2023ko maiatzaren 12a
Karen Maguire, Lamia Kamal-Chaoui, Arantxa Tapia, Mari Jose Aranguren eta Alessandra Proto, OCDEren bileran, Trenton. Iturria: IREKIA
Mari Jose Aranguren, Orkestrako zuzendari nagusia, Italiako Trentino probintzian izan da aste honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritzaren barruan
Ordezkaritzak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Ingurumen eta Iraunkortasuneko sailburua buru, ELGE-Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen bileran hartu du parte
EAEko eredua aurkezteaz gain, eskualdeko agintariekin alde biko bilerak egin dira, interes komunak identifikatzeko eta elkarlanerako aukerak aztertzeko
Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritza bat Trenton (Italia) izan da aste honetan, garapenerako eta erresilientziarako euskal eredua ELGE-Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen Enplegu eta Tokiko Garapen Ekonomikorako Zuzendaritza Batzordean aurkezteko. Arantxa Tapia sailburua buru zela, ordezkaritzako kideen artean izan da Orkestrako zuzendari nagusia, Mari Jose Aranguren.
Ordezkariei Achille Spinelli Trentoko Probintzia Autonomoko Garapen Ekonomikoko, Ikerketako eta Enpleguko kontseilariak egin zien harrera. Spinellik bi eskualdeetako ekonomia ehunaren antzekotasunak eta bien artean egon daitezkeen sinergiak nabarmendu zituen, esate baterako, ikerketa eta garapenaren esparruan.
Ondoren, Fondazione Bruno Kessler (FBK) bisitatu zuten, Italiako ikerketa zentro garrantzitsuena teknologia eta berrikuntzan eta gizarte eta giza zientzietan. FBKk 700 pertsonako lantaldea eta 3.500 metro koadrotik gorako azpiegitura zientifikoak ditu.
Bisitatu Trentoko Probintziaren lehiakortasun-adierazleen panela Eskualdeko Lehiakortasunaren Behatokian, haren emaitza ekonomiko-enpresarial eta ongizatearen emaitza nagusiak ezagutzeko.
Asteazkenean, ELGEko Enplegu eta Garapen Ekonomikoko Zuzendaritza Batzordeko saioa izan zen. Saio horretan aurkeztu zuten Arantxa Tapiak eta Mari Jose Arangurenek tokiko garapenerako euskal eredua eta Euskal Autonomia Erkidegoaren erresilientzia areagotzen lagundu duten lehentasun politikoak.
Gainera, Euskadi 2040 egitasmoa azaldu zuten, Eusko Jaurlaritza eta Orkestra elkarrekin lantzen ari diren ikerketa eraldatzaileko proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoko lehiakortasun erronketan gertatzen ari diren aldaketak identifikatzeko. Proiektuaren azken helburua da hurrengo belaunaldirako ongizate eredu jasangarri eta inklusiboa eraikitzea, elkarlanean, lurraldeko eragile guztien jakintza eta ahaleginak bateratuz.
Topaketa ELGEren Trentoko Tokiko Garapeneko Zentroaren 20. urteurrenarekin bat etorri zen. Hain zuzen ere, Orkestrak lankidetza hitzarmena du zentro horrekin, 2021az geroztik. Zehazki, Institutuak Espazio Produktibitateari buruzko ikerketako laborategiarekin du harremana. Laborategi horrek aztertzen du eskualdeko politikek nola lagundu dezaketen produktibitatea hobetzen eta, horren bidez, lanpostu hobeak eta ongizatea sortzen.
Orkestrak unibertsitate, elkarte eta erakunde sare zabal batekin partekatzen du lurralde lehiakortasunari eta politikei buruz egiten dituen ikerketetatik sortzen duen jakintza. Era berean, mundu mailako ikerketa sare askotako kide da. Bisita hau urrats garrantzitsua da Institutuaren nazioarteko proiekziorako eta euskal kasua ezagutzera emateko.