2030 Agenda eta haren Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) mundu mailako aliantza gisa sortu ziren, etorkizunari begira, inklusioa, aniztasuna eta ekitatea gizateriaren aurrerapen askotarako funtsezkoak direla ikusirik. Esparru horren helburua ez da pobreziarekin amaitzera eta desberdintasunak murriztera mugatzen, baizik eta inklusioa gure gizarteak aurrean dituen erronkei berrikuntza jasangarriak eta konponbide bidezkoak emateko indar bultzatzailetzat du. Jasangarritasunaren eta inklusioaren arteko interdependentzia gure planetaren ongizate iraunkorretako eta etorkizun jasangarrirako oinarria da, eta, ikuspegi horretatik, inklusioa funtsezkoa da gure garapen kolektiborako.

Ildo horretatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2023ko Txostenak ingurumenaren aldetik jasangarria izango den lehiakortasunerako trantsizioa aztertu zuen eta ondorio nagusi gisa, trantsizio berdeari heltzerakoan, «ekonomia, ingurumen eta gizarte arloetan nahi diren emaitzak lortuko direla» ziurtatu behar dela zioen. Hain zuzen ere, hiru arlo horiei aldi berean heltzeko funtsezko ardatzetako bat inklusioa da, eta, horregatik, zeharkako ardatz gisa sartzen da Orkestraren ongizatea helburu duen lehiakortasun esparruan.

EUS Marco completo

Era berean, lurralde garapenean inklusioak duen zentraltasuna nabarmentzen dute nazioarteko erakundeek ere, esate baterako, Nazio Batuek, Lanaren Nazioarteko Erakundeak edo Europako Batzordeak, “trantsizio bidezkoa” sustatzeko beharra azpimarratzean. Hain zuzen ere, gero eta ohikoagoa da Europako industria politikaren ardatz nagusiez ari garela, trantsizio “berde eta digital” bikoitzaz hitz egin beharrean, trantsizio hirukoitzaz hitz egitea: "berdea, digitala eta soziala”.

Trantsizio “bidezko” edo “sozialaren” ardatz kritiko hori sartzeak berezko lotura du lurralde baten lehiakortasuna eta ongizatea baldintzatzen duten prozesuekin. Alde batetik, lurralde baten lehiakortasunak lurralde horretan bizi diren pertsona guztien ongizatea sustatzeko gai izan beharko luke, bai gaur egun, bai etorkizunean (ongizate inklusiboa). Horrela, inklusioak agerikoa izan beharko luke ongizatearen emaitzetan; gure esparruan, ongizatearen emaitzek lurraldearen azken emaitzak neurtzen dituzte, bizitza materialean, gizarte bizitzan, ikaskuntzan, enpleguan, ingurumenean eta osasunean, eta guztiak biltzeko erabiltzen du bizitzarekiko gogobetetasuna.

Baina inklusioa ez da soilik pertsona guztiek ongizatearen dimentsio horietan maila egokia izango dutela ziurtatzea. Pertsona guztiei balio ekarpenean parte hartzeko aukera ematea ere bada (lehiakortasun inklusiboa). Bai lehiakortasuna eta bai ongizatea inklusiboak badira, elkar elikatzen dute.

Ikuspegi horretatik, inklusioak lurralde bateko lehiakortasunaren palanken eraginkortasunari ere eragiten dio eta gure etorkizuneko lehiakortasunerako eta ongizaterako garrantzitsuak diren erronketako batzuekin elkarreraginean dago, esate baterako, enpresetako eta administrazio publikoetako belaunaldi aldaketarekin, lurraldean gaitasun egokiak (edo ‘talentua’) eskuragarri egotearekin, edo kudeaketa eta antolaketako eredu berrien bilakaerarekin.

Inklusioa, berez, dimentsio askotako fenomenoa da, pertsonen kalteberatasun maila islatzen duten alderdiak hartzen baititu kontuan, besteak beste egoera sozial, politiko, ekonomiko, hezkuntzako eta kulturalari lotuta. Gainera, aniztasunarekin lotutako alderdietan ere badu isla, aniztasun hori normalean ezaugarri demografikoei lotzen bazaie ere, hala nola, generoa, adina eta jatorria.

Desberdintasunen gorakadaren ondorio ekonomiko eta politikoen inguruko kontzientzia handia dagoen une honetan, bereziki garrantzitsua da ulertzea gure lurraldean nola islatzen diren lehiakortasunaren eta ongizatearen emaitzak hainbat pertsona taldetan, adinaren, jatorriaren edo generoaren arabera, intersekzionalitatea ere kontuan hartuta.

Eta lehiakortasun eta ongizate maila handiei eusteko giza gaitasunekin lotutako erronka kritikoei aurre egin behar diegun une honetan, funtsezkoa da ulertzea nola eragiten dieten lehiakortasunaren palankei (bereziki giza kapitalari eta gizarte kapitalari) hainbat alderdik, besteak beste, genero desberdintasunak, belaunaldien arteko harremanek edo pertsona migratuak gizartean integratzeak.

Gai horiek ari gara lantzen Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2024ko Txostenerako. Txostenak inklusioaren zeharkako ardatzean sakonduko du, pertsona guztientzako ongizatea sortzeko gai izango den lehiakortasun inklusiboa ziurtatzeko aurrean ditugun erronkei buruz hausnartzen laguntzeko.


Mercedes web

Mercedes Oleaga

Mercedes Oleaga, Orkestrako teknikari seniorra, Soziologian lizentziaduna da eta Ikasketa Aurreratuen Diploma du, Nazioarteko Ekonomian eta Garapenean.

Profil osoa ikusi


james wilson

James Wilson

James Wilson Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendari nagusia da eta Deusto Business Schooleko irakaslea.

Bere ikerrildo nagusiak eskualdeko lehiakortasunaren analisia, gizarte eta ekonomiako garapen prozesuak eta politika publikoak dira.

Perfil osoa ikusi


susana franco

Susana Franco

Susana Orkestrako ikertzaile seniorra da. Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomia Matematikoko espezialitatea egin ondoren, Susana Franco Ingalaterrara joan zen garapen ekonomikoaren alorrean masterra eta doktoregoa egitera. Erresuma Batuko eta Latino Amerikako hainbat unibertsitatetan lan egin du. Gainera, garapenaren alorreko esperientzia du, Gobernuz Kanpoko Erakunde batean aritu baita lanean. Bestalde, aholkularitza lanak egin ditu Nazio Batuen agentzietarako.

Perfil osoa ikusi


mari jose aranguren

Mari Jose Aranguren

Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusia eta Ekonomia Katedraduna da Deustuko Unibertsitatean. Lehiakortasunean eta lurralde estrategian, klusterretan eta sareetan, eta politiken analisian eta ebaluazioan aditua da. Gai horien inguruan liburu eta artikulu ugari argitaratu ditu, nazioko eta nazioarteko eragin handiko aldizkari espezializatuetan.

Perfil osoa ikusi