Azken hilabeteotan asko argitaratu da telelanari buruz, koronabirusaren pandemiak sortu duen krisiaren eraginez. COVID-19aren hedapena saihesteko beharrak mundu osoko milaka pertsona eta erakunde behartu ditu jarduera egokitzera eta etxetik lan egitera. Jakina, kasu gehienetan, egokitze hori ezin izan da planifikatu, egoeraren presa eta esperientzia eskasa direla eta. Helburua izan da enpresen eta profesionalen jarduerari eustea, ahal izan den neurrian.

Beraz, badirudi gizabanakoek eta erakundeek telelana egiteko duten gaitasuna moldagarritasunaren sinonimo dela. Ildo horretatik, azkenaldian gehien entzuten eta irakurtzen den hitzetako bat erresilientzia da. Salanovaren iritziz(1), erresilientzia egoera gogorretan ongi funtzionatzen jarraitzeko gaitasuna da. Hala, pertsona eta erakunde erresilienteak gai dira pandemiak ekarri duena bezalako krisi egoeretan ongi funtzionatzen jarraitzeko, aldaketei modu proaktiboan aurre egiteko eta, krisia oinarri hartuta, hazteko.

Blog honen orain dela gutxiko post batean, Carla Peletierrek esaten zigun, teknologia berriei dagokienez, enpresak telelana, merkataritza elektronikoa eta berrasmatzeko gaitasuna ari direla erabiltzen erresilientzia estrategia gisa. Telelanari dagokionez, enpresa gehienak lana antolatzeko modalitate hau "probatzen" ari dira, lehenengo aldiz, askotan. Eta emaitzak aztertu beharko dira, epe laburrera.

Telelana enpresek gaur egungo egoerara azkar egokitzeko behar duten erantzuna dela jakinik ere, aztertu beharko genuke zenbat lan egin daitezkeen etxetik eta zenbat lan egin daitezkeen etxetik baldintzarik onenetan. Ildo horretatik, gaur egungo krisia aztertzeko IVIE-Ikerketa Ekonomikoen Valentziako Institutuak (2) orain dela gutxi argitaratu duen dokumentu batean aipatzen da INE-Espainiako Estatistika Institutuko Biztanleria Aktiboaren Inkestako datuak hartuta, Espainian 2019an biztanleria landunaren %4,8k egiten zuela lana etxetik, nahiz eta %22,3k izan horretarako aukera. Madrilgo autonomia erkidegoan, landunen %28k zuen telelana egiteko aukera; Extremaduran, berriz, landunen %17,5ek. Hala ere, telelanean aritzen ziren langileen ehunekorik handiena Asturiasen zegoen (%6,6) eta txikiena, Errioxan (%3,6). Euskal Autonomia Erkidegoan, landunen %24,5ek zuen aukera urrutitik lan egiteko, baina soilik %4,3k egiten zuen telelana.

Telelanean aritu ahal izateak ez du beti esan nahi modu egokian eta eraginkorrean lan egitea. IVIEren analisiak adierazten digu gaur egungo krisian telelana ezustean etorri denez, litekeena dela aurrez aurreko lanaren emaitza maila bera ez lortzea. Hortaz, telelana erresilientzia estrategia bat izango da baldin eta modu egokian egin badaiteke, eta pertsonen ongizateari ahalik eta kalterik txikiena eginez.

 José María Peiró Erakundeen eta Lanaren Psikologiako katedradunaren iritziz(3), enpresek telelan lehiakorra egiteko aukera izan dezaten, beharrezko ekipamenduak eta ekipamendu horien erabilera egokia ziurtatu behar dituzte. Era berean, langileei prestakuntza eskaini beharko diete modu horretara lan egiteko, lan sistema berrantolatu, eta telelaneko hainbat modu aztertu, ez soilik langileen etxean egitekoa. Ildo horretatik, telelan lehiakorrerako oinarrizko hiru alderdi hartu behar dira kontuan: baliabideak, trebetasunak eta baldintzak. Alderdi horiei lotutako elementu nagusiak azalduko ditugu jarraian.

