2015eko uztailak 16

Orkestra eta SPRI-Eusko Jaurlaritza gaur goizean elkartu dira Euskal Autonomia Erkidegoko 11 kluster elkarteekin eta 11 kluster aurrekoekin, elkarrekin lurraldeko kluster elkarteen eta kluster politiken etorkizuneko erronken inguruko gogoeta egiteko.
Saioa Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean izan da, eta kluster elkarteen egitekoaren inguruan gogoeta egin nahi izan da bertan, kontuan hartuta, alde batetik, Europako eta nazioarteko joerak klusterren eta lankidetza sareen inguruan, eta, beste aldetik Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk orain arte aurrera eraman duten kluster politika berritzeko asmoa.
Iñaki Tellechea SPRI taldeko Enpresa Sustapenerako zuzendariak eman dio hasiera jardunaldiari eta lehenengo saio honetako gaia dagokion testuinguruan kokatu du. Gainera, saio horiek jarraipena izatea espero duela azpimarratu du.
Orkestrako James Wilsonek, Mari Jose Arangurenek eta Aitziber Elolak gogoeta labur bat aurkeztu dute kluster politiken etorkizunaren inguruan, hiru arlotako erronkak aurrean izanik: espezializazio adimenduneko estrategiak (RIS3) aurkezten dituenak; berrikuntzari lotutakoak; edo enpresen arteko eta klusterren arteko lankidetzaren ingurukoak. Europan arrakastaz ezarri diren kluster politiken adibideak ere aurkeztu dituzte. (Jaitsi aurkezpena).
Bestalde, Txomin Olabarrik, SPRI taldeko Klusterren eta Azterlanen Koordinazioko arduradunak, Orkestraren aurkezpenaren ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko kluster elkarteen eta kluster aurrekoen testuinguruaz hitz egin du, gaur egungo kluster politikez eta kluster politika horiek berritzeak dakartzan erronkez, garaian garaiko beharretara egokitzeko.
Goiz osoko jardunaldi honen bigarren zatian, talde dinamikak egin dira. Kluster elkarteetako zuzendariek eta ordezkariek elkarrekin gogoeta egin dute, saioaren lehenengo zatian aurkeztutako ideien ildotik: euskal klusterrek zein ekarpen egiten dioten EAEren lehiakortasunari; euskal klusterren erronka kritikoak lurraldearen lehiakortasunari laguntzen jarraitzeko; eta euskal klusterren mugak nola ari diren aldatzen, lurraldearen lehiakortasunari balioa ematen jarraitzeko.
Ildo horretatik, eta RIS3ak aurkezten dituen erronkak kontuan hartuta, datorren urriaren 21ean “First Annual Cluster Day” ospatuko da, SPRI taldeak antolatua, Orkestraren laguntzaz. Jardunaldiaren xedea izango da gaurko saioan hasitako gogoetarekin jarraitzea eta gogoeta hori Euskal Autonomia Erkidegoan sustatutako espezializazio adimenduneko estrategiekin lotzea. Hain zuzen ere, estrategia horien diagnostikoa Orkestrak berriki argitaratu duen Lehiakortasunari buruzko Txostenean jaso da.