COVID-19ak eragin duen osasun krisiak beste protagonista bat ere badu: teknologia berriak. Teknologia berriek gizarteari eskaintzen dizkioten abantaila kalkulaezinak ezagunak genituen krisiaren aurretik ere, baina bizi duguna bezalako aparteko egoeretan, haien eragina indartu egin da gure bizitzako esparru guztietan. Hainbat adibide ekarriko ditugu jarraian, labur-labur.

Lehenengo alderdia informazioarena da, nahiz eta, beharbada, ez izan agerian gehien jartzen ari dena. Ohituta gaude munduan gertatzen ari denaren inguruko azken berriak euskarri digitalen bidez jasotzera; baina une berezi hauetan, albisteak, datuak, elkarrizketak, agerraldiak eta abar hainbeste izanik, trafikoa oso ugaria da eta, hala ere, informazioa erabateko normaltasunez jasotzen jarrai dezakegu, teknologia berriei eta haien sare egitura sendoei esker, funtsean. Hedabideek beren lana egiten jarraitu ahal izan dute, nahiz eta pandemia honek etxean geratzera behartu gaituen. Etxean gaude, bai, baina inoiz baino konektatuago, eta azken berriak erraz jaso ditzakegu, Internetera, irratira edo telebistara konektatuta. Horri horrela izan dadin, ezinbestekoak dira kalitatezko konektagarritasun azpiegiturak, beren ahalmena egokitzen ari direnak eskariaren hazkundeari erantzuteko. Beste kontu bat da horrek, batzuetan, gehiegizko informazio sentsazioa sortzea edo, hain zuzen ere, teknologiek ahalbidetzen duten informazioaren berehalakotasunaren eraginez, arazo larriak ere sortzea, esate baterako, gezurrezko albisteak ziztu bizian zabaltzea.

Hezkuntza sektorea ere teknologiaz baliatzen ari da, plataformak eta bestelako bitartekoak erabiliz, ikasleek eta irakasleek ikasturtearekin modu digitalean jarraitzeko.

Itxialdi garaian izugarri ugaritu den eta, hortaz, arrakasta handia izan duen tresna mota bat aukeratzekotan, bideo deiak azpimarratuko genituzke. Telefoniako operadore baten datuen arabera, bideo deietako aplikazioen deskargen kopuruak kasuren batean % 4000ko hazkundea izan du azken hilabetean. Komunikazioaren teknologiak oso garrantzitsuak izaten ari dira pertsonen arteko harremanetan, maila pertsonalean zein profesionalean. Esparru horretan ere, sistemak efizientea dela erakutsi du, datu trafikoaren hazkundeari erantzuteko garaian.

Krisi honetan, ezin dugu ahantzi teknologiaren garrantzia osasun eta segurtasun esparruetan. Teknologia ugari ari dira erabiltzen birusaren kontrako borrokan eta birusa zabaltzea saihesteko lanetan: 3D inprimatzeei esker, balbulak, arnasgailuak eta haizagailuak ekoitzi dira, ospitaleetako hornikuntza eskasiak estaltzeko, edo babes maskaren modelo berriak egin dira, osasun arloko profesionalentzat; zibersegurtasuna garrantzi handikoa izaten ari da osasun sistema publikoek jasan dituzten erasoei, datuen lapurretari, gezurrezko albisteak zabaltzeari edo informatikako beste ahultasun batzuei erantzuteko, teknologiaren mendeko baikara, are gehiago oraingoa bezalako ahultasun egoera kolektiboetan; adimen artifizialak eta datuen analisiak (big data) birusaren portaera eta pandemiaren bilakaera aztertu eta ulertzen lagundu digute, eta joan-etorriak kontrolatu eta birusaren agerraldiak arakatu ahal izan dira, aplikazioez eta GPSaz baliatuta, datuak tratatzeko eta aurreikuspenak egiteko ereduen bidez; droneak erabili dira urruntze fisikorako murrizketak gainditu eta materiala garraiatzeko, herritarrei mezuak helarazteko edo hiriko espazio batzuen irudiak jasotzeko; robotez eta ibilgailu autonomoez baliatuz, tokialdaketak edo desinfekzio lanak egin dira… Adibide ugari aurki ditzakegu bai Espainian eta bai beste herrialdeetan.

