2024ko ekainaren 14a
- Orkestrak eta Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko Arloak parte hartu duten Europako proiektua inflexio-puntu batera iritsi da, 3 urteko ikerketa-lanaren ondoren.
- Europako gazteen gizarteratzea hobetzeko 9 ikerketa-kasu garatu dira hainbat herrialdetan, horietako bat Gipuzkoan.
- Proiektuaren emaitzen artean, nabarmentzekoak dira gizarte-zientzien esparruan zientzia herritarra gauzatzeko gidalerroak dituen eskuliburu bat eta gazte "zientifikoen" esperientziak biltzen dituen policymaker-ei zuzendutako dokumentu bat.
Orkestrak eta Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko Arloak parte hartu duten YouCount proiektu europarra inflexio-puntu batera iritsi da, Europan gazteen gizarteratzea hobetzeko 3 urteko ikerketaren ondoren. Denbora horretan, proiektuak aukera eman dio Orkestrari ikerketarako hurbilketa parte-hartzailean sakontzeko eta Lurralde Garapenerako Ekintza Ikerketatik (IADT) garatzen ari den lana osatzeko.
YouCount gizarte zientzia herritarraz baliatu da, gazteak gizartean parte hartzera eta haren parte sentitzera eramaten dituzten faktoreei buruz ikertzeko. Hurbilketa metodologiko horrek herritarrak inplikatzen ditu ikerketa-prozesuan, zientzia eta gizartea hurbilduz.
Proiektuan 9 ikerketa-kasu egin dira hainbat kolektiborekin honako herrialde hauetan: Austria, Danimarka, Espainia, Hungaria, Italia, Lituania, Norvegia, Erresuma Batua eta Suedia.
Orkestrak eta Deustuko Unibertsitateak landu duten ikerketa-kasuan Gipuzkoako hainbat gaztek parte hartu dute. Gazte horiek Gipuzkoara bakarrik iritsi ziren adingabe atzerritarrak dira, adin nagusitasunera iristean, lurraldeko babes sistematik kanpo gelditzen direnak eta, horrenbestez, ‘gazte’ izatera iristen direnean, inolako babesik gabe gelditzeko arriskua dutenak. Gazte hauek zailtasun handiak dituzte lan-merkatuan sartzeko eta gizartean aktiboki parte hartzeko.
Ia bi urtez, 30 pertsonak herritar zientifiko gazte gisa parte hartu dute ikerketan, beren ikuspegia emateko eta politika publiko hobeak formulatzen laguntzeko. Gipuzkoako ikerketa-kasuan, Loiola Etxea Birgizarteratzeko Elkartearen, Agintzari Zabalduz Kooperatiba Elkartearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ere izan da.
Gizarte-zientzia herritarra praktikan jartzeko tresnak
YouCount-en emaitza garrantzitsuenen artean, proiektuaren ikaskuntza nagusiak jasotzen dituzten funtsezko bi dokumentu nabarmentzen dira:
- Handbook and Toolkit for Youth Citizen Social Science: Eskuliburu honek jarraibide zehatzak eskaintzen ditu gizarte-zientzien esparruan zientzia herritarra gauzatzeko, bereziki gazteekin. Gizarte-zientzien metodologiak eta teoriak integratzen ditu elkarlaneko ikerketa-ahaleginetan. Dokumentu hau eta bere tresnak erabilgarriak izan daitezke profesionalentzat, esparru akademikoko pertsonentzat, politika-arduradunentzat, gazte-erakundeentzat eta ikerketa inklusiboagoa eta parte-hartzaileagoa gauzatzeko interesa duen edonorentzat.
- Youth Citizen Social Science as a Pathway for Youth Social Inclusion: Proiektuan parte hartu duten 13 eta 29 urte bitarteko gazte zientifiko herritarren esperientziak eta iritziak biltzen ditu dokumentu honek. Politikak egiterakoan gazteen ikuspegia txertatu nahi duten policy-makerrentzako gomendioak eskaintzen ditu.
Proiektuaren aintzatespena eta etorkizuna
2023ko maiatzean, YouCount-ek ohorezko aipamena jaso zuen Hiritar Zientziaren Europako Sarian, eta 336 proiekturen artean nabarmendu zen gizartean eta politikan izan zuen eraginagatik. Epaimahaiak bereziki baloratu zuen gazteak ikertzaile gisa parte hartu izana proiektuaren fase guztietan, ikerketa zientifikoaren demokratizazioa indartuz. Orkestrak "Komunikazioa, Barreiapena eta Ustiapena" izeneko lan-paketea koordinatu du proiektu osoan zehar, eta aktiboki parte hartu zuen proiektuaren hautagaitzan. Beraz, ohorezko aipamen hori ikerketa-taldeak egindako lanaren aintzatespen garrantzitsua da.
Oraingoz proiektua amaitu bada ere, garatutako ikaskuntzek eta tresnek eragin nabarmena izaten jarraituko dute; izan ere, esparru praktiko bat eskaintzen dute etorkizunean gizarte-zientzien esparruan zientzia herritarrarekin lotutako ekimenetarako, gizarte inklusiboagoa eta parte-hartzaileagoa sustatuz.
YouCount-i eta haren aurrerapenei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, proiektuaren webgunea bisita dezakezu, edo proiektuan parte hartu duten Orkestrako ikertzaileen postak irakur ditzakezu:
- Susana Franco: Compartiendo algunos aprendizajes sobre la inclusión de jóvenes migrantes no acompañados
- Usue Lorenz: Entender el valor de la ciencia social ciudadana: el camino a Ítaca de YouCount
- Patricia Canto: ¿Qué es la comunicación científica en la ciencia social ciudadana? Es todo a la vez en todas partes