Ez da ausartegia esatea COVID-19aren pandemiak eta Ukrainako gerrak agerian utzi dutela nazioarteko hornikuntza kateen zaurgarritasuna. COVID-19ak produktu bukatuen, zatien eta piezen haustura logistikoak sortu zituen, batez ere Txinaren eta Europaren artean; Errusiako eta Ukrainako hornikuntzak eteteak lehengaien krisiarekin du lotura, nagusiki. Hala eta guztiz ere, logistika eta hornikuntza kateen arloko hainbat adituk bi egoeren antzekotasuna azpimarratzen dute: hornikuntza sare globala, maila fisikoan eta digitalean milioika gailu eta pertsonen elkarreraginari esker modu sinkronizatuan funtzionatzen duena, gerren, klima hondamendien edo pandemien ondorioz estresatzen denean, hornikuntzak huts egiten hasten dira. Hornikuntza kateko haustura horiek ondorio “arinak” izan ohi dituzte hasieran, esate baterako, emateetan atzerapenak, baina denborak aurre egin ahala, itoguneak sor ditzakete eta horren ondorioak oso larriak dira ekonomiarako. Horixe gertatu da pandemia garaian automobilgintzako sektoreko txipekin, edo Ukrainako gerran, gasarekin titanioarekin edo zerealekin.

Hornikuntza kateak hornitzaileen sare global oso konplexuarekin guztiz lotuta daude eta sare hori azaltzen lagun diezagukete VUCA akronimoak laburtzen dituen ezaugarriek (hegazkortasuna, ziurgabetasun eza, konplexutasuna eta anbiguotasuna, ingelesez) eta Zygmunt Bauman soziologoak gizarte likidoaz esaten dituenek. Bestela esanda, ekoizpenaren globalizazioa eta hornitzaileen interkonexio globala gero eta hegazkortasun, ziurgabetasun, konplexutasun eta anbiguotasun handiagoko mundu honekin lotuta daude. Eta testuinguru horretan, “solidoa den guztia airean lurruntzen da”. Enpresek gero eta zailtasun handiagoak dituzte beren hornikuntza sareak VUCA egoera horretan izango duen portaera aurreikusteko (sare hori beste hornitzaile batzuen mendekoa ere bai baita, eta horrela jarraian). Horregatik, behar-beharrezkoa da enpresek, batez ere ingurune nahiko egonkorretan lan egitera ohituta zeudenek, orain arte lanerako izan dituzten eragiketa esparruak alde batera uztea, ez baitira egokiak jokaleku berri hauetarako.

Ikuspegi hori ekoizpen enpresen erosketa funtziora ekarrita, esan dezakegu orain arte, erosketa sail asko beren input fluxuak ziurtatzen ahalegintzen zirela, hornitzaile finkoekin edo aurretik hautatutakoekin epe luzeko kontratuak sinatuta. Hornitzaile aldaketa ez zen ohikoena, une jakin batzuetan bakarrik egiten zen, esate baterako, enpresa erosleak produktu berri bat garatzen zuzenean eta hautagai desberdinei aukera ematen zienean hornitzaile (berri) izateko. Jokamolde hori autobidean egiten dugun ibilbidearekin irudikatu dezakegu: hainbat tarte luze izango ditugu eta horietako bakoitzarentzat abiadura bat izango da egokiena. Tarte batetik bestera igarotzean, gidariak dagokion abiadura hartuko du eta denbora luzez eramango du autoa abiadura horretan.

Baina VUCA ingurunean, edo mundu likido honetan, abiadura aldaketa horiek askoz ere maizago egin behar dira eta etengabeak izan daitezke. Azken bi urte hauetan, horrela gertatu da, COVID-19aren pandemiaren eta Ukrainako gerraren eraginez. Baina etorkizun hurbilean beste gerra batzuek, klima hondamendiek edo araudi aldaketek eragin dezakete enpresen hornikuntza kateak haustea. Jokaleku berri horren aurrean, enpresek hornikuntza kateak kudeatzeko eredu “likidoagoa” hautatu beharko dute.

Zalantzarik gabe, Errusiak hasitako gerrak erakutsi duen oso garrantzitsua dela merkataritzako bazkide seguruak edukitzea (eta, hortaz, ezinbestekoa dela bazkide horiek aurkitu eta gordetzeko lana), baina, aldi berean, agerian jarri du segurtasun hori erlatiboa dela. Horregatik, enpresek beren hornitzaile sareak zabaldu egin beharko lituzkete; zaintza, prospektiba eta adimen prozesuak sendotu; enpresa diplomaziako jarduerak garatu; eta etorkizuneko jokalekuak aurreikusi, hornikuntzak kontratatzeko eta kudeatzeko prozesu irekiagoekin lan egiteko prestatzeko. Gainera, eraldaketa digitala indartu beharko lukete eta, horren barne, hornitzaileekiko harremanen digitalizazioa. Teknologia ere ekuazio horretan sartuta, baliteke etorkizunean hornitzaileak “eskuz” aldatu beharrean, aldagailu automatikoa aplikatzea, kontratu adimendunak abian jarri eta itxi/bertan behera uzteko, esate baterako, blockchainean oinarrituta.

Hornikuntza katearen kudeaketaren ikuspegi likidoagoak eskatuko du goi teknologia eta diseinu, adimen, diplomazia edo prospektibako esparruetako analisi tresnak konbinatzea. Teknika horiek erabiltzea beharrezko baldintza izango da ingurune likidoetan lan egiteko. Hala ere, horrek ez du arrakasta bermatuko. Bestela esanda, gure enpresek teknika horiek erabiltzen hasi beharko dute, hala egiten ez badute, aukera gutxi izango baitituzte haustura edo disrupzioa arau izan dezakeen ingurune berri horretan aurrera egiteko.


bart kamp

Bart Kamp

Bart Kamp Negozioen Nazioartekotze eta Zerbitzutze arloko ikertzaile nagusia da Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuan. Enpresei nazioartean beren merkatu hobietan buru izaten laguntzen dieten lehiatzeko estrategiak aztertzen ditu, baita manufakturako enpresen zerbitzutze prozesuak ere.

Perfil osoa ikusi


Mikel Gaztañaga

Mikel Gaztañaga

Mikel doktorego aurreko ikertzaile gisa lan egiten du Orkestran, lurralde-garapenaren arloan. Gaur egun, “Nazioarteko harremanak eta enpresa-diplomazia” masterra egiten du Deustuko Unibertsitatean. Kultura politikoa, lanaren etorkizuna, paradiplomazia eta estatu azpiko inteligentzia dira bere egungo ikerketa-arloak, eta lurralde-garapenerako ikerketa-ekintza proiektuen testuinguruan integratzen ditu jakintza-arlo horiek

Perfil osoa ikusi