"Zoriontasun egoeran, oinarrizko premiak estalita ditugu, eta gizonok eta emakumeok, askatasun osoz, geure sortzetiko gaitasunak eta eskuratutakoak ahalik eta ongien erabiltzeko aukera dugu, geure eta gizartearen onurarako”.

El país de las mujeres, Gioconda Belli.

Post honen hasieran jarri dugun aipua ez dago Orkestraren eta AUSJAL sareko hainbat unibertsitateren arteko hausnarketa prozesuan adostu genuen ongizate inklusibo eta jasangarriaren definiziotik oso urrun. Definizioa, Orkestrako koadernoetako batean jasotzen dena, zertxobait konplexuagoa da, eta honela dio: "Ongizate inklusiboa eta jasangarria prozesu sistemiko eta dinamiko baten emaitza da. Prozesu horren bidez, gizartea osatzen duten pertsona guztiek beren giza premiak modu integralean beteta dituzte eta pertsona gisa duten potentziala erabat gara dezakete, beren komunitateko eragile guztien artean lankidetzan eraikiz beren lurralderako nahi duten etorkizuna, denboran iraunkorra eta planetako gainerako biztanleekin solidarioa."

Beraz, zoriona deitu edo ongizate inklusiboa eta jasangarria deitu, bai kasuetan nabarmentzen da egoera hori lortzeko oinarrizko giza premiek estalita egon behar dutela eta pertsonek beren gaitasunak bete-betean garatzeko aukera izan behar dutela. Horixe aztertu nahi izan genuen Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2024ko Txostenean, "Inklusioa, lehiakortasunaren eta ongizatearen motorra" izenekoan, inklusioaren bi esparrutan zeuden desberdintasunak aztertu genituen, generoaren, adinaren eta jatorriaren arabera. Alde batetik, ongizatearen emaitzak eskuratzea, hau da, premiak estalita edukitzea, eta, bestetik, emaitza horiek eraikitzen parte hartze aktiboa izatea, gaitasunak garatuz eta erabiliz. Post honetan, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunei buruz atera genituen ondorioetako batzuk azalduko ditugu.

Emakumeek ongizatera iristeko zailtasun handiagoa dute, emakumeak buru diren etxe gehiagotan bizi delako pobrezia eta gizonek baino lan prekarietate handiagoa dutelako

Nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoan pobrezia eta gizarte bazterketako mailak beste lurralde batzuetan baino txikiagoak izan, alde handia dago etxeko erreferentziazko pertsonaren sexua kontuan hartzen denean. 2022an, erreferentziazko pertsona gizona duten etxeen % 2,9 dago pobrezia egoeran, eta erreferentzia hori emakumea bada, % 5,5era igotzen da ehuneko hori. Egoera hori lan prekarietatean dauden aldeekin lotuta dago; aldeak murriztu egiten dira adinean aurrera egin ahala, baina prekarietatea handiagoa da emakumeetan gizonetan baino, adin tarte guztietan. Hala, 2023an, 15 eta 24 urte bitarteko emakumeen % 86,2k eta gizonen %69,9k adierazi zuten lan prekarietatea zutela; 45 eta 64 urte bitarteko emakumeen % 27,3k eta gizonen % 22,5ek esaten zuten hori.

Horrek generoaren araberako soldata arrakalari ere eragiten dio; izan ere, adin tarte gazteenetik handitzen doa, 39 urtera arte; berrogei urteko pertsonen artean egonkortu egiten da; eta berriro igotzen da, funtsean 50-54 urteko pertsonen artean, eta, pixkanaka, adin horretatik aurrera. Genero arrakalak bereziki handiak dira kualifikazio txikiko lanbideetan, ziurrenik gizonen kasuan industriako peoiak sartzen direlako eta emakumeen kasuan etxeko langileen ehuneko handi batek soldata baldintza askoz baxuagoak dituelako.

Emakumeek gizonek baino gutxiago parte hartzen dute lan merkatuan, eta haien lan baldintzak okerragoak izaten dira

Ongizatearen baldintza materialak eskuratzeari dagokionez, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasuna, neurri handi batean, lan merkatuan duten parte hartze desberdinak azaltzen du. Alde batetik, emakumeen jarduera tasa gizonena baino txikiagoa da, zaintzaileen ohiko rolek lan merkatutik kanpo uzten dituztelako, eta, beste alde batetik, lan bat lortzen dutenean, haien lan baldintzak okerragoak izaten direlako, neurri batean lan baldintza prekarioagoak dituzten sektoreetan lan egiten dutelako eta, neurri batean, kualifikazio maila txikiagoko lanpostuak dituztelako. Bereziki zaila da emakumeak zuzendaritza postuetara iristea: Bizkaiko Emakume Enpresari eta Zuzendarien Elkartearen txosten baten arabera, emakumeek euskal enpresetako administrazio kontseiluetako kargu guztien % 22 baino ez dute betetzen.