Orain arte aipatu ditugun adibide horiek erakusten digute teknologia ezinbestekoa izaten ari dela krisi honen askotariko eraginei aurre egiteko. Bilduma labur hau –ziur aski, agerikoena erakusten duena– nahikoa da konturatzeko teknologia berriak zeharkakoak edo transbertsalak direla, sektore guztietan azaltzen direlako. Baina, zer ari da gertatzen, zehazki, enpresetan?

Analisi xeheetan sartu gabe, lehenengo begiratuan ikus dezakegu, teknologiari lotuta, hiru elementu ari direla enpresei laguntzen, lehenengo etapa honetan, krisiaren hasieratik: telelana, onlineko merkataritza eta berrasmatzeko gaitasuna.

Hasteko, telelanak aukera eman digu pertsona askori etxetik lan egiteko, prebentzio neurri moduan, Alarma egoera ezarri baino lehenagotik ere. Teknologiek hainbat tresna jartzen dituzte enpresen eskura, lana antolatu eta partekatzeko, laneko toki fisikoetako instalazioetan egon gabe (esate baterako, hodeiko konputazio zerbitzuak). Era berean, bideo hitzaldiak egiteko aukera ematen dute edo gure lantokitik eskura genituen funtzionalitate berdinetara urrunetik sartzekoa. Telelanean aritu diren enpresek nahitaezko “test” honek kostuen aurrezkietan, lanera ez joatea gutxitzean eta abarretan izan dituen eraginak aztertu eta ondorioak atera ahal izango badituzte ere, berehalako etekin bat badago, oso agerikoa: jarduerarekin jarraitu ahal izan da, neurri handiagoan ala txikiagoan. Malgutasunez erreakzionatu ahal izateko, kasu bakoitzean telelanak behar dituen euskarri eta azpiegiturak edukitzea funtsezkoa da.

Bestalde, merkataritza elektronikoa salmentan aritzen diren enpresetan desberdintzeko elementu bat izaten ari da, krisi honi aurre egiteko garaian. Espainian martxoaren erdialdetik aurrera merkataritza elektronikoaren bilakaera aztergai duen lan baten arabera, itxialdiaren lehenengo astean %55 hazi zen merkataritza mota hori eta, hurrengo asteetan, %24 inguruko hazkundeari eutsi zion. Alarma egoeran, kanal digitala merkataritza jarduerari eusteko bide bakarra izan daiteke. Gainera, bezero berriengana iristeko aukera ematen du, bezero horien ohiko hornitzaileek zerbitzu hori eskaintzen ez badute.

Azkenik, azpimarratzekoa da enpresa askok beren jarduera aldatu dutela osasun larrialdi honen aurrean laguntza eskaintzeko. Beren ekoizpen lerroak eraldatu dituzte maskarak, babes jantziak edo behar ziren bestelako osasun objektuak egiteko. Enpresa guztiek ez dute beren jarduera birmoldatzeko eta gaur egungo egoeretara egokitzeko gaitasuna, baina gaitasun horretan zerikusia du teknologiak. Hain zuzen ere, enpresa teknologikoek badute malgutasun hori.

Krisi honek erakutsi digu teknologiak, egoera arruntetan, gure bizitzako esparru askotan duela presentzia eta presentzia hori are garrantzitsuagoa dela aparteko eta zailtasuneko garaietan, orain bizitzen ari garenen antzekoetan. Baina, aldi berean, inoiz baino gehiago, konturatu gara teknologiak dena ezin digula eman. Inork ez du zalantzan jartzen hau guztia amaitzen denean, hainbeste mezu eta deietatik deskonektatu egingo garela (gutxirako bada ere) eta hain beharrezkoak ditugun muxu eta besarkadetara itzuliko garela.


Carla Peletier

Carla Peletier

Carla Ekonomian lizentziaduna da, Madrilgo Unibertsitate Autonomoan. Lizentziaturako azken urtea Pariseko Dauphine Unibertsitatean ikasi ondoren, Ekonomia Aplikatuko titulazio bikoitza eskuratu zuen unibertsitate horretan. Nazioarteko Harremanetako eta Kanpo Merkataritzako Masterra da, ALITER Nazioarteko Negozio Eskolan.

Perfil osoa ikusi