Azken hilabeteetan hirien lehiakortasunaren inguruan argitaratzen ari garen postek lehenengo postean zabaltzen genuen mezua indartzen dute: hiriek gero eta garrantzi handiagoa dute lehiakortasunerako eskualdeko politiketan eta trantsizio global nagusietan (trantsizio berdea, digitala eta demografia eta gizartekoa).

Protagonismo horren arrazoia herritarren eguneroko bizitzarekin duten hurbiltasuna da, hain zuzen ere. Ezaugarri horrek proposamenak gauzatzea eta esperimentatzea ahalbidetzen du, hainbat esparrutan. Trantsizio globalek epe luzeko jasangarraitasuna lortzea dute helburu eta gizarte eta ekonomia sistemetan funtsezko aldaketak eskatuko dituzte, besteak beste, elikaduran, energian eta mugikortasunean. Izan ere, Europako politikak esparru horietan kokatzen ditu trantsizio berdea, digitala eta demografia eta gizartekoa. Halako eraldaketa sakonak eskatzen du alderdi guztietatik ekitea, baita banakako pertsonek ekitea ere, alegia, herritarrek. Horregatik, hiriak trantsizio globalei erantzuteko behar den aldaketa horren egile bihur daitezke. Baina aukera horrek eskatzen du ohiko lan egiteko moduak aldatzea, harremanetako beste eredu bat eraikitzeko. Hirietako garapen jasangarria lortzeko, funtsezkoa da gobernantza ereduak birmoldatzea, aukera hori indargune bihurtu nahi badugu.

Hiriko gobernantza ekintzaileak hiriko eragileen arteko sareak sortzea eskatzen du, herritarrak ere tartean direla, trantsizioetako erronkei erantzuteko. Sare horiek berrikuntza hirietako gizarte eta ekonomia erronken zerbitzura jartzen dute. Hainbat erronkaren gainean lan egin behar da, askoren artean hautatu eta lehenetsi ondoren, jakin bai baitakigu ditugun baliabideekin ezin zaiela erronka guztiei heldu. Gainera, hirietan gaitasunak sortu behar dira, pertsonengan eta erakundeetan, esperimentazio, esplorazio eta elkarrekin eraikitzeko prozesuak aurrera eramateko. Living labak horretarako hurbilketa baliagarria izan daitezke. Hain zuzen ere, haien ingurukoa da Bilbao Next Lab proiektuaren lan ildo nagusietako bat, 2021eko urtarrilaz geroztik.

Bilbao Ekintzarekin elkarlanean egindako ikerketa-ekintzako prozesuan, aztertuko dugu nola lagundu dezaketen living lab horiek hiriei aurretik azaldu dugun eraldaketa horren egile bihurtzen. Berrikuntza ardatz dutenez, espezializazio adimenduneko hiriko estrategia esparruaren barruan kokatzen ditugu jarduera horiek. Bilbao Next Living Labak honela definitu ditugu:

“askotariko eragileak (herritarrak ere barne hartuta) biltzen dituzten gobernantza espazioak, irtenbideak ‘denbora errealean’ diseinatu, elkarrekin egin, testatu eta ikasteko eta, horrela, Bilbao Next estrategian lehenetsitako erronkak lantzeko”.

Baina Bilbao Next Living Lab eredu hori testuinguru errealean landu behar da, hirietako erronka bati erantzuteko. Gurean, zahartzearen erronka hautatu dugu Bilbao Ekintzak living labaren ereduaren lehenengo fase honetan esperimentatzeko.

Bilboko ereduaren definizioan aurrera egiteko inputetako bat Europako hainbat living laben inguruan egin dugun azterketa alderatua izan da, zenbait hiritan ari baitira eredu horrekin zahartzearen erronkari erantzun nahian (Oslo, Manchester, Eindhoven, Kopenhage, Vasteras, Sheffield). Azterketa horretatik hainbat ikaskuntza atera ditugu, living labak nola garatu erabakitzeko:

  • Living labek hiriko gobernuaren apustu argia izan behar dute; apustuak erakusten du gobernuak berrikuntzako hiri estrategia lehenesten duela hiriko gizarte eta ekonomia erronkei erantzuteko. Era berean, gobernuek living labak berrikuntzako hiri estrategiaren gobernantzarako tresna eta eredua direla uste dute eta horretarako baliabideak jartzen dituzte.
  • Hiri berean, living laben hainbat eredu egon daitezke. Udalak askotariko rolak izan ditzake living labak garatzerakoan, ereduaren arabera (sustatzailea, bideratzailea, parte hartzailea...). Era berean, zenbaitetan, lidergoa hartuko du eta beste batzuetan, berriz, intentsitate txikiagokoa izango da bere rola. Rola edozein izanik ere, gakoa da hiriak argi edukitzea zein living lab dauden, zein eragilek hartzen duten parte horietako bakoitzean eta zein ekarpen egiten dioten hiriaren estrategiari.
  • Zeharkakotasuna eta Udaleko arlo desberdinen arteko koordinazioa funtsezkoak dira. Landu behar diren erronkak konplexuak izanik, behar-beharrezkoa da ikuspegi sistemikoa eta horizontala. Horrek esan nahi sail unitateak ez direla dinamikaren erdian egongo eta sailen arteko lankidetza esparruak sortu beharko direla, hiriko sailek helburu komun batekin lan egin dezaten.
  • Herritarrak eta tartean dauden gainerako aktoreak ahalduntzea da living labaren hurbilketa honen muina. Living labekin, hiriak merkatuaren egunez eguneko jarraipena egin dezake eta herritarrek irtenbideak lehenesteko, diseinatzeko eta probatzeko ahalmena izango dute. Horrek esan nahi du herritarrei aitortzen zaiela hiriko berrikuntza politiketan egin dezaketen ekarpena eta gakoak direla hirietako erronkei irtenbideak emateko.
  • Unibertsitatearen inplikazioa ere, neurri handiagoan edo txikiagoan, living laben ezaugarri da. Tartean dauden aktoreek nork bere jakintza jarriko du mahai gainean eta unibertsitateak hiriko beste aktore batzuekiko ikuspegi osagarria eskaintzen du.
  • Living labetan hiriaren gizarte eta ekonomia erronkei erantzunak ematen ahalegintzen gara. Horregatik, emaitza bat lortu nahi da, erronka bati erantzuteko modu berri bat, berrikuntza bat. Berrikuntza hori teknologikoa izan daiteke, ez teknologikoa, disruptiboa, gehikuntzakoa, etab.
  • Living Lab bat abian jartzeko, ez da beharrezkoa azpiegitura fisikoa edo antolaketakoa edukitzea. Baina beharrezkoa da baliabideak inbertitzea abian jartzea ahalbidetzeko, esate baterako, espazio horietako bideratzaileen dedikazioa ordainduz, hirietako Living Labak koordinatzeko.

Ikaskuntza horiek guztiek erakutsi digute zein diren living lab ereduarekin aurrera egiteko hiru baldintza nagusiak, Bilbon hiri garapen jasangarrirako gobernantza ekintzailean sakondu ahal izateko. Ikaskuntzak ekintzara eraman ditugu eta oso kontuan izan ditugu Bilbao Next Laneko ikerketa-ekintza prozesuan. Lehenengoa, Udalaren ikuspegi orokor bat edukitzea, living lab horiek gobernantza tresna gisa barne hartuko dituena. Bigarrena, gobernantza eredu horizontal bat eraikitzea hiriko gobernu arlo desberdinen artean. Eta, hirugarrena, living labak bultzatzeko ardura duten pertsonen bideratze gaitasunak garatzea. Hirurak oinarrizko baldintzak dira herritarrak berrikuntza politiketan inplikatzea lortzeko, helburu desiragarria baina, aldi berean, konplexua. Hiriek potentzial handia dute horretarako, baina eragozpenetako batzuek alderdi ukiezinekin dute lotura eta horiei arreta berezia eskainiko diegu.


usue lorenz

Usue Lorenz

Usue Lorenz, Orkestrako ikerketako bideratzailea, Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, Nazioarteko Kudeaketako espezialitatean. Nazioarteko kudeaketako Masterra egin du eta lurraldeen lehiakortasunari buruzko beste hainbat ikastaro (berrikuntzari, lurralde garapenari eta Europako berrikuntza programei buruzko ikastaroak eta hitzaldiak)..

Ikusi profil osoa


miren estensoro

Miren Estensoro

Miren Estensoro Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea da eta Deusto Business Schooleko irakaslea. Ekonomian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere aztergai nagusiak tokiko garapen ekonomikoa, lurraldeko gobernantza eta lehiakortasunerako politiken maila askotako artikulazioa dira. 

Perfil osoa ikusi