Urte berria gure bizitzen norabidea zuzentzeko, edo, gutxienez, gure ohiturak aldatzeko aukera dela uste dugu askok. Egunerokotasunetik harantzako pentsatzeko une bat, etorkizunean zer-nor izan nahi dugun argitzeko. Eta ariketa hori Euskadirentzat egingo bagenu?

Orkestran, urte eta erdi daramagu, Eusko Jaurlaritzarekin batera, etorkizunari begirako gogoeta prozesu batean, euskal erakundeekin eta gizarte eta ekonomia eragile askorekin, hurrengo belaunaldirako nolako Euskadi nahi dugun irudikatzeko. Hain zuzen ere, Euskadi 2040 izena eman diogu prozesuari.

Azkenaldiko gertaerek, horien artean, pandemiak edo Ukrainako gerrak, agerian utzi dute etorkizunaz hitz egiterakoan ziurgabetasuna oso handia dela. Gure ingurunea aldakorra, ziurgabea, konplexua eta anbiguoa (“VUCA”, ingelesezko sigletan) dela esaten dugu maiz, eta ez zaigu arrazoirik falta.

Hala ere, norbanako gisa, pertsona askok uste dugu barne kontroleko locus bat dagoela, hau da, gure etorkizunari buruz erabakitzeko ahalmena dugula. Eta logika hori bera eskualde mailara eramanez, azpimarratu beharko genuke etorkizunerako “prestatzeaz” gainera, etorkizun hori eraikitzeko jarrera proaktiboa izan behar dugula.

Tradizioz, etorkizuneko zientziek eta prospektibak maxima positibista bati jarraitu diote, eta etorkizunari buruzko jakintza sortzen ahalegindu dira, adituen bidez. Gaur egun, ordea, gero eta ikuspegi pluralistagoa hartzen da eta, horren arabera, etorkizuna ez da bakarra, baizik eta askotarikoa. Angelica Wilkinsonek Strategic Foresight Primer liburuan proposatzen duen bezala, ezin da etorkizunari buruzko gertaerarik egon eta, horregatik, “etorkizuna beti istorio bat da eta beti dago istorio bat baino gehiago”.

Ikuspegi horretatik, Europako Batzordearen iritziz, prospektibaren eginkizuna ez da “etorkizuna” iragartzea, baizik eta egon daitezkeen askotariko agertokiak ebaluatzea, lortu nahi den etorkizuna definitzea eta, gaurtik hasita, jarduera guztiak etorkizun horretara bideratzea. Eta nola egingo dugu hori?

Helburuak ezartzea (urte berriko helburuak edo ikasturte berrikoak) banakako prozesua izan ohi da, norberaren gogoetetatik abiatzen dena. Eta helburuen zerrenda batean gauzatzen da; eskola zaharrekoa bazara, nahikoa da arkatza eta koadernoa eskura edukitzea.

Lurralde bati buruz ari garenean, jakina, prozesua zaildu egiten da, ez baita eta ezin baita nahikoa banakako prozesu bat, ezta eragile bakar bat ere. Lortu nahi dugun etorkizun horren inguruan gutxieneko komun bat adostu behar da, lurraldearen ikuspegi partekatu bat eraiki, herritar guztiok norabide berean mugitu gaitezen. Eta, horretarako, elkarrizketa da funtsezko tresna.

Orain arte, 2040ko Euskadi irudikatzeko, lurralde oparoa, berritzailea, berdea, inklusiboa, konprometitua eta konektatua nahi dugula ondorioztatu dugu erakunde eta gizarte eta ekonomiako eragileekin egin ditugun bileretan. Eta, gainera, lehiakortasunari lotutako hainbat erronka identifikatu ditugu, amestutako lurralde horretara hurbiltzen joateko.

