Nola ari da aldatzen globalizazioa nazioarteko testuinguru berrian?
Zer ondorio ditu gurea bezalako lurralde txiki eta irekietan?

Historian zehar, nazioartekotzea funtsezkoa izan da lehiakortasunerako. Lurraldeen nazioarteko konexioak kritikoak dira, ondasunen, zerbitzuen, jakintzaren, berrikuntzaren eta kapitalaren (giza kapitala, fisikoa eta finantzarioa) fluxuetarako sarbidea ematen dutelako, eskala globalean. ELGEren azterlanek agerian uzten dute konexio horiek eragina dutela lurraldeen erresilientzian eta, asalduren eta krisien aurrean, lehiakortasunari eta ongizateari eusteko gaitasunean.

Globalizazio berria: salgai gutxiago, baina interdependentzia handiagoa

Globalizazioa eraldaketa sakoneko prozesu batean dago. Hainbat hamarkadatan, merkatuen liberalizazioa, merkataritza irekitzea, eta ondasun, kapital, zerbitzu eta jakintzaren nazioz gaindiko fluxuak areagotzea izan ditu ezaugarri. Baina orain, norabide aldaketa bat ikusten ari gara.

2008ko finantza krisiaz geroztik, hainbat shock geopolitiko, geoekonomiko eta sanitariok -besteak beste, Brexitaren erreferendumak, Trumpek 2016an AEBetako hauteskundeak irabazteak, COVID-19aren pandemiak edo Ukrainako gerrak- globalizazioaren aro berri baten hasiera erakusten dute. Globalizazioaren “urrezko aroaren” oinarrian zegoen narratiba ahuldu egin da, eta ikuspegi berri bat ari da nagusitzen; orain, nazioaren segurtasunak, autonomia estrategikoak eta erresilientzia ekonomikoak funtsezko zeregina dute. Bilakaera horrek agerian uzten du beharrezkoa dela lurraldeak eta ekonomiak nazioartean konektatzeko eta integratzeko estrategiak birplanteatzea.

Gaur egun, salgaien merkataritzak dinamismoa galdu du, baina nazioz gaindiko beste interdependentzia mota batzuek garrantzia hartu dute, horien artean, zerbitzu digitalek, plataforma teknologikoek, nazioarteko turismoak, datuen eta jakintzaren fluxu globalek, migrazioek edo klima aldaketaren eta beste erronka global batzuen eragin partekatuak. Etapa berri horretan, joko arauak aldatu egin dira, eta lurraldeek nazioarteko estrategia egokitu behar dute, lehiakortasunari eutsi nahi badiote.

Europak bidea erabaki du: berrikuntza, deskarbonizazioa eta autonomia

Europak testuinguru horri eman dion erantzuna bizkortu egin zen COVID-19aren pandemiaren ostean. Izan ere, pandemiak oso modu bortitzean utzi zuen agerian balio kate globalen hauskortasuna eta funtsezko sektoreen zaurgarritasuna. Europaren bide orria Lehiakortasunerako Iparrorratza deitutakoa da, eta bertan hainbat ekintza jasotzen dira. Draghi txostenean identifikatu diren funtsezko ardatzei erantzuteko: (i) berrikuntza arrakala ixtea; (ii) ekonomia deskarbonizatzea; eta (iii) mendekotasunak murriztea. 

Euskal Autonomia Erkidegoa erronka horren aurrean: egokitzea, konektatuta jarraitzeko

Euskal Autonomia Erkidegoan, azken hamarkadetan ekonomia globalean integratzean oinarritu da lehiakortasuna. Gurea bezalako lurralde txiki eta ireki batean, paradigma aldaketak nazioarteko konexioen egokitzapen estrategikoa eskatzen du. Ondorioz, Europan dugun kokapena bereziki garrantzitsua da, ziurgabetasun globalekiko erresilientea izango den ingurune sozioekonomiko bat eraikitzeko lankidetza aukerak eskaintzen dituelako.

Ikuspegi horrekin bat, eta Europan industria politika sendoagoa eta estrategikoagoa bilatzeko helburuarekin lerrokatuta, Euskadi 2030 Industria Plan berriak industria gaitasunetan jauzi kualitatiboak egin nahi ditu, industria eraldaketa sustatzera eta kalitate handiko lanpostuak sortzera bideratutako proiektu eraldatzaileen bidez.

Estrategia horiek martxan jartzeko, beharrezkoa da nazioarteko konexio sendoak izatea, funtsezkoak baitira enpresen maila teknologikoa hobetzeko, etorkizuneko sektoreetara inbertsioa erakartzeko eta industriak behar duen talentua izango duela bermatzeko. Hala ere, ez da nahikoa harreman horiei eustea: funtsezkoa da ikuspegi estrategikoa ematea, industriaren benetako beharrekin lerrokatuta egon daitezen, batez ere eraldaketa une honetan.

Lehiakortasunari buruzko 2025eko Biltzarra: azaroaren 24an, Bilbon

Aurreko guztia gogoan, eta adimen estrategikoa sortzea Europako gure bazkideekiko harremanak sendotzeko funtsezkoa izango dela jakinik, datorren azaroaren 24an Orkestrak Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2025eko Txostena aurkeztuko du: “Nazioarteko konexioa, industriaren bultzatzaile”. Biltzarrean, Euskal Autonomia Erkidegoaren nazioarteko konexioaren kokapena aztertuko dugu, funtsezko hiru dimentsioz baliatuta: merkataritza fluxuak, inbertsio fluxuak eta pertsonen eta jakintzaren fluxuak.

Konexio horiek ulertzea eta ikuspegi estrategikoarekin kudeatzea erabakigarria izango da Euskal Autonomia Erkidegoak bere lehiakortasuna eta erresilientzia sendotzen jarrai dezan, aro global berri honetan. Analisia bi eztabaida mahaik eta adituen parte hartzeak aberastuko dute, Euskal Autonomia Erkidegoaren nazioarteko konexioen gaur egungo egoerari buruzko iritzia emango baitute.


james wilson

James Wilson

James Wilson Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko zuzendari nagusia da eta Deusto Business Schooleko irakaslea.

Bere ikerrildo nagusiak eskualdeko lehiakortasunaren analisia, gizarte eta ekonomiako garapen prozesuak eta politika publikoak dira.

Perfil osoa ikusi