Europan, industria-tradizioko eskualde askok dilema berari egin behar diote aurre: nola egin dezakete aurrera bere garaian altzairuari, makineriari eta ikatzari esker aurrera egin zuten eskualdeek datuek, jakintzak eta zerbitzuek agintzen duten errealitate batean? TerriServ proiektuak Europako bi eskualde postindustrial enblematiko aztertu ditu: Euskal Autonomia Erkidegoa eta Alemaniako Ruhr eskualdea. Bi eskualdeek historia industriala partekatzen dute, eta orain ezagutzan oinarritutako ekonomiak eraikitzen ahalegintzen ari dira.
Eraldaketa honen muinean funtsezko faktore bat dago, askotan gutxiesten dena: Lurralde Zerbitizazioa. Kontzeptu horrek planteatzen du, lurralde-ekonomia askoren etorkizuna manufaktura eta zerbitzuak integratzeko gaitasunaren araberakoa izan daitekeela. Industria-enpresak ez dira beren produktu fisikoen kalitateagatik bakarrik ezberdintzen, baizik eta haiek osatzeko garatzen diren zerbitzuengatik. Hala ere, produkzioan oinarritutako berrikuntza batetik zerbitzuak bultzatutako berrikuntza baterako trantsizioa ez da automatikoki edo erraz gertatzen.
Lurralde Zerbitizaziorako zerbitzu gakoez ari garenean, ezagutzan intentsiboak diren enpresa-zerbitzuei (EIEZ) buruz ari gara. Ingeniaritza, informatika, I+G, logistika edota kudeaketa-aholkularitza arloetan ezagutza espezializatua eskaintzen duten enpresak dira. Manufaktura-enpresei aukera ematen diete berritzeko, eraginkorragoak izateko eta mundu mailako lehiakortasunari eusteko. Teknologiaren eta enpresa-beharren arteko lotura gisa jarduten dute, industria-enpresei digitalizatzen, negozio eredu berriak garatzen eta jasangarritasun erronka globalei erantzuten lagunduz. Laburbilduz, EIEZak gabe, eraldaketa geldi liteke.
Lankidetzaren boterea: EIEZak industriarekin konektatzen direnean
Errealitateak erakusten du eskualde askok oraindik zailtasunak dituztela beren EIEZak industriarekin lotzeko. TerriServen ikerketak erakusten duenez, konexio horiek ahulak direnean edo existitzen ez direnean, lurralde-eraldaketa prozesuek moteltzeko joera dute. EAE eta Rurh eskualdeen azterketak erakusten du nola den posible industriaren eta EIEZen arteko harremana sendotzea, eta, aldi berean, agerian uzten ditu prozesu horren praktikak dakartzan eskakizunak.
EAEn, gobernu maila ezberdinek, kluster elkarteek eta garapen agentziek ibilbide sendoa dute zientzia eta berrikuntza ekosistemaren eta industriaren arteko lankidetza sustatzen. Ekimen egituratuek, hala nola sare espezializatuek eta berrikuntza plataformek, EIEZ-industria lotura bultzatzeko oinarri sendoa jarri dute. Hala ere, industria sektorearen zati handi batean, batez ere tamaina txikieneko enpresetan, joera da teknologia probatuak lehenestea zerbitzu eredu berrien aurrean, eta horrek moteldu egiten du, oraindik ere, eraldaketaren erritmoa.
Ruhr eskualdea beste bide bat egiten ari da. Unibertsitateen, ikerketa-erakundeen eta sortzen ari diren EIEZ enpresa sareek berrikuntzarako testuinguru emankorra eskaintzen du, baina eskualdeko gobernantza deszentralizatuak eta haren industria-oinarri anitzak koordinazioa konplexuagoa egiten dute. Horregatik, Ruhreko EIEZ enpresa ehuna bere kabuz ari da eraldaketa bultzatzen, eskualdea zibersegurtasunaren, teknologia berdeen eta ingeniaritza digitalaren arloetan espezializatzea bultzatuz.
Zerk geldiarazten du eskualdeen garapena?
Bi eskualdeek antzeko oztopoak dituzte. Industria-enpresak, batez ere enpresa txiki eta ertainak (ETEak), zalantzak izaten dituzte ezagutzen ez dituzten zerbitzu hornitzaileak kontratatzeko. Askok nahiago dute arazoak barrutik konpondu, kanpoko adituengana jo beharrean. Bestalde, EIEZek batzuetan «ez dute hitz egiten industriaren hizkuntzan»: balio-proposamenek abstraktuak izaten jarraitzen dute sarritan, eta bezero potentzialek zailtasunak izaten dituzte onura zehatzak aurreikusteko. Emaitza literaturan «sare-akatsa» deitzen dena da: bazkide potentzialak badaude, baina ez dute elkarrekin topo egiten edo ez dute konfiantza harremanik sortzen. Desoreka horrek zaildu egiten du lurraldearen potentzial berritzailea erabat aprobetxatzea. EAEn, SPRI bezalako bitartekariak, klusterren elkarteak eta tokiko garapen-agentziak eten horri heltzen hasi dira lankidetzarako topaketak eta proiektu pilotuak antolatuz. Ruhr eskualdean, antzeko ekimenak nagusitzen ari dira, unibertsitateko hub eta spin-off berrien laguntzarekin.