 

Euskadi2040.png

 

  • Próspera: orain arte eraiki den ongizate ereduaren eta kalitatezko gizarte zerbitzuen jasangarritasun ekonomikoa bermatuko duena, pertsona guztien eskura enplegu eta errenta egokiak jarriz, eta gaitasunak (pertsonenak zein erakundeenak) etorkizuneko erronketara egokitzea sustatuko duena.
  • Berritzailea: lehiatzeko abantaila berritzeko gaitasunaren garapenean oinarritzen duena, beti gizartearen edo ekoizpen sistemaren beharrei erantzutera bideratua; mota eta mekanismo guztietako berrikuntza, gizarte eragile guztiek, elkarlanean, egindakoa.
  • Berdea: aurrerapauso esanguratsuak egin dituena 2040rako berotegi efektuko gasen zero isuri garbiko helburura iristeko, ekonomia arrazoizko kostuan eta modu ordenatuan deskarbonizatuz, ekoizpenean zein kontsumoan eredu jasangarriagoetan oinarrituta.
  • Inklusiboa: orain arte bezala, ekonomia lehiakortasuna eta gizarte kohesioa uztartuko dituena, desberdintasun bertikalak (gehien eta gutxien dutenen artekoak) eta horizontalak (kolektibo desberdinen artekoak) gutxitzen ahaleginduz, kalitatezko zerbitzu publikoez baliatuta. Eta, gainera, oreka bilatuz ekonomia produktiboaren eta pertsona guztientzako zaintzaren bermearen artean.
  • Konprometitua: bere izaera propioari modu dinamikoan eutsiko diona, komunitate sena eraikiz; eta lurraldearekiko gizarte, politika eta enpresa konpromiso handia izango duena, etorkizuneko erronkei erantzuteko, bere berezitasunak galdu gabe, jarrera proaktiboarekin eta erantzunkidetasunez, elkarlaneko gobernantza eredu berriez baliatuta.
  • Konektatua: bere ekonomia, ingurumen eta gizarte garapeneko eredua nazioartean erreferentzia izatea, munduari irekita, jakintza, finantzaketa eta giza kapitala partekatuz, baina kontzientzia globalarekin jokatuta, garapen jasangarriaren eta gizarte justiziaren parametroekiko koherentziaz.

Ikuspegi horrek ez du argazki finko bat izan nahi; aitzitik, gure biderako iparrorratza izan nahi du, ziurtasunik gabeko etorkizun horretan, dimentsioak jarduketa zehatzago bihurtzeko, bidean zehar desbideratzeak identifikatzeko aukera ere emanez.

Azterlan askok azaltzen digute norberaren helburuen arrakasta ratioa % 16aren azpitik geratzearen arrazoiak zehaztasunik, ekintza planik eta jarraipenik eza direla.

Euskadi 2040 ekimenak, ordea, bost helmuga eta adostutako adierazle multzo bat ditu, norabide egokian aurrera goazen ebaluatzeko. Hain zuzen ere, horixe nahi dugu 2023rako: Euskadiren etorkizunerako ikuspegi partekatua eraikitzeko elkarrizketekin jarraitzeaz gainera, gogoetatik ekintzara igarotzea, agenda partekatu bat zehaztuz, helburuak lortzeko pauso zehatzak eta sendoak eman ahal izateko.


miren larrea

Ane Izulain

Ane doktorego aurreko ikertzailea da Orkestran. Bertan, Euskadi mailako lurralde garapenerako eta ongizatearen zerbitzura dagoen lehiakortasun inklusibo eta jasangarria garatzen duten proiektuetan egiten du lan

Perfil osoa ikusi 


mari jose aranguren

Mari Jose Aranguren

Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusia eta Ekonomia Katedraduna da Deustuko Unibertsitatean. Lehiakortasunean eta lurralde estrategian, klusterretan eta sareetan, eta politiken analisian eta ebaluazioan aditua da. Gai horien inguruan liburu eta artikulu ugari argitaratu ditu, nazioko eta nazioarteko eragin handiko aldizkari espezializatuetan.

Perfil osoa ikusi