2023ko matxoaren 30a

Abu Dhabi Sustainability Week 2023

  • Europako YouCount proiektuak gazteen gizarteratzearen arrazoiei eta konponbideei buruzko jakintza sortzea du helburu 
  • Proiektua aldi berean ari da garatzen 9 herrialdetan, gazteak ikerketan inplikatuz, gizarte zientzia herritarraren bidez

  • Orkestra eta Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko arloa bakarrik dauden gazte atzerritarren egoera aztertzen ari dira, Gipuzkoan

Joan den martxoaren 22an eta 23an elkartu ziren Donostian Europako YouCount proiektuko bazkideak, horien artean, Orkestra eta Deustuko Unibertsitateko Gizarte Laneko arloa. Topaketan Austria, Danimarka, Erresuma Batua, Espainia, Hungaria, Italia, Lituania, Norvegia eta Suediako 50 gazte eta profesional baino gehiagok hartu zuten parte, ikaskuntzak partekatzeko eta ikerketaren helburuetan aurrera egiten jarraitzeko.

Topaketari hasiera Xabier Riezu Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campuseko errektoreordeak eta Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusiak eman zioten. Arangurenek proiektu honek unibertsitatearen rol eraldatzailea lantzeko duen garrantzia azpimarratu zuen: “YouCount guretzat funtsezkoa da, aspaldian lantzen ari garen bi alderditan sakontzen duelako: gizarteratzea eta herritarren ongizatea hobetzea”.

Bileretan Heidi Ballard adituak ere hartu zuen parte, proiektuaren aholkularia baita. Ballard aditua da herritarrek ikerketa zientifikoan parte hartzeko prozesuetan eta Kalifornia Daviseko Unibertsitateko Komunitaterako eta Zientzia Herritarrerako Zentroko arduraduna da. 

Gizarte zientzia herritarraren ahalmena aztertzen

Europan, gizarte bazterketa arriskuan dauden gazteen kopurua nabarmen ari da handitzen eta gero eta premiazkoagoa da gizarte inklusiboagoak sortzeko jakintza eta berrikuntza garatzea.

Horixe da, hain zuzen ere, YouCount proiektuaren helburu nagusietako bat: Europako gazteen gizarteratzea handitzea eta elkarrekin jakintza berria sortzea, gazteak gizartean parte hartzera eta haren parte sentitzera eramaten dituzten faktoreei buruz.

Horretarako, elkarrekin sortzean oinarritutako gizarte zientzia herritar gaztea erabiltzen da, herritarrak ikerketa prozesuan barneratzen dituen hurbilketa metodologikoa, elkarrekin jakintza sortzeko eta, bide batez, zientzia eta gizartea elkarrengana hurbiltzeko.

Gipuzkoako azterketa kasua

2021az geroztik, Orkestra eta Deustuko Unibertsitateko Gizarte laneko arloa Gipuzkoako gazte batzuekin lanean ari dira gizarteratzearen inguruan dituzten ikuspegiak eta esperientziak eta lana aurkitzeko orduan izan dituzten aukerak eta zailtasunak jasotzeko eta ulertzeko.

Gazte horiek Gipuzkoara bakarrik iritsi ziren adingabe atzerritarrak dira, adin nagusitasunera iristean, lurraldeko babes sistematik kanpo gelditzen direnak eta, horrenbestez, ‘gazte’ izatera iristen direnean, inolako babesik gabe gelditzeko arriskua dutenak.

Proiektuan, pertsona horietako batzuek herritar zientifiko gazte gisa hartzen dute parte ikerketa prozesuan, Orkestrarekin eta Deustuko Unibertsitatearekin. Prozesu horretan, dagoneko hainbat saio egin dira. Horietan, herritar zientifiko gazteek bazterketako eta inklusioko eguneroko esperientziak biltzen eta aztertzen ikasi dute eta, horrela, gizarteratzeari eta laneratzeari buruzko estrategien inguruan gomendioak egiteko gai dira, helduen bizitzarako trantsizioa errazteko.

Proiektuan Loiola Etxea Gizarteratzeko Elkarteak, Zabalduz Kooperatiba Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere hartzen dute parte, gazte horien ikuspegia bertatik bertara ezagutzeko.

Proiektuan aztergai diren beste kolektibo kaltebera batzuk 

Gipuzkoan bezala, Napolin (Italia) eta Austrian ere migratzaileekin eta errefuxiatuekin ari dira lanean ikertaldeak, kolektibo horiek gizarteratzen eta gizarteko parte egiten laguntzen duten faktoreak aztertzeko.

Beste azterketa kasu batzuetan, ordea, beste kolektibo kaltebera batzuk aukeratu dituzte. Adibidez, Hungarian, ikertzaileak entzumen arazoak dituzten gazteekin ari dira lanean, Szeged hirian. Kolektibo horrek erronka askori egin behar dio aurre desberdintasunari dagokionez, eta, proiektuaren bidez, haien hezkuntza eta enplegu aukerak hobetu nahi dira.

Gainerako kasuen inguruko informazioa YouCount proiektuaren webgunean dago eskuragarri: https://www.youcountproject.eu/about-the-project/case-studies