2026ko urriaren 8a

© Irudia: Atlántico departamentuko delegazioa
- Eduardo Ignacio Verano de la Rosa gobernadoreak zuzendutako ordezkaritzak Institutuaren misioa eta funtzionamendua ezagutu ditu
- Mercedes Oleagak, Stephanía Mosquerak eta Yazari Agudelok Orkestraren hainbat proiektu aurkeztu dizkiete, erakunde publikoekin eta lurraldeko beste eragile batzuekin elkarlanean garatutakoak
Joan den ostiralean, Orkestrak Kolonbiako Atlántico departamentuko ordezkaritza bat hartu zuen. Eduardo Ignacio Verano de la Rosa gobernadoreak zuzendu zuen ordezkaritza, eta honako hauek ere izan ziren bertan: Liliana Borrero, Atlántico departamentuko lehen gizarte-kudeatzailea; Cecilia Arango, Plangintzako idazkaria; eta Arturo García Sandoval, Nazioarteko Gaietako arduraduna. Atlántico Kolonbiako Karibe eskualdean dago, eta Barranquilla du hiriburu. Herrialdea lurraldeka antolatzen duten 32 departamentuetako bat da. Lurralde-erakunde gisa, besteak beste, lurraldearen plangintzarekin, garapen ekonomiko eta sozialarekin eta ingurumen-kudeaketarekin lotutako eskumenak ditu.
Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Sailak koordinatutako bilerak aukera eman zuen Orkestraren misioa, antolaketa-egitura eta funtzionamendua azaltzeko, baita haren ikerketa-ildo nagusiak eta erakunde publikoekin eta lurraldeko beste eragile batzuekin elkarlanean garatutako hainbat proiektu ezagutarazteko ere. Deustuko Unibertsitatearen izenean, Mikel Larreina, Deusto Business Schooleko Nazioarteko Harremanetarako dekanordea, ere izan zen bileran.
Bisitan zehar, Mercedes Oleagak, Stephanía Mosquerak eta Yazari Agudelok Orkestraren rola azaldu zuten, ekintzara bideratutako ezagutza sortzeko espazio gisa. Institutuaren misioa da, ikerketaren bidez, Euskadiren lehiakortasuna eta, horrenbestez, herritarren ongizatea hobetzen laguntzea. Horretarako, lurraldearen erronketan eragiteko gaitasuna duten eragileekin batera ikerketa-proiektuak garatzen ditu.
Ordezkaritzak Institutuaren ikerketa-arlo nagusietako batzuk ere ezagutu zituen, besteak beste, energia- eta klima-trantsizioaren arloan egiten duen lana.
Testuinguru horretan, energia- eta klima-aurrekontuen proiektua aurkeztu zen, Ihoberekin batera garatutakoa. Proiektuaren helburua da identifikatzea eta kuantifikatzea gastu publikoaren zer zati laguntzen duen arintzean, egokitzapenean eta energia-trantsizioan, eta gastu horren jarraipena egiteko metodologia komun bat garatzea. Era berean, energia berriztagarrien proiektuen gizarte-onarpenari buruzko ikerketa aurkeztu zen, EVErekin batera egindakoa. Ikerketa horrek energia berriztagarrien hedapena tokiko komunitateen behar eta itxaropenekin bateratzeko beharra aztertzen du.
Ordezkaritzak Orkestrak garatutako behatokiak ere ezagutu zituen. Lurraldeen lehiakortasun-egoera monitorizatzeko, diagnostikoak egiteko eta erabakiak hartzen laguntzeko tresnak dira. Horien artean daude Eskualdeen Lehiakortasun Behatokia, Europako 200 eskualde baino gehiagoren bilakaera alderatzen duena; Espainiako Lanbide Heziketaren Behatokia; eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ezkutuko Txapeldunen Behatokia.
Bilera Orkestraren nazioartekotze-estrategiaren parte da, eta Institutuak Euskadi lehiakortasunari eta lurralde-garapenari buruzko nazioarteko eztabaidetan erreferente gisa proiektatzeko duen konpromisoa erakusten du.