Joan den astean, hainbat komunikabidek Baserritar Misto Profesionala (BMP) programaren berri eman zuten. Gipuzkoako Foru Aldundiaren programa honek enpresa-lana eta baserriko lana uztartzea du helburu. Neurri berritzailea da, Jon Mikel Zabalak orain bi urte, ideia taxutzen hasi zenean, artikulu honetan azaldu zuen bezala: Gipuzkoako lehen sektoreak – eta ondorioz, lurraldeak- dituen erronkei modu berritzaile batean heltzeko saiakera bat da, dimentsio ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa integratuko dituena, tresna eta neurri esperimentalen bidez.
Gainera, moduetan ere izan da berritzailea BMP, hainbat eragilerekin eta herritarrekin garatutako prozesu baten bidez diseinatu delako. Hain zuzen, dimentsio horretan egin du ekarpena eta azterketa Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, eta horrexegatik, hor jarri nahi dugu arreta: NOLAn. Roskilde Unibertsitateko Jacob Torfing-ek zuzentzen duen GOGREEN proiektuaren baitan egin da BMPren azterketa. Nazioarteko ikerketa proiektuaren, GOGREEN-en, helburua da munduko hainbat lurraldeetan trantsizio berdeak errazten dituzten gobernantza-faktoreak aztertzea, eta horretarako, 28 herrialdetako 36 kasu aztertu dira. BMP programaren definizio prozesua izan da horietako bat, berriki argitaratu den kasuan jaso duguna.
Politika publikoen ko-sortze prozesu bat
BMP programaren diseinua lankidetza-prozesu baten bidez egin zen, hainbat eragileren parte hartzearekin: Aldundia, unibertsitatea, lehen sektoreko eragileak, enpresak, baserritarrak eta herritarrak, azken hauek, Gipuzkoako lehenengo Herritarren Batzarraren bitartez. Gerturapen parte-hartzaile horrek aukera eman zuen hainbat ikuspegi txertatzeko eta programak sektorearen beharrei hobeto erantzuteko.
Zenbait ikasketa politika publikoen ko-sortzerako
Aldundiko politika arduradunentzako saioak erraztu ondoren eta kasuaren azterketaren bitartez, politika publikoen lankidetza-prozesuen inguruko zenbait ikasketa jaso ditugu:
- 1. Lankidetza eta ko-sortzea sustatzeko baldintzak sortzen dituzten ekimenen garrantzia. BMPren garapenerako funtsezko faktorea izan da Etorkizuna Eraikiz, lankidetzazko gobernantza sustatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimena. Izan ere, lankidetzazko gobernantzaren garrantzia ezarri zuen agenda publikoan, eta lankidetza eta berrikuntza demokratikoa sustatzeko hainbat mekanismo eta gune sustatu zituen – hala nola, think tankak, lankidetzarako gune esperimentalak, edo Herritarren batzarra. Horiekin, lankidetza eta kosortze prozesuak garatzeko eta indartzeko baldintzak sortu zituen lurraldean eta politika-esparru desberdinetan, BMP kasu.
- 2. Ezagutza eta laguntza metodologikoa. Kasuak azpimarratzen du ezagutza eta laguntza metodologikoa, eta autoebaluazioa eta ikasketarako mekanismoak garrantzitsuak direla kosortzean sakontzeko, elkarrizketa inklusibo eta sortzaileak garatzeko, eta prozesuaren eragina handitzeko. Ikasketa horrek Orkestraren lurralde garapenerako ekintza ikerketaren apustua berrestera animatzen gaitu, politika publikoak modu kolaboratiboagoetara eraldatzeko ekarpen izan dadin.
- 3. Dimentsio politikoa eta horren eragina prozesuen denboretan. Hainbatetan, lankidetza eta ko-sorkuntza prozesuak diseinatzen dira kontuan izan gabe, lurralde garapen testuinguruetan ematen direnean, logika eta denbora politikoen eragina izaten dutela horiek. Oso garrantzitsua da dimentsio hau kontuan hartzea administrazio publikoak rol garrantzitsua duen ekimenak diseinatzean eta garatzean.
- 4. Lidergo sendoa, erraztatzailea eta partekatua. Lidergo sendoa funtsezkoa izan da BMP kasuan, programa berritzaile bat bultzatzeko, bere garapenerako aliantzak eraikitzeko eta hainbat eragilerekin dialogoak garatzeko. Hala ere, lidergo sendoa ez da soilik lidergo pertsonalarekin lotzen; azaleratu da lidergo kolektiboak eraikitzea gakoa dela, gutxi batzuen gain geratu ez daitezen halako prozesuak.
- 5. Begirada sistemikoa eta lurralde ikuspegia, kosortze prozesuak ulertzeko eta lantzeko. Sarritan, bilera jakin batzuren bitartez garatzen diren prozesu lineal eta mugatu bezala ulertzen dira kosortze prozesuak. Kasuak erakusten digu momentu ezberdinetan eta hainbat espaziotan (kasuan, herritarren biltzarra, lehen sektoreko mahaia, baserritarrekin egindako tailerrak, elkarrizketa informalak, etab.) gauzatzen den prozesu zabalago bat izan daitekeela ko-sortzea. Eta horrek adierazten digu lurralde-eskalako prozesuetan ezinbestekoa dela ko-sortzea ikuspegi sistemiko batekin begiratzea eta garatzea, hainbat eragile eta pertsonen elkarrekintzak ulertzeko eta koordinatzeko.
Baserritar Misto Profesionalaren kasua lurraldeko arazoak modu esperimentalean lantzeko berrikuntzen adibide baliotsua da, eta politika publikoen kosortzearen inguruan ikasteko aukera ere ematen digu. Gobernantza kolaboratiboagoetara aurrera egiten dugun heinean, horrelako prozesuetan ikertzen eta ikasten jarraitzea funtsezkoa da, aurrean ditugun erronken konplexutasunak hala eskatzen digulako. Berrikuntza eta lankidetza bidez erronka horiei aurre egitea ahalbideratuko duten eta lurraldeen gaitasuna indartzen laguntzen duten esperientziak lantzen eta partekatzen jarraituko dugu Orkestran.
Ainhoa Arrona
Ainhoa Arrona Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea da. Gizarte Zientzietan doktorea da, Deustuko Unibertsitatean, eta Giza Zientzietan eta Enpresan lizentziaduna, unibertsitate berean. Gainera, Iraunkortasun eta Gizarte Erantzukizun Korporatiboko Masterra du (UJI-UNED).
Miren Larrea
Miren Larrea Orkestrako ikertzaile seniorra da. Ikerketako laguntzaile gisa hasi zen Deustuko Unibertsitatean. Bertan egin zuen doktorego tesia, Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko ekoizpen sistemei buruz.