Baliabideak

Baliabide ugari behar dira telelana baldintza onenetan egiteko. Teknologiari dagokionez, baliabide nagusietako bat Internet edukitzea da, etxetik lan egitea ia ezinezkoa izango bailitzateke sarera egoki konektatzeko aukerarik gabe. Hain zuzen ere, Orkestrak garatutako Eskualdeko Lehiakortasunaren Behatokiak banda zabaleko sarbidea duten etxeen ehunekoa lehiakortasunaren adierazleen artean sartzen du. Ildo horretatik, Eurostat eta Eustateko datuak oinarri hartuta, adierazleak erakusten digu 2018an Espainiako etxeen %86k zuela Interneteko sarbidea. Ehunekoa, gainera, handiagoa zen Madrilgo erkidegoan (%91) edo Euskal Autonomia Erkidegoan (%90).

Hala ere, garbi dago telelan eraginkorrak ekipoak eta aplikazio informatikoak ere behar dituela, etxetik lanean ari diren pertsona guztien eskura ez daudenak. INE-Espainiako Estatistika Institutuaren etxeetako IKTetako ekipamenduari eta erabilerari buruzko inkestak adierazten digu 2019an etxeen % 81 inguruk zuela ordenagailu motaren bat, familian 16-74 urte arteko kideak bazeuden. Autonomia Erkidegoak aztertuz, ehunekorik txikiena Galiziak du (% 73,3) eta handiena, berriz, Madrilek (% 87,8).

Nolanahi ere, etxeko kide guztiek gailu horiek erabiliz etxetik lan egin edo ikasi behar dutenean, aukerak gutxitu egiten dira. Era berean, argi dago funtsezkoa dela eskura ditugun baliabideen kalitatea. Arrazoi hori dela eta, pandemia egoera honek ekarri duen telelanean behin eta berriro entzun dira baliabide egokirik ez edukitzeari lotutako kexak, baliabide teknologikoei zein teknologiaz bestelakoei dagokienez: arrazoizko tamainako ordenagailu pantailak, bulegoko aulki ergonomikoak, lanerako espazio pribatuak eta argitsuak kontzentrazioa errazteko, besteak beste.

Etxetik lan egiten duten edo horretan saiatzen diren pertsonetako askok etxeko espazio komunetan egiten dute lan, familiako gainerako kideek beren lan, ikaskuntza edo aisiako jarduerak egiteko –esate baterako, telebista ikusteko– erabiltzen dituzten espazio beretan, alegia. Horrela, milaka pertsona daude telebistaren ahotsarekin lan egitera behartuta, hala nahi ez badute ere.

Baliabide egokirik ez edukitzeak eta horrek sortzen dituen osasun arazoek titular deigarriak eraman dituzte egunkarietara: "Deslomados por el teletrabajo" (4). Artikulu horiek egoeraren berri ematen dute eta azpimarratzen dute garrantzitsua dela enpresek etxean lan egiten duten pertsonei behar duten material ergonomikoa ematea. Bestalde, informazioa eta komunikazioa biltegiratzeko ekipamendurik eta aplikazio informatikorik ez edukitzeak edo ekipamendu horrek ongi ez funtzionatzeak, konektagarritasun arazoekin batera, ekar dezake telelanean ari diren pertsona askok "teknoestresa" deitutakoa edukitzea (5).


Trebetasunak

Telelaneko ezusteko egoera honek agerian utzi du askotariko trebetasunak behar direla horrela lan egiteko. Peiró irakaslearen esanetan, urrutitik komunikatzeko trebetasunak eta lana urrutitik egiteko trebetasunak dira horietan nagusiak. Gainera, talde birtualetan lan egiteko trebetasunak eta lan ohitura egokiak –horien artean, lanaldia planifikatzea, laneko bizitza eta bizitza pertsonala bateragarri izan daitezen– sortzeko beharra agerian gelditu dira. Ildo horretatik, beren aurrez aurreko jarduera urrutiko lanera egokitu behar izan duten edo egokitzea aztertzen ari diren enpresek kontuan hartu behar dute langileekin trebetasun horiek landu behar dituztela. Hain zuzen ere, horretan trebeak dira "freelancerrak" eta haiengandik ikas dezakegu.

