2026ko maiatzaren 1ean, Europar Batasunaren kanpo merkataritzako politikak fase berri bati ekingo dio, behin-behinekoz indarrean sartuko baita Mercosurrekin egindako akordioa erakundea Brasilek, Argentinak, Uruguaik eta Paraguaik osatzen dute, eta Bolivia erabat atxikitzeko prozesuan dago. 25 urte baino gehiagoko negoziazioen ondoren, mugarri horrek ez du soilik muga zergak murriztea esan nahi; aitzitik, pieza estrategiko bat da Europako ekonomiak (eta, harekin batera, Euskal Autonomia Erkidegokoak) bere merkataritza ahalmena handitzeko, gero eta ziurgabetasun handiagoko testuinguru global honetan, garrantzi estrategiko handiagoa hartzen ari den eskualdearekin.

Funtsezko merkatuetako arauen aldaketa

Akordioak aldebiko merkataritzaren % 90ean baino gehiagotan muga zergak pixkanaka kentzea aurreikusten du. Euskal ekonomia funtsean industriala izanik, eragina berehalakoa da: Mercosurrek Europar Batasunari aplikatzen dion batez besteko muga zerga % 11tik % 1era jaitsiko da.

Euskal ekonomiako sektore kritiko batzuek, tartean makineriak, ondasunen ekipoek, automobilgintzak eta kimikak, hesi handiak izan dituzte historian zehar merkatu horietan sartzeko, eta, orain, sarbide errazagoa izan dezakete. Gainera, aduana prozesuak sinplifikatzeak eta argibide geografikoak babesteak araudia aurreikusteko bidea emango du, eta hori funtsezkoa da epe luzeko egonkortasuna bilatzen duten enpresentzat.

EAEko enpresen presentzia Hego Konoan

Euskal Autonomia Erkidegoa ez da hutsetik abiatzen. Mercosurreko herrialdeekiko harreman sendoa du:
• Merkataritza helmuga:
2024an, Mercosur euskal esportazioen 17. helmuga izan zen.
• Brasil, motorra: EAEko esportazioen % 67 eta inportazioen % 97 biltzen ditu.
• Presentzia fisikoa: 120 euskal enpresak 183 ezarpen dituzte eskualdean (horietako 89 ekoizpenekoak), eta, datu horiekin, Mercosur euskal enpresentzat bosgarren helmuga globala da, ezarpenen kopuruaren arabera.

Enpresa begirada

Irakurketa hori ez da akordioaren eduki formalean soilik oinarritzen. BBK Banku Fundazioak eta Orkestrak Ezkutuko Txapeldunen komunitateko enpresekin Bilbon egin zuten jardunaldi batean landutakoa ere jasotzen du. Jardunaldi horretan, Mercosurreko herrialdeetan ezartzeko oztopoak, aukerak eta benetako baldintzak aztertu ziren. Analisi hori xehetasun handiagoz garatzen da Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko akordioari eta Euskal Autonomia Erkidegoaren nazioartekotze adimendunari buruzko dokumentuan.

"Ezkutuko Txapeldunak" (nazioarteko merkatu nitxoetako liderrak) ari dira dagoeneko bidea urratzen. Enpresa horiek Mercosurri lotutako 1.000 enplegu zuzen baino gehiago dituzte, eta, salmentak handitzeko aukeragatik ez ezik, gaur egun beren jarduera baldintzatzen duten gorabehera operatiboak eta oztopo teknikoak murrizteko aukera emango duelako ere baloratzen dute akordioa. Akordioak Euskal Autonomia Erkidegotik produktuak bidaltzea errazten duen arren, herrialde haietan presentzia fisikoa izateko arrazoiak ere indartzen ditu. Ildo horretatik, kanpotik saltzetik tokian presentzia edukitzera pasatzea Mercosurren negozio sendo bat eraikitzeko palanka bihur daiteke. Azken batean, akordioak lagundu dezake ezarpen baldintzak hobetzen eta enpresentzako aurreikusgarritasuna indartzen, araudiari, aduanei eta eragiketei lotuta, gaur egun eskualdean dauden gorabeherak murrizten lagunduko baitu, neurri batean.

