Blog honen aurreko post batzuetan, dagoeneko adierazi dugu hiriak funtsezkoak direla eskualdeen lehiakortasuna sustatzeko. Ildo horretatik, hiriak funtsezko eragileak bihurtzen dira garrantzi handiko prozesuetan, esate baterako, berrikuntzaren sustapenean edo energia trantsizioan. Hiriek bidean dugun beste trantsizio batean, trantsizio digitalean, izan dezaketen rolaren inguruan gogoeta egiterakoan sortzen da smart cities edo hiri adimendunen kontzeptua.

Definizio ugari aurki ditzakegu “smart city”aren inguruan. Kontzeptua bera bilakatzen joan da azken bi hamarkadatan. Hasieran, hiri baten trebetasunak adierazi nahi ziren, hainbat alderdiri lotuta (industria, hezkuntza, parte hartzea, azpiegiturak…). Eta, aurrerago, ikuspegi holistikoagoa nagusitu da (hiria, sistema konplexu gisa). Protagonismo handiagoa hartzeko prozesu horretan zeresana izan dute IBM, CISCO edo Intel enpresek, kontzeptu hori beren estrategia eta soluzioetan txertatu baitute. Arrakasta handiagoz ala txikiagoz, lider global horiek hiriak beren produktu berrikuntzetarako etorkizuneko merkatutzat hartu dituzte. Gaur egun, ohikoa da smart city kontzeptua hirietako politika eta ekintza planekin lotzea.

Smart city kontzeptuaren bi definizio emango ditugu, nazioarteko erakundeetatik hartuak:

  • “Soluzio digitalez baliatuz, ohiko sareak eta zerbitzuak efizientzia handiagoz erabiltzen dituzten tokiak, herritarren eta enpresen mesederako” (Europako Batzordea, 2014).
  • Herritarren ongizatea bultzatzeko eta emaitza efizienteagoak eta jasangarriagoak eta zerbitzu eta hiri ingurune inklusiboak eskaintzeko digitalizazioa efizientziaz erabiltzen duten ekimenak edo ikuspegiak, alde askotako elkarlaneko prozesu baten barruan” (ELGE-Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundea, 2018a).

Definizio horietatik ondoriozta dezakegu hiri bat “adimendun” izateko bi elementu nagusi hartu behar ditugula kontuan: digitala (bitartekoa) eta herritarrak (helburua). Hala, smart citya “gizarte dimentsioaren eta teknologia dimentsioaren arteko interfazea” dela esan dezakegu (ELGE, 2018). Jasangarritasuna hiri adimenduna bihurtzeko ezinbesteko beste elementu bat da.

Teknologiak hiri adimenduna (herritarren zerbitzura egongo dena) lortzen lagundu dezakeela pentsatzeak esan nahi du Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek, nagusiki, zerbitzuen eta azpiegituren efizientzia hobetzeko aukera ematen dutela. Adibide gisa, McKinseyren lan batek (2018) aztertu du zenbait aplikaziok herritarren bizi kalitatean duten eragina. Emaitza nagusiek erakusten dute ongizatearen dimentsioetako batzuetan % 10 eta % 30 arteko hobekuntza lortzen dela aplikazioak erabiliz; eta, gainera, eragin positiboa arlo batean baino gehiagotan ikusten da. Eragin positiborik handienak denbora aurreztean, segurtasunean eta osasunean ikusten dira; enpleguan edo bizitzaren kostuan, ordea, eraginak txikiagoak dira. 

Smart Cities Mckinsey

Iturria: “Smart Cities: Digital solutions for a more livable future” (McKinsey Global Institute, 2018ko ekaina) 

Teknologia zehatzei dagokienez, ELGEko azterketa batek (2019) hirien garapenean aurrerapenak sortzeko potentzial handiena duten teknologia berrien artean hartzen ditu 3D inprimatzea, gauzen internet, big data analisiak, adimen artifiziala, energia biltegiratzeari lotutako teknologiak, teknologia zibikoa deitutakoa (esate baterako, datu irekietako plataformak), tripulaziorik gabeko aireko garraioak (dronak) edo blockchain teknologia.

Azterketa horren arabera, elementu multzo horrek, “berrikuntza digitala” izena ere hartzen duenak, eraginak ditu hirietako estrategia politikoan. Hala, hainbat aukera azpimarratzen dira:

  • Zerbitzu publikoen integrazioa eta kalitatea hobetzea.
  • Ingurumenaren jasangarritasuna eta erresilientzia hobetzea.
  • Ekintzaileentzako eta enpresa txikietarako sarrera hesiak murriztea (sarbide kostuak txikiagoak direlako).
  • Hiriaren gobernantza eta berritzeko gaitasuna hobetzea.
  • Herritarrekin hobeto elkar eragitea.
  • Turismo informazioa eta kudeaketa hobetzea.

