2015eko urriak 21

Orkestrak eta Eusko Jaurlaritzak, SPRIren bidez, Basque Cluster Day (#BasqueClusterDay) antolatu dute gaur, lehenengo, Euskadin kluster politikak 25 urte bete dituela ospatzeko. Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak azpimarratu du, jardunaldiari hasiera emateko ekitaldian, klusterrek egiteko oso garrantzitsua izan dutela industriaren teknologia espezializazioa, nazioartekotzea eta enpresen aldaketa bultzatzeko.
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiarako eta Lehiakortasunerako sailburuak eta Alexander Arriola SPRI Taldeko zuzendaria nagusiak ere hartu dute parte, Mari Jose Arangurenekin batera, Basque Cluster Dayren hasierako ekitaldian. Tapia sailburuak ziurtatu du gaur inoiz baino beharrezkoagoa dela politika horretan aurrera egitea, klusterrek bat egin dezaten espezializazio adimenduneko Europako estrategiekin (RIS3). Industria politikan, espezializazioaren eta dibertsifikazioaren arteko "oreka egokiaren" alde azaldu da, baita berrikuntzari eta garapen teknologikoari laguntzearen alde ere. Bereziki azpimarratu du espezializazio adimenduko estrategiek aukera handiak eskaintzen dituztela mundu mailan lehenengo tokietan jartzeko, Euskadiren hobi global eta etorkizun handienekoetan: Fabrikazio aurreratua, energia, eta biozientziak/osasua. Klusterrek prozesu horri lagundu behar diote, enpresen arteko lankidetza bultzatuz eta euskal industriak esparru horretan dituen aukerak behar bezala aprobetxatzen lagunduz.
Jardunaldian parte hartu du Christian Ketels doktoreak, Harvardeko Unibertsitateko irakasle eta Orkestrako Aholku Batzordeko kideak. Ketelsek adierazi du Euskadiko kluster politika kasu arrakastatsua dela eta nazioartean aztertzen dela, lurraldeko politika horrek denboran zehar egokitzen jakin izan dutelako, baina, aldi berean, jarraitutasunez egin duelako aurrera, 25 urte hauetan.
Bestalde, Michael E. Porter Harvardeko Unibertsitateko irakasle eta Orkestrako ohorezko presidenteak Euskadin kluster politikako urte hauetan egindako lana zoriondu du, bideo baten bidez. Bideo horretan Jon Azuaren lana azpimarratu du, 1980ko hamarkadan lehendakariorde eta Industria sailburu izan zena eta kluster ekimenaren bultzatzaile eta aitzindaria.
Aipatutako kideez gainera, jardunaldiaren lehenengo zatian parte hartu dute Mikel Navarro eta James Wilson Orkestrako ikertzaileek: etorkizuneko kluster politiken eta loturen inguruko gogoetak aurkeztu dituzte, kluster politika bat etor dadin Euskadiko RIS3 estrategiak zehaztutako lehentasunekin. Aitziber Elola klusterren eta balio kate globalen ikerlerroko arduraduna euskal klusterren erronken inguruko mahai inguruaren moderatzailea izan da. Mahai inguru horretan parte hartu dute Euskadiko kluster elkarteetako ordezkariek ala nola: ACICAE, ACLIMA, AFM, BIOCLUSTER, Clúster ENERGÍA, FMV, GAIA, HABIC, HEGAN.