Enpresa txiki eta ertainek (ETEek) berritzeko duten gaitasuna funtsezko faktorea da edozein lurralderen lehiakortasunean, baina bereziki Euskadin, gurean enpresa txiki eta ertainek beste leku batzuetan baino pisu handiagoa dutelako ekonomian. EAEko berrikuntza sistema Regional Innovation Scoreboard (RIS) sailkapenean eskualdeko berritzaile indartsuen artean dagoen arren, kezka etengabea da: ETE berritzaileen ehunekoa nahiko txikia da, erreferentziazko beste eskualde batzuekin alderatuta.
Euskadiko ekonomia eta enpresa emaitzen ezaugarri hori behin eta berriz agertzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko Txostenean. Hain zuzen ere, Orkestrak berriki horren inguruko txosten bat prestatu du. Bertan, Eustaten eta Eurostaten berrikuntza-inkestetan oinarrituta, euskal ETEen ezaugarri nagusiak aztertu ditugu, jarduera berritzaileari dagokionez. Azterlanaren emaitza nagusiak oinarri hartuta, post honetan euskal ETEek berritzeko duten gaitasuna baldintzatzen duten barne eta kanpo faktoreei buruz hausnartuko dugu, bai eta berrikuntza prozesuaren tarteko eta amaierako emaitzei buruz ere.
Barne baldintzak: baliabideak, kostua eta estrategia
Enpresen tamaina txikiaz gain, berrikuntzari eragiten dioten faktoreen azterketak agerian uzten du kostu altuak oraindik ere oztopo nagusietako bat direla euskal enpresa txiki eta ertainentzat. Datu garrantzitsua da hori, bereziki kontuan hartuta Euskadin berrikuntzan egiten den gastuaren zati handi bat ETEetatik datorrela.
Berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten ETEek, gainera, etengabeko hobekuntzara eta kalitateari lotutako lidergora bideratzen dituzte ahaleginak eta arrisku eta disrupzio txikiko estrategiak erabiltzen dituzte horretarako. Horrek azpimarratzen du oso garrantzitsua dela berrikuntza enpresa estrategian modu integralean txertatzea, batez ere enpresa txiki eta ertain askok adierazten dutelako berrikuntzarako oztopoetako bat enpresan beste lehentasun batzuk edukitzea dela.
Ingurunearen zeregina: Administrazioaren laguntza eta beste eragile batzuekiko lankidetza
Inguruneak berebiziko garrantzia du berrikuntzaren arrakastan. Euskal Autonomia Erkidegoko ETEen kasuan, administrazio publikoak -bai erkidegokoak eta bai lurralde historikoetakoak- laguntza handia eman du. Datuek erakusten dutenez, Euskadin laguntza publikoak jasotzen dituzten ETEen ehunekoa Europako beste lurralde batzuetakoa baino askoz handiagoa da, eta laguntza horiek, bereziki, Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek ematen dituzte. Laguntzak funtsezkoak dira ETEek aurrean dituzten oztopoak arintzeko eta berrikuntzarako ingurune egokiagoa sustatzeko.
Beste alderdi garrantzitsu bat I+G+Bn beste funtsezko eragile batzuekin lankidetzan aritzea da. Euskadiko ETE berritzaileen erdiak baino gehiagok lurraldeko beste eragile batzuekin lan egiten du, batez ere aholkularitzekin eta zentro teknologikoekin, IKZekin eta BERCekin. Lankidetza horiek berrikuntza gaitasuna indartzen eta I+G+B proiektuen irismena zabaltzen laguntzen dute, bereziki beren kasa berritzeko baliabide nahikorik ez duten ETEetan.
Emaitzak: berrikuntza produktuan, prozesuan eta salmentetan
Berrikuntzaren emaitzen ikuspegitik, EAEko ETEak tarteko puntu batean daude: EB-27ren eta Alemaniaren azpitik, baina Espainiaren gainetik. Hala ere, bai produktu berrikuntzan, bai prozesu berrikuntzan, egoera orokor horrek zatiketa garrantzitsu bat ezkutatzen du: enpresa ertainak nahiko ondo kokatuta daude, eta txikiak, berriz, atzean geratzen dira.
Desberdintasun hori produktu berrien edo hobetuen salmentetan ere islatzen da. EB-27rekin eta Alemaniarekin alderatuz gero, EAEko ETEek produktu berritzaileen salmenten ehuneko handiagoa duten arren, emaitza on hori enpresa ertainek bultzatzen dute nagusiki. Beraz, enpresa txikiek oraindik bide luzea dute egiteko berrikuntzaren bidez lehiakortasuna hobetzeko.
Zer egin dezakegu egoera hobetzeko?
EAEko ETEetako berrikuntzaren analisiak azpimarratzen du garrantzitsua dela berrikuntzaren kultura sustatzen jarraitzea, enpresek epe luzeko ikuspegia har dezaten eta berrikuntza haien estrategiaren funtsezko elementu izan dadin. Berrikuntza ez da gastu gisa ikusi behar, enpresen etorkizuneko lehiakortasuna bermatzeko beharrezko inbertsio gisa baizik.
Horretarako, funtsezkoa da politika publikoek ETEei beren berrikuntza prozesuetan laguntzen jarraitzea, aurrean dituzten oztopo ekonomikoak eta antolakuntzakoak gainditzeko. Enpresa txikiek arreta berezia jaso behar dute, berrikuntzan atzean geratzen ari baitira. Gainera, beharrezkoa da ekoizpen metodoetatik harago berrikuntzak bultzatzen jarraitzea, horien artean, antolaketa eta marketineko berrikuntzak, lehiakortasuna hobetzeko funtsezko palankak izan baitaitezke.
Laburbilduz, jarduera berritzaileak dituzten ETEen kopurua handitzeak berebiziko garrantzia du euskal enpresen etorkizunerako. Aurrera egin bada ere, oraindik asko dago egiteko ETE txikienek beren berrikuntza ahalmena erabat aprobetxa dezaten eta euskal ekonomiaren hazkunde jasangarriari lagundu diezaioten. Orkestran gai horren inguruko analisiak eta hausnarketa bultzatzen jarraituko dugu, euskal ETEen berrikuntza eta lehiakortasuna bultzatuko duten estrategiarik onenak identifikatzeko.
Maddalen Alkorta
Maddalen doktoretza aurreko ikertzailea da Orkestran, eta egun bi arlotako proiektuetan ari da, ongizate eta enpresa adimendunarekin lotutako proiektuetan
Aitziber Elola
Ekonomian lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean eta Enpresen Administrazioan doktorea IESE Business Schoolen. Orkestran ikertzaile hasi aurretik, irakasle izan zen Enpresen Antolaketako Sailean, Euskal Herriko Unibertsitatean.
James Wilson
James Wilson Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikerketa zuzendaria da eta Deusto Business Schooleko irakaslea.
Bere ikerrildo nagusiak eskualdeko lehiakortasunaren analisia, gizarte eta ekonomiako garapen prozesuak eta politika publikoak dira.