Baina, digitalizazioaren abantailak zerrendatzen diren guztietan gertatzen den bezala, azterketak fenomeno horrek hiriei ekarriko dizkien erronkak ere aipatzen ditu (oso antzekoak bai tokiko mailan eta bai maila globalagoan):

  • Datuak: ez datuak falta izatea, baizik eta datuak “informazio baliagarri” bihurtzeko eta arlo edo erakundeen artean partekatu ahal izateko gaitasunak edo jakiteak edukitzea.
  • Gobernantza: hiri adimendunak herritarrak azken onuraduntzat hartzen ditu, baina hiriaren gobernantza prozesuetan parte hartzen dutenak gehiago dira. Inklusioak, parte hartzeak edo gardentasunak eskatzen dute erabakiak hartzeko prozesuetan eta alderdi guztien elkarreraginean jardunbide berriak sortzea, elkarlana oinarri hartuta.
  • Gaitasunak eta konpetentziak: lehenengo puntuarekin lotuta, irtenbide digitalak ezartzeak giza kapitalak gaitasunak edukitzea eta azpiegitura egokiak eskura egotea eskatzen du. Garrantzitsua da hiri bakoitzaren ezaugarriak ezagutzea, soluzio berberak (teknologia jakin batek) ez dituelako ondorio berdinak izango, sektore espezializazioaren, kokapen geografikoaren, konektagarritasunaren eta abarren arabera.
  • Araudia: teknologiek negozio eredu berriak sortzen dituzte eta, zenbaitetan, egungo araudiaz kanpo gelditzen dira. Horrek diskriminazioa sor dezake ohiko negozio ereduekin alderatuta.
  • Finantzaketa: teknologia hirian garatzea edo txertatzea, edozein modutara (ikerketa, prestakuntza, ezarpena…) mugatu dezakete tokiko erakundeek eskura dituzten finantza baliabideek.

Europako digitalizazioren hurrengo faseetan hiriek izango duten protagonismoa agerian gelditzen da Europako eraldaketa digitalaren esparruan. Europako Batzordeak smart citieak aipatzen ditu “gizartean eta ekonomian eragiteko potentzia handiko teknologien” zerrendan. Europako hiriei ahalduntzeko deia egiten die, teknologia digitala erabiliz, eraldaketa digitaleko estrategiaren barruan.

Hala, “hirien” eta “eraldaketa digitalaren” arteko harremanak gero eta garrantzi handiagoa hartzen du. Trantsizio digital globalari buruz hitz egiten dugun bezala, hiri adimendunerako trantsizioaz ere hitz egin dezakegu, lehenengoaren “azpitrantsizio” bat izan daiteke, nolabait. Horregatik, behar-beharrezkoa da hiriaren egitekoa eta kokapena berrasmatzea. Erakunde publikoek beren proiektuak norabide berean lerrokatu behar dituzte, hiriaren kudeaketa ereduaren arabera.

Hiri adimendunerako trantsizio prozesu horrek gizarte xede argi bat du (herritarren bizi kalitate hobetzea), baina hori ez da hain agerikoa digitalizazioa maila globalean aztertzen bada (“arrakala digitala” edo “pobrezia digitala” terminoek, esate baterako, gizarte eragin kaltegarriak adierazten dituzte). Hiriak ez dira gizarte erronketatik kanpo gelditzen (arestian aipatu bezala, gobernantzarekin, gaitasunekin edo arauketarekin lotutakoak) eta horrek ongizatea hobetzeko azken helburua mugatu edo lausotu dezake. Horregatik, hiri adimendunerako trantsizioaren gizarte xede nabarmen horrek garrantzi handiagoa hartzen du, gainerako trantsizio digitalekin alderatuta, haien gizarte xedea ez baita hain garrantzitsua. Herritarron eskuetan dago eskatzea hiri adimendunerako trantsizio prozesuak ekitate handiagoa lortzeko konpromisoa ere bermatzea.


Carla Peletier

Carla Peletier

Carla Peletier, Orkestrako Ikerketako bideratzailea, Ekonomian lizentziaduna da, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Lizentziaturako azken urtea Pariseko Dauphine Unibertsitatean ikasi ondoren, Ekonomia Aplikatuko titulazio bikoitza eskuratu zuen unibertsitate horretan. Nazioarteko Harremanetako eta Kanpo Merkataritzako Masterra da, ALITER Nazioarteko Negozio Eskolan.

Perfil osoa ikusi