2025ko ekainaren 5a
© AEEE
- Lehiakortasunerako Euskal Institutua Batzorde Antolatzaileko eta Batzorde Zientifikoko kide izan da, eta kongresuaren gaiak definitzen eta aurkeztutako lanak baloratzen lagundu du.
- Orkestrak energia berriztagarrien proiektuen onarpen sozialari buruz argitaratutako txostenak sektoreko eragileekin mahai-inguru bat egiteko oinarri gisa balio izan du
Ekainaren 2, 3 eta 4an, Ekonomia Energetikoaren Espainiako Elkartearen (AEEE) XX. Kongresua egin da Bilbon. Erreferentziazko foroa da, eta trantsizio energetikoaren testuinguruan industriak dituen erronkak eta aukerak aztertu ditu. Ekitaldia Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) eta Basque Centre for Climate Changek (BC3) antolatu dute, TECNALIAren eta Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren laguntzarekin.
Hiru jardunalditan zehar, Kongresuak komunitate akademikoa, sektoreko profesionalak eta erakundeetako ordezkariak bildu ditu energiaren, ingurumenaren eta klima-aldaketaren arloko egungo erronkei heldu dieten aurkezpenen, hitzaldien eta mahai-inguruetan. Hizlarien artean Stefan Lechtenböhmer doktorea zegoen (Wuppertal Institute for Climate, Environment and Energy). 2023an, Orkestraren Lehiakortasunari buruzko Biltzarrean parte hartu zuen, Europako industriaren deskarbonizazioari buruzko bere ikuspegia partekatzeko.
Orkestra Batzorde Antolatzaileko eta Batzorde Zientifikoko kide izan da eta saio tematikoak definitzen eta aurkeztutako lan akademikoak ebaluatzen lagundu du, besteak beste.
Gizarte-onarpena, energia berriztagarriak hedatzeko gakoa
Topaketaren lehen jardunaldian, Jorge Fernández Orkestrako Energia eta Ingurumeneko Labeko koordinatzaileak "La aceptación social de los proyectos asociados a las energía renovables en el País Vasco" mahai-inguruan parte hartu du. Eztabaida gune honetan, ekosistema energetikoaren hainbat eragilerekin partekatu du mahaia: Mikel Amundarain, EEEko zuzendari nagusia; Julio Castro, Iberdrola Energía Sostenible Españako arduraduna; Edurne Basterra, Arabako Nekazaritza eta Abeltzaintza Batasuneko presidentea; José I. Mendoza, Unión Española Fotovoltaicako ordezkaria Euskadin; eta Aitor Urresti, UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea.
Elkarrizketa Orkestraren "Tokiko energia berriztagarrien proiektuen gizarte-onarpena" txostenaren inguruan egituratu da. Azterlanean, tokiko inguruneetan energia berriztagarrien proiektuak onartzean eragiten duten faktoreak aztertzen dira, herritarrak horrelako proiektuen kontra azaltzearen arrazoiak, eta proiektu horiek hedatzen lagundu dezaketen politikak, baldin eta proiektuak ikuspuntu ekonomikotik eta teknikotik bideragarriak badira.
Gainera, Stephanía Mosquerak eta Macarena Larreak bi saio moderatu dituzte. Horietan, kontsumoaren ingurumen-inpaktuari, ekoantsietateari, eta osasunari buruzko funtsezko gaiak jorratu dituzte, klima-aldaketarekin lotuta. Mugikortasun garbiaren erronkak ere, hainbat ikuspegitatik begiratuta, hala nola biztanleriaren ongizatea, mugikortasun iraunkorraren hedapenaren gobernantza eta berriztagarrien eta mugikortasun elektrikoaren integrazioaren kostuetan duten eragina.
Biltzarra ezagutza zabaltzeko eta eragile publiko, pribatu eta akademikoen arteko elkarrizketa errazteko gune bikaina izan da eta Orkestraren parte hartzeak indartu egin du Institutuak trantsizio energetiko justu, iraunkor eta orekatu batekin duen konpromisoa.