Iaz galdera honekin hasi genuen urtea: Nolako Euskadi nahi dugu 2040rako?. Urtebete geroago, “Euskal Autonomia Erkidegoko Ongizatea helburu duen Lehiakortasuna 2040” koadernoa aurkezten dugu, etorkizunerako nahi dugun Euskadiren ezaugarriak zehazten dituena. Lan hori Eusko Jaurlaritzak eta Orkestrak bultzatutako elkarlaneko prozesu baten emaitza da, lurraldeko gainerako erakundeek eta langileen, enpresaburu eta enpresen, hirugarren sektorearen eta gazteen ordezkariekin batera egin da.
Ondorio honetara iritsi gara:
- • Oparoa. Industria garapen lehiakor eta jasangarrian liderra. Ekonomia oparoa eta dibertsifikatua duena, enplegu betea eta pertsona guztien bizi kalitatea bermatzen dituena.
- • Inklusiboa. Ahalduntzen duena, aniztasuna hartzen duena eta pertsona guztiak gaitzen dituena osotasunean aurrera egiteko, gizarte inklusiko eta ekitatibo batean.
- • Berdea. Karbonoan neutroa.
- • Berritzailea. Aitzindaria, eta etengabe eraldatzen ari dena.
- • Konprometitua. Leku bakarra, bere berezitasunak zaintzen dituena eta gizarte konprometitua duena, gizarte, kultura, politika eta enpresa arloetan.
- • Konektatua. Munduarekiko erantzunkidea eta nazioartean erreferentea.
Azken batean, Euskadi lehiakorra, pertsona guztien ongizatearen aldeko apustua egiten duena, belaunaldien arteko erantzunkidetasunez eta munduko gainerako herrialdeekiko elkartasunez. Toki bereizia, bizitzeko erakargarria eta ekarpenen bat egiteko modukoa.

Iturria: Izulain et al. 2023
Prozesuaren ikaskuntza nagusietako bat ikuspegiaren begirada sistemikoa garatzea izan da, hau da, ikuspegiaren askotariko dimentsioak aldi berean bateragarri egiten saiatzea. Trivial jokoaren irudia erabiliz, kolore guztietako “gaztatxoak” lortzea dugu helburu; ez da nahikoa Kirolari buruz (laranja) asko jakitea, Zientzietako eta naturako gaztatxoa (berdea) edo Aisiari dagokiona (arrosa) lortzen ez baditugu. Ildo horretatik, ez dugu Euskadirentzat ingurumenaren aldetik jasangarria izango den etorkizuna irudikatu nahi (berdea), ekonomia ikuspegitik oparoa ez bada (laranja) eta herritar guztien ongizatean, modu inklusiboan, eragin positiborik ez badu (arrosa).
Erraza dirudien arren, prozesuak erakutsi digu gatazka ugari sor daitezkeela dimentsioen artean eta guztiak elkarri estu lotuta daudela. Beste joko baten bidez irudikatuta, dinamika Rubiken kuboaren antzekoa da: kuboaren aurpegi bat eraikitzen saiatzeak ondorio zuzenak ditu gainerako aurpegietan, eta aurpegi guztiak kontuan hartuta bakarrik iritsiko gara kuboa ongi egitera.
Prozesuan zehar, interes legitimoak, eta batzuetan, kontrajarriak, azaleratu dira. Dikotomia eta dilema ugari sortu dira. Hona adibide batzuk: Nola egin ditzakegu bateragarri lehiakortasuna eta ongizatea? Nola eta zergatik egin behar genuke ingurumen jasangarritasunean beste batzuk baino azkarrago aurrera, horrek gure oparotasunari kalte egin badiezaioke? Nola eutsiko diogu gure nortasun berezi eta propioari, aldi berean gizarte abegikorra, irekia eta munduarekiko konektatua izan nahi badugu? Nola ahaldunduko ditugu pertsona zaurgarrienak, asistentzialismoan erori gabe?
Elkarrizketaren bidez, dilema horietara hurbiltzeko moduen ulermen partekatuagoetara iritsi gara, gutxieneko komunak bilatuz eta diskurtso polarizatuetatik urrunduz. Adibidez, lehiakortasuna eta ongizatea bateragarri egiteari buruzko galdera hartuta, ikuspegiaren erdi-erdian dagoena, askotariko iritziak zeuden. Alde batetik, batzuek uste zuten lehiakortasunaren kontzeptuak berez duela konnotazio negatiboa eta etorkizuneko ikuspegi partekatu batean, garrantzitsuena ez dela lehenak iristea, baizik eta denak iristea eta garaiz. Beste alde batetik, beste batzuk kezkatuta zeuden ongizatea helburu duen eredu batek gizartea gehiegizko erosotasunean erortzea eragin zezakeelako, ongizatea sortzeko erantzukizuna soilik sektore publikoak duela sinetsita.
Orkestrak aurretik egindako lanetan, honela definitu izan dugu ongizatea helburu duen lehiakortasuna:
«Ongizate inklusiboa eta jasangarria prozesu sistemiko eta dinamiko baten emaitza da. Prozesu horren bidez, gizartea osatzen duten pertsona guztiek beren giza premiak modu integralean estalita dituzte, eta pertsona gisa duten potentziala guztiz garatzeko aukera dute, beren komunitateko eragile guztien artean, lankidetzan, lurralderako nahi duten etorkizuna eraikiz, modu jasangarrian eta planetako gainerako biztanleekiko elkartasunez».
Definizio hori aurrean izanik, aipatu ditugun bi jarrerak bateratzeko gakoa konpromisoa da, alegia, ongizatea helburu duen lehiakortasuna pertsona guztien artean (sektore publiko, pribatua eta komunitarioa) pertsona guztientzat (inor atzean utzi gabe) gaitasun kolektiboak sortzeko prozesua dela ulertzea.
Ikuspegi partekatua eraikitzeko prozesuan azaldu diren gatazken eta gatazka horiei konponbide bat emateko moduaren adibideetako bat besterik ez da hori. Baina badakigu praktikan jartzean kontraesan berriak sortzen jarraituko dutela. Horregatik, ikuspegia bidea gidatuko duen iparrorratz gisa ulertu behar da eta, horrekin batera, hausnarketarako tresna gisa, baliagarria esku hartze batek beste dimentsio batzuetan izan ditzakeen ondorio negatiboak ikusteko eta, noski, sinergiak identifikatzeko.
Euskadi 2040 ikuspegia eta erronkak osatzeko prozesuaren inguruan irakurtzen jarraitu nahi baduzu, kontsulta ezazu “Euskal Autonomia Erkidegoko Ongizatea helburu duen Lehiakortasuna 2040” koadernoa. Bertan azalduko dizugu nola ari garen neurtzen helburuak lortzen diren ala ez, zer lotura duten gure helburuek Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta beste zenbait ikaskuntza.
![]()
Ane Izulain
Ane doktorego aurreko ikertzailea da Orkestran. Bertan, Euskadi mailako lurralde garapenerako eta ongizatearen zerbitzura dagoen lehiakortasun inklusibo eta jasangarria garatzen duten proiektuetan egiten du lan

Mari Jose Aranguren
Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusia eta Ekonomia Katedraduna da Deustuko Unibertsitatean. Lehiakortasunean eta lurralde estrategian, klusterretan eta sareetan, eta politiken analisian eta ebaluazioan aditua da. Gai horien inguruan liburu eta artikulu ugari argitaratu ditu, nazioko eta nazioarteko eragin handiko aldizkari espezializatuetan.