Post hau The Evolution of Action Research for Territorial Development. Nurturing an Intergenerational and Multicultural Environment liburua aurkezteko idazten dugu. Baita, liburu hau, beste argitalpen bat baino gehiago dela partekatzeko. Izan ere, etengabeko hazkundean eta bilakaeran dagoen eta belaunaldi eta kultura aniztasuna ezaugarri duen komunitate baten garapena islatzen duen ekarpena da liburu hau.
Ekintza-ikertzaileen komunitate bateko kide izateko pribilegioa dugu
Ekintza-ikerketa komunitate batean lan egitea esperientzia pribilegiatua da. Badakigu hori, ikerketa-konferentzietara goazenean ekintza-ikerketa egiten duten ikertzaileak aurkitzen ditugulako, parekoen talderik gabe eta ia erakundeen laguntzarik gabe daudenak. Guk, ordea, naturaltasunez hitz egiten dugu, ikerketa eraldatzailea egiteko hurbilketa metodologiko gisa, ekintza-ikerketaren aldeko apustua egin duten komunitate eta ikerketa-institutu bateko kide izateaz. Naturaltasunez hitz egiten dugu ere ekintza-ikerketako hurbilketa zehatz bat garatzeari buruz: Lurralde Garapenerako Ekintza Ikerketa. Eta hori egiten dugun bakoitzean egiaztatzen dugu, ez bata ez bestea, ez direla arruntak, gutxienez ekintza-ikerketaren esparruan.
Horregatik, duela ia lau urte, proiektu interesgarri batean murgildu ginen: Lurralde Garapenerako Ekintza Ikerketaren (LGEI) garapen kontzeptualean lan egiten dugun pertsonek idatzitako liburu hau editatzea. Orkestran sortu zen hurbilketa metodologiko hau, Norvegiako Agder Unibertsitateko eta Argentinako Rafaela Unibertsitate Teknologiko Nazionaleko Praxis institutuko ikertzaileekin elkarlanean garatu da. Ekintza-ikerketarako hurbilketa honen ezaugarri bereizgarria da ikerketa-taldeek eta, batez ere, politika publikoak diseinatzeko ardura duten pertsonek partekatzen duten lurralde-erronkaren inguruan hausnarketa-ekintza ziklo jarraituak errazten dituela.
Hazten ari den ikerketa-komunitate bat da
Liburua idazteko ideia gure ikerketa-komunitatea handitzen hasi zenean sortu zen. Alde batetik, doktoratu aurreko aldian zeuden ikertzaile-talde bat sartu zen Orkestrara, institutuak bultzatutako prestakuntza-prozesu bat egin zutenak. Bi urteko prestakuntza-prozesua partaidetzazko ikerketa eraldatzaileari buruz zen. Prestakuntzaren helburua zen, Orkestrako zuzendari nagusiak liburuaren hitzaurrean azaldu bezala, lurralde-lehiakortasunaren eremuan ezagutza-ekoizpenari buruzko beste hurbilketa batzuk ezagutaraztea, parte hartzaileek doktore-tesia egiteko erabiliko zuten hurbilketa metodologikoa "askatasunez aukeratu" zezaten. Eta, bestetik, LGEIren garapenean laguntzen diguten gure nazioarteko sareetako beste ikertzaile batzuk ere sartu dira komunitatean. Besteak beste, aurreko argitalpenetan parte hartu ez zuten Praxiseko beste ikertzaile batzuk. Beraz, gure ikerketa-komunitateak azken urteotan hartu duen belaunaldi eta kultura anitzeko izaeraren isla da liburua.
Liburua: norentzat eta zerk bereizten duen
Uste dugu liburua interesgarria izan daitekeela beren ikerketa-proiektuen bidez lurraldean eraldaketak sortzea bilatzen duten ikertzaileentzat, dela ikerketa ekintzaren bidez, dela eraldaketa eragin nahi duten beste hurbilketa metodologiko batzuen bidez. Liburua interesgarria izan daiteke, halaber, policymakerreentzat, ikasleentzat eta lurralde-eraldaketak nola errazten diren ulertzeko interesa duten beste lurralde-eragile batzuentzat. Izan ere, liburuko kapituluak benetako eraldaketa-prozesuen gainean eraikitako ekarpenak dira eta horrek baliozkotzen du hurbilketa metodologikoa bera.
Liburuak belaunaldi arteko eta kultura anitzeko ikerketa-komunitate batek egindako lana biltzen duen arren, paradoxikoki, bi zatitan antolatu dugu. Lehen zatian, LGEIko komunitatearen parte ziren eta aurretik Miren Larreak argitaratutako liburua bezalako argitalpenetan parte hartu zuten pertsonen ekarpenak eta kontzeptualizazio berriak aurkituko ditugu. Liburuaren bigarren zatian, euren doktore tesiak LGEIn oinarritu eta aurretik aipatutako Orkestrako prestakuntza-prozesuan parte hartu zuten gazte taldearen kapituluak jasotzen dira. Baita Praxis institutuko bi ikertzaileen kapitulua ere. Silo horiek artifizialak dira, ikerketa proiektuetan taldean lan egiten dugulako. Dena den, uste genuen garrantzitsua zela komunitatean integratu berri diren pertsonek espazio propio bat izatea liburuan, beren kontzeptualizazio berriak beren ahots propioarekin aurkeztu ahal izateko eta komunitatearen belaunaldien arteko eta kultura anitzeko izaerari balioa emateko, hain zuzen ere.
Idazketa-prozesuak emaitzak adina balio du
Guretzat liburua editatzeko prozesua emaitza bezain garrantzitsua da. Hainbat lantaldetan garatu den prozesu dialogiko bat erraztu dugu liburua idazteko. Editore gisa, kapituluetan aztertzen diren prozesuen testuinguru kulturala ulertu behar izan dugu, bai eta egile batzuek adierazpen-modu esperimentalak aurkitzeko duten beharra ere. Testuinguru horretan, ikasketa kolektiboko prozesu bat ere izan da idazketa-prozesua. Kapituluen zirriborroak partekatu ditugu Zubigintzan, LGEIko gure prozesuekin lotutako erronkak partekatzeko hilero ikerketa-komunitate gisa biltzen garen gunean. Zubigintzan denok izan gara adiskide kritikoak, eta uste dugu hortik abiatuta, liburuarenidazketa- eta edizio-prozesuak indartu egin zuela gure ikerketa-komunitatea, aniztasun handiagoa txertatuz hazten ari den une kritiko honetan.