Krisi garaian gaude eta eskuartean ditugun arazoek erantzun azkarrak eskatzen dituzte. Osasun sistemak azkar erantzun behar du biziak salbatzeko eta lehiakortasunaren inguruan dihardugun orok azkar ibili beharra daukagu enpresak eta, ondorioz, enpleguak mantentzen laguntzeko. Horrelako garaietan zaila da lankidetzazko gobernantzaren eraikuntzan hastea, bere emaitzak epe luzean ikusten direlako. Baina, aldi berean, ezinbestekoa da gobernantzaren inguruko galdera bat egitea: azken hamarkadan Euskal Autonomia Erkidegoan lankidetzazko gobernantza garatzeko egin diren ahaleginek, lagundu al dezakete orain krisiari azkar erantzuten? Hau da ondorengo lerroetan erantzun nahi dugun galdera.

Gobernantza ereduen garrantzia ulertzeko lehen pausoa krisi honen konplexutasuna kontuan hartzea da. COVID-19aren krisiak agerian utzi ditu gure sistema sozioekonomikoaren erronka handiak eta beraien arteko loturek dakarten konplexutasuna. Horren adibide da azken aldian osasuna eta ekonomiaren artean azaltzen zaigun dikotomia. Ekonomia jardueraren barruan ere, horrenbeste sektore, enpresa, balio kate eta eragileei eragiten dien krisi bati aurre egiteko konponbideak ere konplexutasun hori kontuan izanda definitu behar dira. Ondorioz, Orkestraren txostenean azpimarratzen ditugun aholkuak praktikara eramatea ere erronka konplexua da. Horrek zer esan nahi duen? Ba banakako erreakzioen batuketaz haratago, koordinazio, sinergia eta elkarlanean oinarrituriko erantzun sistemikoak inoiz baino beharrezkoagoak direla. Eta horretarako, lidergo indartsuak baina aldi berean, harremanetan eta erantzun kolektiboetan oinarritzen direnak ezinbesteko izango direla. Honek, lurralde maila eta eragile anitzeko gobernantza ereduek berebiziko garrantzia hartzen dutela ondorioztatzera garamatza.

Geure begirada beste lurraldeetan martxan jartzen ari diren neurrietan jarriz gero, lankidetzazko gobernantza ereduen garrantzia berresten da. Horren adibide dira Italian, enpresa txikienei laguntzeko neurrien artean, eragile anitzeko lankidetza ereduak sei interbentzio-lerro nagusienetako bat izatea. Frantzian, berriz, maila anitzeko gobernantzak balio kateen birlokalizazioa sustatzeko duen balioa goraipatzen ari dira. Izan ere, Estatu mailatik bultzatzen den lan-lerro honetan, birlokalizazio aukerak identifikatzeko erregio mailako erakundeak ez ezik, tokiko garapen agentziek duten papera azpimarratzen da.

Eta gurean? Gurean badira, krisi honen baitan, argitara atera eta euren balioa erakutsi duten lurralde maila eta eragile anitzeko gobernantza ereduak. Orkestrak honen inguruko ikasketa sakona egin dugu azken hamarkadan gaur egun Etorkizuna Eraikizeko Lurralde Garapenerako Laborategia moduan ezagutzen dugun proiektuan. Ondorioz, Gipuzkoan jarri dugu hausnarketa honetarako gure fokoa. Krisiaren ondorio ekonomikoen aurka indar kolektiboa egiteko Foru Aldundiak martxan jarri ditu eskualdeetako agentziekin dialogo espazioak. Enpresa txikienak izan dira dialogo horien zentroa. Izan ere, zantzu guztiek erakusten dute, arlo ekonomikoan krisi hau gehien pairatuko duten kolektiboa dela enpresa mikro eta txikiena. Horixe da, krisiaren aurrean enpresen zaurgarritasun finantzieroa aztertzeko Orkestran egindako analisiaren emaitzetako bat.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, erresistentzia fasean modu azkarrean sortu ditu eskualdeekin dialogorako espazio hauek eta, ezbairik gabe, berreskuratze fasean eman beharreko pausoak definitzeko ere berebiziko balioa dute. Are gehiago berreskuratze fase honetan gizarteak eta ekonomiak dituen sakoneko erronkei ere heldu nahi bazaie. Trantsizio jasangarrirako gerturapenak erakusten duen moduan, epe luzeko arazo iraunkor edo errepikakorren aurrean, estrategia bat definituta izateaz gain, beharrezkoa baita gobernantza sistema bizi bat izatea. Alde batetik, etorkizuneko bapateko erronken aurrean erantzun azkar eta egokiak emateko malgutasuna izateko. Bestetik, gobernantza jasangarriak gizartean eta arlo sozioekonomikoan izan dezaken inpaktu positiboagatik.

Hausnarketa hauek epe laburreko eta epe luzeko politiken dilemara garamatzate. Jakin badakigu, lurralde garapeneko politiken arloan erabaki eta ekintza kolektibo azkarrak, aurretik eraikitako oinarriei esker ematen direla. Urteetako lanarekin laborategiaren inguruan eraikitako harremanak epe motzean enpresen eta lurraldearen beharrei erantzuteko baliagarri izateaz gain, epe erdi eta luzeko estrategiak eraikitzeko tresna baliotsua bihurtu dira. Honek, askotan nahi baino polikiago garatzen diren lankidetzazko gobernantza ereduen eraikuntzan lan egitea zein garrantzizkoa den erakusten digu.

Ikasketa honen harira, garrantzitsua da gogoratzea erresistentzia etapa hau gainditzen dugunean eta jarduera ekonomikoaren berreskuratze eta berriztatze faseetan hasten garenean, lankidetzazko gobernantza beharrezko tresna izango dela banakako laguntzetatik haratago sistema osoarentzat baliagarri izango diren erantzunak eraikitzeko. Izan ere, modu kolektiboan banaka iritxi ez gaitezken tokietara iristen gara eta hau ezinbestekoa izango da, batez ere enpresa txikiei lagundu nahi bazaie. Horra hor, epe laburra eta luzea konbinatzearen sekretuetako bat, epe laburreko arazoek buru belarri aritzea eskatzen digutenean ere, epe luzeko ahaleginei eustea.


ainhoa arrona

Ainhoa Arrona

Ainhoa Arrona Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea da. Gizarte Zientzietan doktorea da, Deustuko Unibertsitatean, eta Giza Zientzietan eta Enpresan lizentziaduna, unibertsitate berean. Gainera, Iraunkortasun eta Gizarte Erantzukizun Korporatiboko Masterra du (UJI-UNED).

Perfil osoa ikusi


miren estensoro

Miren Estensoro

Miren Estensoro Ekonomian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea. Deusto Business Schooleko irakaslea ere bada.

Perfil osoa ikusi


miren larrea

Miren Larrea

Miren Larrea ikerketako laguntzaile gisa hasi zen Deustuko Unibertsitatean. Bertan egin zuen doktorego tesia, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko ekoizpen sistemei buruz.

Perfil osoa ikusi


miren larrea

Amaia Zumeaga

Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan graduduna, Amaiak Deustuko Unibertsitateko Lehiakortasunari eta Berrikuntzari buruzko Masterra egin du.

Perfil osoa ikusi