2026ko ekainaren 23a

Deusto Research Social Impact 2026

 @ Deustuko Unibertsitatea

  • Deusto Research Social Impact zigiluak urtero aitortzen ditu unibertsitatean garatutako hainbat ikerketa proiektu, pertsonengan, erakundeetan, ingurunean eta, oro har, gizartean sortzen duten eraldaketagatik eta izan dezaketen gizarte eraginagatik.
  • Aurten aitortutako ekimenen artean daude Orkestrako Energia eta Ingurumen Labeko bi proiektu: bata sare elektrikoei buruzkoa, eta bestea energia berriztagarrien proiektuen gizarte onarpenari buruzkoa

Deustuko Unibertsitateak ezagutzera eman ditu Deusto Research Social Impact 2026 zigiluarekin aitortutako ikerketa proiektu berriak. Aitorpen horrek gizartean eragin positiboa duten eta gizartea eraldatzeko ahalmena duten ekimenak nabarmentzen ditu. Hautatutako proiektuen artean daude Orkestrako Energia eta Ingurumeneko Labak sustatutako bi ikerketa. Lehenengoak sare elektrikoek industriaren elektrifikazioa eta lurraldearen lehiakortasuna nola sustatzen duten aztertzen du; bigarrenak, berriz, Euskadiko energia proiektuen gizarte onarpena baldintzatzen duten faktoreak ikertzen ditu.

Sare elektrikoak trantsizio energetikorako eta lehiakortasunerako

Zigilua jaso duen lehen proiektuak, Macarena Larrea ikertzaileak zuzenduak, sare elektrikoek industriaren elektrifikazioa errazteko eta lurraldearen lehiakortasuna indartzeko duten eginkizuna aztertzen du. Horrez gain, prozesu horren ingurumen eragina neurtzeko tresna berriak garatzen ditu, eta Euskadiko kasuan aplikatzen ditu, energia eta industria politiketan erabakiak hartzeko baliagarria izango den ebidentzia sortzeko.

Ikerketaren ezaugarri nagusietako bat sare elektrikoen sektoreko eragile nagusiekin izandako lankidetza estua da. Horien artean daude energia enpresak, ekipamendu fabrikatzaileak, sektoreko elkarteak eta unibertsitateak. Elkarlan horri esker, ikerketan ikuspegi eta jakintza espezializatuak txertatu ahal izan dira, sare elektrikoek trantsizio energetikoan eta lurraldearen lehiakortasunean duten zeregina hobeto ulertzeko.

Proiektuaren emaitza nagusien artean nabarmentzekoa da Sare elektrikoen balioa Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasunerako txostena. Bertan, besteak beste, Iberdrola, Red Eléctrica de España, Ormazabal eta Basque Energy Cluster erakundeetako adituek parte hartu dute. Futured sare elektrikoei buruzko biltzarrean aurkeztu zen txosten hori.

Gainera, ikerketaren emaitzak hainbat komunikabidetan ere zabaldu dira (El Correo, Estrategia Empresarial eta Diario Vasco, besteak beste), eta Deusto Business Alumnik eta Iberdrolak sare elektrikoek lehiakortasunean eta trantsizio energetikoan duten garrantzia aztertzeko antolatutako solasaldi batean ere aurkeztu ziren.

Tokiko energia proiektuen gizarte onarpena hobetzea 

Stephanía Mosquera ikertzaileak zuzendu du zigilua jaso duen bigarren proiektua. Proiektuaren helburua da Euskadiko energia proiektuen gizarte onarpena baldintzatzen duten faktoreetan sakontzea eta proiektu horien diseinua eta ezarpena hobetzeko gomendioak eskaintzea.

Ikerketa Orkestrak trantsizio energetikoaren gizarte dimentsioaren inguruan urteotan metatutako esperientzian oinarritzen da, bereziki Tokiko energia berriztagarrien proiektuen gizarte onarpena txostenean. Lan horri esker, jardunbide egokiak identifikatu ahal izan dira eta erakunde publiko eta pribatuentzako gomendioak egin, horrelako proiektuak lurraldean hobeto integratzen laguntzeko.

Euskadin energia berriztagarrien hedapenari buruzko eztabaidan ekarpena egiteaz gain, ikerketak nazioarteko interesa ere piztu du. Japan Federation of Bar Associations erakundeko Ingurumen Batzordeko ordezkaritza bat Bilbora etorri zen azterlana ezagutzera, eta ikerketa Kolonbiako Universidad del Valle unibertsitatean ere aurkeztu zen.

Ikerketa ildo hauetan sakontzen jarraitzeko bultzada

Deusto Research Social Impact zigiluaren bidez, Deustuko Unibertsitateak bi proiektu horiek trantsizio energetikoaren erronka nagusietako batzuei aurre egiteko jakintza baliagarria sortzeko egin duen ekarpena aitortzen du.

Gainera, aitorpenari lotutako laguntzari esker, industriaren elektrifikazioan eta lehiakortasunean sare elektrikoek duten eginkizunari buruzko ikerketan sakontzen jarraitu ahal izango da, baita energia proiektuen gizarte onarpena baldintzatzen duten faktoreen analisian ere. Bide batez, jakintza enpresetara, erakundeetara eta lurraldeko beste eragile batzuetara transferitzea ere indartuko da.