Aukera selektiboak eta "nazioartekotze adimenduna"

Akordioak baikortasunerako arrazoiak ematen dituen arren, azpimarratu behar da ez dela guztientzako “formula magiko” automatikoa, baizik eta nazioartekotze adimendunerako leihoa. Horrek esan nahi du merkatuen aldeko apustu selektiboa egin behar dela, eta zehaztasunez aukeratu behar direla sartzeko moduak eta hedapenaren abiadura. Gainera, akordioak Ezkutuko Txapeldunei buruzko policy briefak adierazten duen erronketako bati erantzuten laguntzen du. Zatiketa geopolitiko handiagoko testuinguru batean, nazioartekotzeak gero eta gehiago eskatzen du esportazioa tokiko presentziarekin eta merkatu bakoitzera egokitutako beste sarbide formula batzuekin konbinatzea.

Ikuspegi horretatik, gutxienez hiru gai garrantzitsu daude:

• Heterogeneotasuna: Mercosur ez da bloke uniformea. Herrialde bakoitzak estrategia espezifiko bat behar du; Brasil da oraindik erreferentziazko merkatu handia eta eskakizun operatibo handienak dituena.
• Oztopo iraunkorrak: Akordioak ez ditu erabat ezabatzen tokiko ekoizpena lehenesten duten finantzaketa eskemak, eta horrek indartu egiten du bertan ezartzeko beharra, baldintza berdinetan lehiatu nahi bada. Lizitazio askotan, tokiko gutxieneko edukiaren arauek (local content rules) praktikan pisua izaten jarraituko dute.
• Hornikuntzaren segurtasuna: Salmentez gainera, akordioa estrategikoa da euskal industriaren trantsizio digitalerako eta ekologikorako beharrezkoak diren lehengai kritikoak eskuratzeko modua ziurtatzeko.

Ondorioak: Aukeratik ekintzara 

Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, akordioa interesgarria da dagoeneko merkataritza, ezarpen eta sektore espezializazioko benetako oinarri bat baduen eskualde baterako sarbidea eta aurreikuspen operatiboa hobetzen dituelako. Merkataritza aukerak handiagoak izango dira indargune horiek Mercosur osatzen duten herrialdeen premiekin eta aukerekin bat datozen lekuetan. Horrela, Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko akordioak hornidura kateak dibertsifikatzeko eta autonomia estrategikoa irabazteko plataforma bat eskaintzen dio Euskal Autonomia Erkidegoari. EAEko erakunde eta enpresentzat erronka izango da orain esparru hori ekintza lehentasun bihurtzea, araudiaren inguruko bidelaguntza indartuz eta dagoeneko eskualde hartan ezarrita dauden enpresen esperientzia aprobetxatuz, industria proiektu gehiagok eskualdean hazteko aukera izan dezaten, ziurgabetasun txikiagoarekin. EAEko Ezkutuko Txapeldunen komunitateak gai horiek eta beste batzuk jorratzen jarraituko du ekainaren 15ean Bilboko BBK aretoan izango den Ezkutuko Txapeldunen lehen Foroan, BBK Banku Fundazioaren bazkidetzarekin.


Ibon Gil de San Vicente

Ibon Gil de San Vicente

Ibon Gil de San Vicente, Orkestrako Zuzendariorde Nagusia, Ekonomian lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean. Master in Business Administration egin zuen Kenteko Unibertsitatean (Erresuma Batuan) eta Master in Business Innovation Deustuko Unibertsitatean.

Perfil osoa ikusi


bart kamp

Bart Kamp

Bart Kamp Negozioen Nazioartekotze eta Zerbitzutze arloko ikertzaile nagusia da Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuan. Enpresei nazioartean beren merkatu hobietan buru izaten laguntzen dieten lehiatzeko estrategiak aztertzen ditu, baita manufakturako enpresen zerbitzutze prozesuak ere.

Perfil osoa ikusi


Agustín Zubillaga

Edoardo Montagner

Edoardo doktoretza aurreko ikertzailea da Orkestran. Bere ibilbideak ikerketa aplikatuan interes nabarmena eta metodo kuantitatiboetan prestakuntza sendoa konbinatzen ditu. Ekonomian graduatua da eta bi master ofizial ditu: Economic Development and Growth masterra Madrilgo Carlos III Unibertsitatean eta Economics of Public Policy masterra Barcelona School of Economics-en.

Perfil ososa ikusi