Geografia ekonomikoaren literaturatik eta politika publikoetara aplikatzetik ateratzen den ikaskuntza nagusietako bat da ez dagoela lurralde guztietarako errezeta bakar bat, lurralde bakoitzean eragina baitute bere egiturazko inguruneak eta lehiakortasunari lotutako dinamikek. Tokien (places) berezitasunean oinarritutako lehiakortasunerako hurbilketa horrek ekarri du, hamarkadaz hamarkada, erregioak izate berezi eta, neurri batean, homogeneo moduan aztertzea. Erregioek, nazioz azpiko lurraldeak izanik, udalerriez gaindiko kohesio maila esanguratsua, kultur ezaugarriak eta eskumen politiko eta administratiboak partekatzen dituztenak, garrantzi berezia dute ekonomiaren lehiakortasunerako ez ezik, baita bertan bizi diren pertsonen ongizaterako ere. Baina erregioz azpiko askotariko errealitateak kontuan ez hartzeak (beharbada, hirien rolaren salbuespenarekin), lurralde kohesioarekin kontraesanean egongo diren erabakiak hartzera eraman gaitzake.

Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko Sailak, BEAZ sozietate publikoarekin elkarlanean eta lurraldearen askotariko errealitateez jabetuta, eskualdeko lehiakortasuna eta lurralde oreka bultzatzeko estrategia bat jarri zuen abian 2016an (Bizkaia Orekan Sakonduz izenekoa, 2020tik aurrera). Hain zuzen ere, estrategia horretan parte hartu du Orkestrak, hasiera-hasieratik. Lankidetza horren barruan, Orkestrak lurralde historikoaren lehiakortasunaren diagnostikoa egin du, ongizatera begira. Diagnostiko horren ondorioek Bizkaiaren indarguneak eta hobetzekoak erakusten dizkigute, Orkestraren lehiakortasunerako esparru berriaren dimentsioetan.

Beste pauso bat emateko eta Bizkaiko lurralde kohesioan sakontzeko asmoz, eskualdeetako analisi osagarriak ere egin dira. Horien bidez, Bizkaiko eskualde bakoitzaren erradiografia eskuratzeaz gainera, ongizatea helburu duen lehiakortasuneko dimentsioetako bakoitzean lurralde kohesioa aztertu nahi izan da, baita kohesio horretan eragina izaten ari diren faktoreak ere. Analisi horien emaitzek (eskualdeko aginte taulan jasotako adierazle bakoitzaren desbideratze estandarren analisia eta adierazle horien arteko korrelazioen analisia) ondorio garrantzitsuak eskaintzen dizkigute, gai hauen inguruan:

  • Lurralde kohesioaren maila aldatu egiten da aztertzen dugun dimentsioaren arabera, baina, oro har, Bizkaiko eskualdeen artean alde nabarmenak daude dimentsio guztietan.
  • Lurralde kohesiorik handiena ongizatearen dimentsioetan aurkitu dugu, bi arrazoi direla eta, nagusiki: lurraldeko gizarte politiken eragina eta pertsonen mugikortasuna. Alegia, eskualdeetan logikoa da biztanleko BPGri begiratuta alde handiagoak aurkitzea, adierazle horretan eragin handia baitu ekonomia eta enpresa egiturak. Baina banakako errenta erabilgarriaren medianaren inguruan kohesioa handiagoa da, eskualde batean bizi diren pertsonek ez dutelako nahitaez eskualde horretan lan egiten.
  • Aitzitik, egiturazko inguruneari lotutako adierazleetan, heterogeneotasun handia nabari da urbanizazio mailan (urbanizazio handiagoko edo txikiagoko eskualdeak) eta ekoizpenaren espezializazioan (industria enplegua eta nekazaritza eta arrantzakoa). Eta horrek enpresen tamaina ere oso heterogeneoa izatea dakar (tipologia desberdinetako eskualdeak, urbanizazio maila handiagokoak edo txikiagokoak eta industria maila handiagokoak edo txikiagokoak).

 

Posicion comarcas Bizkaia ok

 

  • Gainera, korrelazioen analisitik ondoriozta dezakegu egiturazko inguruneari lotutako adierazleek korrelazioa dutela ongizatearen adierazleekin eta ekonomia eta enpresa emaitzen adierazleekin. Horrenbestez, egiturazko inguruneak pertsonen ongizatea eta ekonomiaren lehiakortasuna baldintzatzen ditu. Hala, lotura positiboa izango da batetik berrikuntzaren emaitzen eta I+Gko adierazleen eta bestetik industriaren eta enpresa tamainaren artean.
  • Era berean, korrelazio positiboa ikusiko dugu batetik biztanleko BPG handia eta ekonomia eta finantza errentagarritasun maila ona duten eskualdeen eta bestetik nazioartekotze eta teknologia maila handiko eta ertain handiko manufakturetako enpleguaren eta I+Gko adierazleen artean.

Azken batean, post honen hasieran esan dugun bezala, lurralde bakoitzak bere errealitatea du, eta errealitate horrek ongizatea helburu duen lehiakortasuna baldintzatuko du. Horrek esan nahi du lurralde batzuk nahitaez atzean geldituko direla, beren egiturazko ingurunea dela eta? Lurralde bakoitzaren errealitateetara egokitutako estrategiak aukeratu beharko dira, lehiakortasunaren palanka dinamikoak indartuko dituztenak, lehiakortasun emaitzak eta ongizatea hobetzeko. Baina zenbat eta anitzagoak izan estrategiak eta politikak, handiagoa izango da politiken eta gobernantzaren konplexutasuna. Horregatik, funtsezkoak dira elkarlaneko gobernantzako prozesu biziak, Bizkaia Orekan Sakonduz ekimenaren bidez bultzatzen direnak bezalakoak, besteak beste.


edurne magro

Edurne Magro

Edurne Magro Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea senior da. Enpresen Lehiakortasunean eta Garapen Ekonomikoan doktorea da, Deustuko Unibertsitatean, europar aipamenarekin. Horretarako, egonaldia egin zuen Manchesterreko Unibertsitateko Manchester Institute of Innovation Research institutuan, Erresuma Batuan. Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna da eta Berrikuntzaren eta Teknologiaren Kudeaketako Masterra egin du, Deustuko Unibertsitatean.

Perfil osoa ikusi


Rakel Vázquez

Rakel Vázquez

Raquel Vázquez. Orkestrako IT & Big Data, informatikako ingeniaria da. Informatikako Fakultatean ikasi zuen, Euskal Herriko Unibertsitatean.

Perfil osoa ikusi