Gainera,emakumeen lan baldintzei eta ekonomian duten rolari buruzko post batean nabarmendu genuenez, emakumeek aldi baterako kontratu (edo aldizkako kontratu finko) gehiago dituzte eta ordu gutxiago lan egiten dute, dela nahi ez duten partzialtasunagatik (ordu gehiago lan egin nahiko lukete, baina ez dute enplegurik aurkitzen) dela gizonek baino askoz gehiago murrizten dutelako lanaldia zaintza lanetan aritzeko, eta horrek ondorioak izango ditu, bai oraingo diru sarreretan, bai etorkizunekoetan.

Hezkuntza desberdintasunek, neurri batean, lan ezberdintasunak azaltzen dituzte, baina zaintza rol tradizionalek baldintzatzen dituzte lan ezberdintasunak eta ongizate desberdintasunak

Emakumeek eta gizonek lortzen duten enplegu motaren aldeak, neurri batean, duten prestakuntza motarekin lotuta daude, baina ez zuzenean prestakuntza mailarekin; izan ere, unibertsitate mailako prestakuntza duten emakumeen ehunekoa gizonena baino handiagoa da, eta, gainera, gizonek baino gehiago parte hartzen dute etengabeko prestakuntzako jardueretan. Hala ere, prestakuntza arloei dagokienez, aldeak daude oraindik. 2022/2023 ikasturtean, unibertsitateko STEM graduko ikasketetako ikasleen % 34 baino ez ziren emakumeak, eta ehunekoa are txikiagoa zen (% 11) Lanbide Heziketako STEM lanbide arloen kasuan. Gainera, lanpostuak ez datoz beti bat pertsonek duten prestakuntza mailarekin, eta badirudi gehiegizko kualifikazioak neurri handiagoan eragiten diela emakumeei gizonei baino; izan ere, lana, familia eta bizitza pertsonala bateratzeari buruzko inkestan inkestatutako emakumeen % 16,4k adierazi zuten beren lanposturako gehiegizko kualifikazioa zutela. Erantzun hori eman zuten gizonen % 11,8.

Zaintza lanen banaketan dauden ezberdintasunek ere azaltzen dute, neurri handi batean, gizarte eraikuntzan eta ongizate materialerako sarbidean duten parte hartze desorekatua, ikuspegi materialetik ez ezik, baita bizitzarekiko gogobetetasunari edo aurrez aipatu dugun zoriontasunari dagokionez ere. Horretaz aurreko post batean aritu ginen, eta azpimarratu genuen gizarte aurreratuetan ere, Suediakoan adibidez, etxeko eta zaintzako lanak emakumeek egiten zituztela.

Errealitate horrek indarrean jarraitzen du gure lurraldean; izan ere, 2023an emakume landunek 4,7 ordu ematen zituzten egunean seme-alaba adingabeak zaintzen, eta gizonek 3,6 ordu. Ezkontideek egiten dituzten lanekiko gogobetetze mailan ere aldea dago: gizonak (10etik 7,6ko balioespenarekin) emakumeak baino gusturago daude (6,2). Zaintzan eta etxean ematen duten denboraren alde horren ondorioz, emakumeek bizitza pertsonalean ematen duten denborarekin duten gogobetetzea (5,6) gizonena baino txikiagoa da (6,1).

Beharrezkoa da emakumeen berezko balioa aitortzea, ongizate inklusiboagoa sortzeko, beren ongizate pertsonalaren eta euskal gizarte osoaren mesedetan

Ongizate inklusiboagoa sortzeko, garrantzitsua da emakumeen ahalduntzea, lehenik eta behin, eskuratu nahi dituzten gaitasunak aukeratu ahal izan ditzaten, eta, horren ondorioz, gizartean balioa sortuko duen garapen profesionala lor dezaten; bigarrenik, etxeko lanaren eta zaintzaren erantzukizuna modu ekitatiboan partekatuz, emakumeek lan merkatu formalean parte hartzeko eta beren denbora diru sarrerak sortzen emateko aukera izan dezaten; eta, hirugarrenik, beren buruari eskainitako denborarekin duten gogobetetasuna hobetu dadin. Horretarako, garrantzitsua da emakumeen berezko balioa aitortzea eta, haien parte hartzea hobetuz, emakumeen ongizatea ez ezik, gizonena ere handituko dela aitortzea, bai eta emakumeen diskriminazioak euskal gizarteari eragiten dion kostua zenbakietan islatzea ere. Agian horrela hurbilago egongo gara Gioconda Bellik deskribatzen duen zoriontasunetik.

 


susana franco

Susana Franco

Susana Orkestrako ikertzaile seniorra da. Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomia Matematikoko espezialitatea egin ondoren, Susana Franco Ingalaterrara joan zen garapen ekonomikoaren alorrean masterra eta doktoregoa egitera. Erresuma Batuko eta Latino Amerikako hainbat unibertsitatetan lan egin du. Gainera, garapenaren alorreko esperientzia du, Gobernuz Kanpoko Erakunde batean aritu baita lanean. Bestalde, aholkularitza lanak egin ditu Nazio Batuen agentzietarako.

Perfil osoa ikusi


Mercedes web

Mercedes Oleaga

Mercedes Oleaga, Orkestrako teknikari seniorra, Soziologian lizentziaduna da eta Ikasketa Aurreratuen Diploma du, Nazioarteko Ekonomian eta Garapenean.

Profil osoa ikusi