Beste erronka partekatu bat talentuarekin lotuta dago. Bi eskualdeek hezkuntza-sistema sendoak dituzten arren, zailtasunak dituzte kualifikazio altuko pertsonak atxikitzeko. Gazteetako batzuk, batez ere eremu digitalean eta teknikoan ari direnak, migratzeko joera dute, aukera hobeen bila. Horregatik, enplegu erakargarriak eta ezagutzan oinarritutakoak sortzea beharrezkoa bihurtu da eskualde postindustrialentzat.
Europak konparatuz ikasten du
TerriServ proiektuaren indargune nagusietako bat parte hartzaileen arteko lankidetza izan da. Bochumeko Ruhr Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko eta Orkestrako ikertzaileak bi eskualdeetako politika publikoetako arduradunekin eta eragile interesatuekin batera aritu gara lanean, eskualdeko egiturek, kulturek eta politikek lurralde zerbitizazioan nola eragiten duten ulertzeko. Mugaz haratago doan elkar-ikasketa hau, oso baliotsua izan da. EAEren kasuan, agerian geratu da, epe luzeko ikuspegi eta plangintzaren eta erakunde arteko lankidetzaren balioa. Ruhr eskualdeak, aldiz, ingurune deszentralizatuago batean sor daitekeen sormenak duen garrantzia agerian utzi du. Bi testuinguruak alderatzean, ikusi da ez dagoela eredu bakar bat, baizik eta lankidetzarako, esperimentaziorako eta etengabeko ikaskuntzarako premia partekatu bat.
Europa mailako ikuspegi hori garrantzitsua da, eta industriaren gainbehera askotan tokiko arazotzat hartzen bada ere, irtenbideak gero eta partekatuagoak eta globalagoak dira. Ezagutzak, pertsonek eta zerbitzuek bezala, bidaiatu egiten du. Europako eskualdeek, ideiak eta estrategiak trukatuz eta elkarrengandik ikasiz, beren eraldaketa kolektiboa bizkortu dezakete.
Etorkizunera begira: ideiak lotuz
TerriServ proiektuaren mezu nagusia argia da: EIEZak ez dira soilik ekonomiaren osagarri, baizik eta industria, berrikuntza eta eskualde garapena lotzen dituzten aldaketaren eragile aktiboak. Horiek gabe, industria eraldaketak esfortzu isolatuen mosaiko bihurtzeko arriskua du. Horiekin, eskualdeek ekosistema oparoak eraiki ditzakete, beren industria ondarearen onena zerbitzuek bultzatutako mundu batean integratuz.
Politika publikoak diseinatzen eta aplikatzen dituztenentzat, horrek esan nahi du enpresak konektatzen dituzten bitarteko erakundeak indartu behar direla, EIEZ enpresei ikusgarritasun handiagoa eman behar zaiela eta esperimentazioa eta lankidetza bultzatzen duten sareak babestu behar direla. Eta enpresa ehunarentzat, berrikuntza lankidetzatik eta ezagutzaren truketik sortzen dela esan nahi du. Azken batean, EAEko eta Ruhr eskualdeko esperientziak erakusten du Europako eskualde postindustrialak ez daudela gainbeheran. Zerbitzuak eta industria, jakintza eta industria-praktika eta lurralde maila ezberdinak lotuta, berrikuntza-gune eta hazkunde iraunkor eta jasangarriko lurralde bihur daitezke.

Miren Estensoro
Miren Estensoro Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea seniorra da eta Deusto Business Schooleko irakaslea. Ekonomian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere aztergai nagusiak tokiko garapen ekonomikoa, lurraldeko gobernantza eta lehiakortasunerako politiken maila askotako artikulazioa dira. Ikerketarako bere gerturapen nagusia ikerketa ekintza da.

Timon Urs Knapp
Timon Urs Knappek Salmenten Ingeniaritzako masterra du eta ikertzaile elkartua da Alemaniako Bochum-eko Ruhr Unibertsitateko Salmenta eta Zerbitzu Industrialen Ingeniaritzako Katedran. Bere ikerketan, metodo kualitatiboak erabiltzen ditu eta nazioarteko zerbitizazioaren fenomeno estrategikoan eta erakunde arteko eta erakunde barruko lankidetzan dituen inplikazioetan zentratzen da.