2015eko uztailak 22

 presentacion estrategia especializacion inteligente uruguay


Orkestrak berrikuntzan oinarritutako espezializazio adimenduneko estrategien proiektua aurkeztu du Uruguain, UCU-Uruguaiko Unibertsitate Katolikoko Lehiakortasun Institutuarekin eta herrialde hartako Industria, Energia eta Meatzaritza Ministerioarekin (MIEM) batera.

Ekimenaren helburua da Uruguaiko industria berritzailearentzako estrategia berriak garatzea, uste baita estrategia horiek ezartzeko aldeko ingurunea dagoela.

Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusia eta Susana Franco proiektuaren koordinatzailea Uruguaira joan ziren, berrikuntzan oinarritutako espezializazio adimenduneko proiektua aurkeztera. Aurkezpen horretan parte hartu zuten, halaber, Guillermo Moncecchi MIEMeko idazkariordeak, Enrique Moreno MIEMeko Industrien zuzendariak eta Roberto Horta UCUko Lehiakortasun Institutuko zuzendariak.

Proiektuaren bidez, elkarrekin ikerketa proiektuak sustatu eta egin nahi dira eta talde teknikoen artean jakintza trukatu, Uruguaiko Gobernuko Industria, Energia eta Meatzaritza Ministerioak (MIEMek) estrategia berriak diseinatzeko gaitasunak gara ditzan, berrikuntzako industria politikak bideratzeko.

Mari Jose Arangurenen hitzetan, “Uruguaik, dituen ezaugarriei esker, abantaila ugari ditu espezializazio adimenduneko estrategiak abiarazteko". Ildo horretatik, proiektuaren aurkezpenean Roberto Hortak adierazi zuen “herrialdeak parte hartzea bideratzeko egiturak dituela, esate baterako, MIEMek bideratutako Sektore Kontseiluak, eta horiek lagun dezakete espezializazio adimenduneko estrategiak ezartzeak eskatzen duen gobernantza eraikitzen”.

Estrategia horiek, nagusiki Europan landu direnak, interes handikoak dira lurraldearen lehiakortasunaren ikuspegitik. Izan ere, herrialdea desberdintzen laguntzen dute, lurraldeak eskaintzen dituen indarguneak eta aukerak abiapuntu hartuta. Baina estrategiak eraginkortasunez ezartzeko, ezinbestekoa da emaitzak ebaluatzea eta kontrolatzea, eta berrikuntzaren alorreko eragile eta aktore gakoek parte hartzea -gobernua, jakintzaren erakundeak, inbertsiogileak, gizartea, oro har–.  

Proiektuan, Orkestrako Mari Jose Aranguren, Miren Larrea eta Mikel Navarrok hartuko dute parte, Susana Francok koordinatuta. Aipatutako puntuetan laguntzeko xedea izango dute, UCUren Lehiakortasunerako Institutuarekin eta Uruguaiko Gobernuko Industria, Energia eta Meatzaritza Ministerioarekin batera.