2016ko otsailaren 22a

clusteres evaluacion sesion spri orkestra


Euskal Autonomia Erkidegoko 22 kluster elkarte eta aurreklusterrek bilera izan dute, Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean, beren jardueraren inguruan gogoeta egiteko, arlo horretan Europan eta mundu osoan dauden joerak kontuan hartuta.

SPRI taldeak eta Orkestrak antolatutako hirugarren topaketa izan da oraingoa. Aurreko bietan klusterren etorkizuneko erronkei eta kluster politikei buruzko eta klusterrek RIS3 espezializazio adimenduneko prozesuan duten egitekoari buruzko gogoeta egin dute.

Aitziber Elola, Anastasiia Konstantynova eta James Wilson Orkestrako ikertzaileak arduratu dira saioaz eta bereziki azpimarratu dute klusterren jarduera ebaluatzeak duen garrantzia. Era berean, kluster elkarteen jarduera ebaluatzeko jardunbide egokiak eta erronkak aztertu dituzte, elkarrekin. Azterketa horretan, ondoko galderei erantzuten ahalegindu dira: Nola eskura dezakegu informazio egokia/beharrezkoa (kualitatiboa eta kuantitatiboa) gehiegizko ebaluazioan erori gabe? Nola neurtu dezakegu konfiantzaren eraikuntza eta lankidetzaren indarra/ahalmena? Nola ziurta dezakegu ikaskuntza ebaluatzen dela, kontuan hartuta oso baliagarria dela bai klusterrentzat eta bai policy makerrentzat?

James Wilsonek bere aurkezpenean adierazi duen bezala, klusterren ebaluazioa erronka da berez, izan ere, sarri askotan, klusterren emaitzak epe luzera ikusten dira. Gainera, esparru oso heterogeneoa da. Era berean, kluster politikek lehiakortasunari lotutako beste politika askorekin lotura dute eta, horregatik, batzuetan zaila izaten da politika batzuen eta besteen arteko mugak zehaztea. “Ebaluazioa ikaskuntza prozesu bat da, neurtzeko tresna bat baino gehiago; horregatik, hesiak hautsi eta ebaluatzeko beldurrak uxatu behar ditugu”, erantsi du Wilsonek bere aurkezpenaren amaieran.