta behin, uste dugulako prozesuaren parte izan garenok egintzat jo dugula, eta aurtengo urteurrenean, hitzarmenak 8 urte bete dituenean, ahaztu egin zaigula atzera begiratzea eta bidea eta emaitza ospatzea. Era berean, ziur gaude bidean atera ditugun ikaskuntzek –horietako batzuk Orkestraren koaderno batean bildu genituen– indarrean jarraitzen dutela eta gure inguruan elkarlaneko gobernantza sendotzea helburu duten gaur egungo beste prozesu batzuetako gogoetan lagun dezaketela.

Elkarlana arrosa kolorekoa ez dela onartzea

Gaur egun elkarlaneko gobernantza horren gune diren espazioak Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzaileek erraztutako ikerketa eta ekintzako prozesuen parte gisa definitu ziren. Une hartan, bi gune sortu ziren: eskualde arteko mahaia, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradun politiko eta teknikoak eta eskualdeko garapen agentzietakoak biltzen zituena, eta erraztaileen mahaiak, nagusiki Gipuzkoako Foru Aldundiko eta agentzietako profil teknikoak biltzen zituztenak. 

Ikerketak hausnarketarako espazio seguru bat eskaini zuen, modu esperimentalean aurrera egin ahal izateko. Bide horretan sortu zen gaur egun ere Lurralde Garapenerako Laborategia deitzen dena. Hala ere, legealdi aldaketarekin, erronka berri bat jarri zen mahai gainean. Eraikitzen ari ginen elkarlaneko gobernantza horrek ikerketa prozesu bat izateari utzi eta politika egiteko modu berria bihurtu behar zuen. Horixe izan zen 2017ko ekainean sinatu zen lehen hitzarmenaren helburua. Lau urterako sinatu zen, baina hurrengo legealdietan berritzeko asmoarekin. 

Prozesu horretan, benetan bideragarri egiteko, ordura arte ezkutuan egon ziren gatazkak jarri ziren mahai gainean. Ikasi genuen ezin dela elkarlaneko gobernantza eraikitzeko prozesu batean aurrera egin dauden gatazkak kudeatu gabe, eta gatazkak ezin direla kudeatu esplizitu egiten ez badira.

Acto firma acuerdo colaboracion 2017

Lankidetza hitzarmena sinatzeko ekitaldia, 2017an

Prozesua gatazka politikotik kanpo uztea

Urte hauetan, hainbat mintegi eta biltzar akademikotan aurkeztu izan dugu Gipuzkoako maila askotako elkarlaneko gobernantzaren esperientzia hori. Prozesu horren ezaugarrien artean, bat oso deigarria egiten zaio jende askori: prozesuaren oinarriak 2009-2011 aldian zehaztu ziren; 2011ko hauteskundeen ondoren, gobernua aldatu zen Aldundian, baina gobernu berriak, beste alderdi politiko batekoak, prozesuari jarraipena ematea erabaki zuen, eta gobernantza berrirako espazioak eta prozedurak planteatu zituen, modu esperimentalean. 2015eko hauteskundeen ostean, eta gobernuan berriro alderdiak aldatu ondoren, prozesuarekin jarraitzea ez ezik, hura erakundetzea erabaki zen. Horretarako, hitzarmen formal bat sinatu zen. 

Apustu horiek prozesuaren erresilientziaren funtsezko faktoretzat hartu dira, nahiz eta horien atzean dauden erabakiak ez ziren beti errazak izan.

Erresilientzia bilatzea legealdi bakoitzeko berezitasunetara egokituz

Elkarlanarekin jarraitzeko apustu irmoa izateaz gainera, prozesu hau pertsona askoren urte askotako lan jarraituaren garrantziaren adibide argia da. Lan horri esker iraun ahal izan dute lehen aipatutako elkarrizketa espazioek eta haiei lotutako prozedurek. Eta, gainera, gobernu bakoitzak planteatutako erronka eta proiektu espezifikoei erantzun zaie.

Laborategiaren erresilientzia azaltzeko aukera ematen duen egokitzapenaren adibide bat ikus dezakegu gaur egungo legealdian. Izan ere, Etorkizun Eraikizek Gipuzkoako Foru Aldundiaren barruan garatzeari eman dio garrantzia, erronketara bideratutako berrikuntzaz baliatuz. Ondorioz, Lurralde Garapenerako Laborategiaren proiektuak 2024-2027 Plan Estrategikoaren barruan egituratu dira: ETE Digitala, enpresa txiki eta ertainen digitalizazioari laguntzeko proiektua; Elkarrekin Lanean, bazterketa arriskuan dauden pertsonen laneratze prozesuan bidelagun izateko; Lanaren Zentzua, aurretik aipatutakoa; BeTEK, berrikuntza teknologikorako; Barnekintzailetza, barne ekintzailetza bultzatzeko... Integrazio hori laborategiaren funtsari uko egin gabe ari da egiten, baina lurralde gobernantza Gipuzkoako Foru Aldundiko barne prozesuekin lotuz, bereziki berrikuntza, elkarlana eta eragina bilatzen dutenekin. 

Ildo horretatik, urte hauetako beste ikaskuntzetako bat 2017an sinatutako hitzarmenaren funtsari eustearen garrantzia izan da. Lurralde garapenerako laborategia, oinarriei uko egin gabe, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta eskualdeetako agentzien legealdi bakoitzeko politiken ardatz nagusietara joan da egokitzen.

Ikaskuntza horiek oraindik ere baliagarriak dira, gure ingurunean elkarlaneko gobernantzak garatzeko saiakera askotan ikusten ditugun zailtasunen aurrean. Horregatik, garrantzitsua iruditu zaigu uda aurretik 2017ko hitzarmen haren bertsio berri bat baliozkotzeko egin zen lana nabarmentzea, haren historia kontatzea eta hainbeste pertsonak urtetan egindako lana ospatzea. Zorionak!


miren larrea

Miren Larrea

Miren Larrea Orkestrako ikertzaile seniorra da. Ikerketako laguntzaile gisa hasi zen Deustuko Unibertsitatean. Bertan egin zuen doktorego tesia, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko ekoizpen sistemei buruz.

Perfil osoa ikusi


ainhoa arrona

Ainhoa Arrona

Ainhoa Arrona Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea da. Gizarte Zientzietan doktorea da, Deustuko Unibertsitatean, eta Giza Zientzietan eta Enpresan lizentziaduna, unibertsitate berean. Gainera, Iraunkortasun eta Gizarte Erantzukizun Korporatiboko Masterra du (UJI-UNED).

Perfil osoa ikusi