Bestalde, argi dago telelanerako behar diren trebetasunetan pentsatzerakoan, erakundeetako liderren trebetasunei ere begiratu behar zaiela. Duela gutxi egindako elkarrizketa batean, Ignacio Galán (6) Iberdrolako presidenteak adierazi zuen itxialdiak beste erronka bat ere ekarri duen: urrutiko lana egiten duten pertsonen zuzendaritza.


Baldintzak

Ezustean iritsi den telelanari lotutako beste erronka handietako bat da telelaneko baldintzek bizitza pertsonala eta lanekoa bateratzeko aukera ematea. Horretan funtsezkoa da erakundearen malgutasuna eta lan eskemak egokitzea.

Erakundearen malgutasunak eskatzen du kontuan hartzea gaur egungoa bezalako ezusteko egoera batean ia ezinezkoa dela lana normal egitea, lanorduetan ez baitago bermatuta etxeko beste kide batzuen zaintzak. Hala, familiak eta lanak eskatzen dutena norberak eman dezakeena baino gehiago da. Malgutasun horrek ekarri beharko luke, esate baterako, lana helburuen arabera antolatzea eta lanean erantzuteko denborak egokitzea.

Orkestrako ikertzaile seniorrak aipatzen du zaintzak oso gaBlog honetan argitaratu berri den beste post batean, Susana Francorrantzitsua dela ekonomia eta gizarte sistemaren funtzionamendu egokirako.

Ondorio gisa, koronabirusaren garaian telelana erresilientziako estrategietako bat izan da, eta telelanerako gaitasuna lagungarria izan da bai norberaren enplegagarritasunean eta bai erakundearen lehiakortasunean. Hala ere, telelanak erronka handiak jartzen dizkigu aurrean, lan egiteko modu honek lehiakortasun handiagoa ekar dezan, baina ongizateari kalterik egin gabe. Erronka horiei erantzun beharko diete bai erakunde politikek eta bai politika publikoek.

 


  • (1) Moya, M.; Willis, G.B.; Paez, D.; Pérez, J.A.; Gómez, Á.; Sabucedo, J.M.; ... Salanova, M. (2020ko apirilak 23). La Psicología Social ante el COVID19: International Journal of Social Psychology (Gizarte Psikologiako Aldizkaria) aldizkariaren ale monografikoa. https://doi.org/10.31234/osf.io/fdn32
  • (2) Peiró, J.M. eta Soler, A. (2020). El impulso al teletrabajo durante el COVID-19 y los retos que plantea. COVID-19ari lotutako txostenen bilduma: IvieExpress. IVIE helbidean eskuratua.
  • (3) IVIEko ikertzaile honen planteamenduak dokumentu honetan ikus daitezke.
  • (4) Alfageme, A. (2020ko maiatzaren 18a). Deslomados por el teletrabajo. El País. https://elpais.com/sociedad/2020-05-17/deslomados-por-el-teletrabajo.html helbidean eskuratua.
  • (5) Salanova, M.; Llorens, S.; Cifre, E. eta Nogareda, C. (2007). El tecnoestrés: concepto, medida e intervención psicosocial. Prebentzioko Ohar Teknikoa, 730, 21. bilduma. Laneko Segurtasun eta Higienerako Institutu Nazionala.
  • (6) Jiménez, M. (2020ko maiatzaren 24a). Ignacio Galán “Si aceleramos las energías limpias podríamos crear 300.000 empleos ya”. El País. https://elpais.com/economia/2020-05-24/si-aceleramos-las-energias-limpias-podriamos-crear-300000-empleos-ya.html helbidean eskuratua.

Juan Gamboa

Juan Gamboa

Juan Orkestrako ikertzailea da. Hezkuntzaren eta enpleguaren arteko harremana izan du ikerketan eta irakaskuntzan aztergai nagusi, bereziki enplegagarritasuna, laneratzea, enpleguaren kalitatea, gaitasunak eta lan ibilbidearen garapena.

Psikologian lizentziaduna da eta Erakundeen eta Lanaren Psikologian doktorea. Kontsumitzailearen Psikologian graduondoko ikasketak ere baditu.

Perfil osoa ikusi