Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuaren ezaugarri nagusietakoa gobernu maila desberdinekin garatzen duen ikerketa da. Ondorioz, 2011an Mariana Mazzukatok estatu ekintzailearen proposamena egin zuenean, eta ondoren, ideia horien jarraipen moduan Europar Batasunetik misioetara bideratutako ikerketa eta berrikuntza sustatzeko apustua egin zenean, kontzeptu horiek gure ikerketarekin zuten lotura ulertu nahian hasi ginen.
Gaur, Gipuzkoan garatutako esperientzian oinarrituta, gure aletxoa jarri nahi dugu misioen inguruko hausnarketan, politika publikoen inguruan ari garen orori gonbidapen bat luzatuz: ikasi, edo, agian, berrikasi dezagun politika publikoak amesten.
Misioak eta erronkak politika publikoen itsasargi
Misioetara bideratutako ikerketa eta berrikuntzaren markoan, gobernu eta gainontzeko lurraldeko aktoreak misio baten inguruan lerratzea bilatzen da eta, horretarako, misio batek hainbat ezaugarri eduki behar ditu: ausarta eta inspiratzailea izan; noranzko bat eskaini; anbizioduna baina, aldi berean, errealista izan; disziplina eta sektore anitzak barneratu eta gobernuak definitutako arazoari erantzuteko lurraldeko beste eragileen behetik gorako erantzunei atea ireki.
Misioen markoak oihartzun handia izan du, baina arazo ugari sortu dira praktikan jartzeko orduan. Izan ere, galderak gehiago dira erantzunak baino nola-ren inguruan. Zalantza horiei erantzun nahian garatu zen Australian erronketara bideratutako berrikuntzaren markoa. Bai misioen eta bai erronken markoek euren tokia izan dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren politiketan eta ahalegin horietan Orkestrak ikasitakoa dakargu gaurkoan.
Ametsa ikasgai
Orkestrak prozesura egin duen ekarpena lurralde garapenerako ekintza-ikerketa izan da, eta hausnarketa ekintzarekin lotzeko ahaleginean ikasi dugu zeinen zaila den aipatutako misio eta erronken inguruan hitzetatik eraldaketara pasatzea. Baina ilusioa piztu diguten ikasketak ere egin ditugu.
Hauetako bat Gipuzkoa Arigune proiektuaren inguruan egindakoa da eta honela jaso daiteke: misio eta erronkak aztertu, ulertu, definitu, azaldu, erabaki, adostu, planifikatu egin behar dira, baina, gauza daitezen nahi badugu, ezinbestean amestu ere egin behar ditugu. Eta nolakoa da politikak inspiratu dezakeen amets bat?
Gipuzkoa Arigune euskararen ulermena orokortzeko eta erabilera aktibatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskutik abian jarritako ekimena da, eta bere abiapuntuan honela formulatu zen ametsa: “Helburu dugun gizartean, herritar guztiok euskara ulertzeko gai izango gara, eta euskaraz gehiago egiteko hautua egingo dugu, edozein dela gure gaitasuna, eroso aritzeko giro eta baldintza egokiak izango baititugu”. Eta honela definitu zen ekimena bera: “Gipuzkoa arigune ilusio partekatu bat da. Garen honetatik izan nahi dugun horretara eraman gaitzakeen bulkada bat. Txikitik hasi eta handira joateko bokazioz egin nahi dugun ibilbide bat. Elkarrekin eta pausoz pauso. Bidean ikasiz. Norabide argi batekin, eta bidezidor berriak esploratzeko prest”.
Ilusioa sortuko duten ortzi-mugen eraikuntzan
Aurreko ariketa oinarri hartuta, galdera egin diogu gure buruari. Gai al gara eskuartean ditugun beste ekimen batzuetan amets egitea bultzatzeko? Eta, hori egin ahal izateko, nola formulatuko genuke geure ametsa?
Lurralde Garapeneko Laborategian, esaterako, urte honen hasieran enpresen errelebo faltaren erronkari heldu genion. Ikuspegi partekatua eraikitzeko prozesuak, hain zuzen, bertan dihardugunok partekatzen dugun amets bat marrazten hasteko parada eman digu. Enpresen jarduera, jakintza, enplegua eta erabakiguneak lurraldean errotuta mantentzeko gai izango den Gipuzkoa amesten dugu; eragileek elkarlanean jardungo duten lurraldea, eta erreleboa industria ehuna sendotzeko eta etorkizun jasangarri batekin lotzeko aukera bihurtuko duena. Gipuzkoa bat nahi dugu, non enpresa baten errelebo beharra ez den oharkabean pasako, baizik eta garaiz identifikatuko dugun eta ekintza kolektiboaren bidez erantzuteko gai izango garen.
70. hamarkada amaiera eta 80. hamarkada hasierako testuingurua gertu dugu. “Guztia egiteko zegoen” bai erakunde publikoen eraikuntzan, herri-politiken alorrean, industria eraldaketan edota euskalgintzan. Ametsen premisatik bertatik marraztu ziren ezinezkotzat jotzen zirenak. Erreleboko prozesuan izandako esperientziak eta Ariguneren bidean ikasitakoak jomuga bera erakusten digu: bi prozesuek ez diete soilik dagoenari erantzuten, egon daitekeenaren bidea ere urratzen dute. Trantsizio sozioekonomiko eta erronka konplexuen atarian, “asko egiteko dagoen” garaietan, berrikasi dezagun herri-politikak amesten. Horretarako, lurralde garapenerako ekintza ikerketaren bitartez gaurko ametsak biharko errealitate bihurtzeko bideak lantzen jarraituko dugu.

Naia Begiristain
Naia Begiristain doktoretza ondoko ikertzailea da. Naiak lurralde garapenerako ekintza ikerketa proiektuetan egiten du lan, batez ere, lurraldeko ekonomia garapenerako herri-politiken kosorkuntzan. Testuinguru horretan, herri-politikak, lankidetzazko gobernantza eta demokrazia liberalen eraldaketa eta berroneratzea hartzen ditu bere interes fokuen baitan, eta gai horiek ekintza ikerketaren ikuspegitik aztertu eta lantzen ditu.

Miren Estensoro
Miren Estensoro ikertzaile seniorra. Miren Ekonomian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta ikertzaile seniorra. Horrez gain, 2012az geroztik irakaslea da Deustuko Unibertsitatean. 15 urte baino gehiagoko esperientzia du lurralde garapeneko politiken esparruan, ikertzaile, irakasle eta policy maker gisa egindako ibilbidea uztartuz. Ekintza-ikerketa da bere lanaren hurbilketa nagusia.

Miren Larrea
Miren ikertzaile seniorra da Orkestran eta irakaslea Deusto International Research School-en (DIRS). Lurralde Garapenerako Ekintza Ikerketaren bultzatzaileetako bat da. Berau lurraldeko aktoreekin jakintza ko-sortzen laguntzen duen ikerketarako metodologia bat da, eta arazo konkretuen inguruan prozesu parte-hartzaileak bultzatzen ditu. Gobernu maila desberdinekin elkarlanean arituz sakondu du metodologia honetan eta horrela landu ditu, lankidetzazko gobernantzaren bidez, enpresen lehiakortasunari, pertsonek lanean duten ongizateari edo kultura politiko berri bati loturiko politikak. Ekintza-ikertzaile moduan ekarpena egin dio Gipuzkoan garatu den lurralde garapenerako gobernantza berriari.