2015eko otsailaren 2a

Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal InstitutuakUruguaiko Unibertsitate Katolikoko (UCU) Lehiakortasun Institutuak eta Uruguaiko Industria, Energia eta Meatzaritza Ministerioak elkarrekin lan egingo dute Berrikuntza eta Espezializazio Adimenduneko Estrategia bat diseinatzen, hurrengo urteetan bultzatu beharreko industria eta berrikuntza politikak bideratuko dituena, Uruguain jarduera ekonomiko berriak eta etorkizuneko enplegua eta ongizatea sortzeko.

Orkestrak egiteko aktiboa du Europako Batzordeak espezializazio adimendunaren inguruan dituen proiektuetan eta EAErako espezializazio adimenduneko estrategia eraikitzen lan egiten du. Oraingoan, Uruguaiko Lehiakortasun Institutuari lagunduko dio proiektu hau gauzatzen.

Aipatutako hiru erakundeek hitzarmena sinatu dute elkarren intereseko zientzia, teknologia eta ekoizpen esparruetan lankidetzan aritzeko, tokian, eskualdean, nazioan eta nazioartean. Lurralde lehiakortasunaren alorreko esperientziak eta jakiteak trukatzea sustatu nahi da, hiru erakundeen artean.

Susana Franco Orkestrako ikertzaileak koordinatuko du proiektua. Harekin batera lan egingo dute Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusi eta Deustuko Unibertsitateko irakasle titularrak, Miren Larrea Orkestrako ikertzaileak, eta Mikel Navarro Orkestrako ikertzaile eta Deustuko Unibertsitateko Ekonomia katedradunak. Hain zuzen ere, Navarro doktorea, gaur egun, Europako Batzordeko Mirror Group of the Smart Specialization Platform-eko kidea da.  Bestalde, Atlantikoaren beste aldean, Roberto Horta Uruguaiko Unibertsitate Katolikoko Lehiakortasun Institutuko zuzendari nagusiak eta Luis Silveira ikertzaileak lan egingo dute Orkestrako taldearekin. Biek doktore tesia Orkestraren zuzendaritzapean landu dute eta ongi dakite Institutuaren filosofia zein den eta nola egiten duen lan.

Susana Francoren hitzetan, “horrelako prozesuak sortzea garrantzitsua da, uste baitugu lurralde bakoitzak bere garapen estrategia bereziak eraiki behar dituela, bere indarguneak oinarri hartuta eta merkatu globala eskatzen ari dena aurrean izanda. Kontua ez da besteak egiten ari direna errepikatzea, baizik eta modu adimentsuan inbertitzea, lurraldea bakoitza espezializatu dadin dagoeneko dituen ekoizpen ahalmenekin sinergiak ekarriko dizkion arloetan. Europan, eztabaida hori espezializazio adimenduneko estrategien inguruan egituratu da, eta kontzeptu horren oinarrian dauden printzipioak ere guztiz baliagarriak dira Hego Ameriketarako".

Uruguaiko erakundeekin sinatutako akordioa bat dator Orkestrak 2012an abian jarri zuen nazioartekotze estrategiarekin. Estrategia horren helburua da beren lurraldean lehiakortasuna eta garapena sustatzen lan egiten duten nazioarteko eragileekin jakintza eta trebetasunak partekatzea. Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak azpimarratzen du "hitzarmen hau sinatzeak aukera ematen duela Orkestrak EAEn sortzen dituen lehiakortasun alorreko jakintza, metodologia, prozesuak eta analisiak beste ingurune batzuetan aplikatzeko, Uruguain, esate baterako, eta bi kasuak alderatzeko, lurraldeen lehiakortasunean aurrera egin ahal izateko. Era berean, Uruguain lanean ari diren eragileekin gaitasun endogeno berriak sortzeko aukera ematen du, epe luzera eragina izan dezaketenak bai proiektu jakin honetan eta bai sor daitezkeen etorkizuneko beste lankidetza batzuetan".

Aipatutako hitzarmenaz gainera, Orkestrak beste hitzarmen bat sinatu berri du Txileko Alberto Hurtado Unibertsitatearekin. Gainera, 2015ean Mauleko Lehiakortasun Zentroarekin (Txile) hitzarmen bat sinatzea espero du, Uruguaiko antzeko proiektu bat lantzeko.