European Cluster Panorama 2021 txostenak, Orkestrako ikertzaileek prestatu eta orain dela gutxi Klusterren arteko Lankidetzako Europako Plataformak (ECCP) argitaratuak, klusterren eta eskualdeko lehiakortasuna neurtzeko 24 adierazleren arteko harremana du aztergai, beste hainbat gairen artean. Azterketa horretatik ondorioztatzen da kluster erakundeen presentziak lehiakortasunaren ekonomia edo teknologia alderdien errendimendua hobetzen laguntzen duela. Emaitza horiek bat datoz Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde estrategia: trantsizio handietarako ikaskuntzak eta erronkak txostenean egindako azterketaren ondorioekin. Txostenak erakusten du azken hamarkadetan Euskal Autonomia Erkidegoko kluster elkarteek zeregin garrantzitsua izan dutela enpresen lehiakortasunean, gobernuaren, industriaren eta prestakuntza eta ikerketa zentroen arteko lankidetza ahalbidetu baitute.

Gainera, COVID-19ak ekarri duen egoeran, lankidetza are funtsezkoagoa bihurtu da eta agerian geratu da klusterrek eta klusterren antolakunde dinamizatzaileek eskualdearen erresilientzia sustatzen laguntzen dutela. Era berean, aipatutako txostenean adierazten den bezala, klusterrak funtsezkoak dira trantsizio berdea eta trantsizio digitala bizkortzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, 1990ean industria politika industria klusterretan oinarritutako politika bihurtu zenez geroztik, klusterrei eman zaien babesa garrantzi handikoa izan da eskualdeko industriaren lehiakortasunaren oinarriak sendotzeko eta hobetzeko. Hiru hamarkada hauetan, politikak baliabide tekniko eta ekonomikoekin lagundu die klusterren antolakunde dinamizatzaileei, klusterretan lankidetza sustatu zezaten.

Kluster politikaren ebaluazioak hainbat erronkari egin behar dio aurre, politika horrek lehiakortasunean dituen eraginak neurtu eta azaldu behar baditu. Hala, kluster politika ebaluatzeko eta identifikatzen diren erronka berrietara egokitzeko orduan aztertu behar den alderdi nagusietako bat klusterren antolakunde dinamizatzaileen jarduera da, baita jarduera horrek garapen ekonomiko handiagoari egiten dion ekarpena ere. Eusko Jaurlaritzaren kluster politikaren ebaluazioan aurrera egiteko, SPRIk eta Orkestrak, TCI Network-en klusterrak ebaluatzeko lantaldearen dinamikak ere kontuan hartuta, “Erabiltzailearen Ahotsa” galdeketa prestatu zuten. Galdeketa horren helburua da hobeto ulertzea nola hautematen dituzten erabiltzaileek klusterren antolakunde dinamizatzaileek eskaintzen dituzten zerbitzuak eta lankidetza bultzatzeko ekimenak eta zenbateko eragina duten enpresen lehiakortasunean. Galdeketa Eusko Jaurlaritzaren Klusterrei Laguntzeko Programaren onuradun diren klusterren antolakunde dinamizatzaileetako bazkideek erantzun zuten.

Berriki argitaratu dugun Nola txertatu “erabiltzailearen ahotsa” kluster estrategiaren ebaluazioan eta orientazioan dokumentuan, galdeketaren erantzunak aztertzeko eta interpretatzeko gida bat proposatu dugu, horrela azterketa eta emaitza horiek hainbat stakeholderrentzat -bereziki, klusterren antolakunde dinamizatzaileetako zuzendarientzat eta policy makerrentzat- izan dezaketen baliagarritasuna agerian jartzeko. Bestalde, azterketa eta interpretazioaren adibide gisa, prozesuaren emaitza agregatu nagusiak eta haien balorazioa erakutsi ditugu. Hurrengo lerroetan, prozesu honetatik atera ditugun ikaskuntzetako batzuk laburbildu ditugu:

  • “Erabiltzailearen ahotsa” jasotzeko egin dugun inkestaren bidez baloratu ahal izan dugu nola hautematen dituzten enpresek klusterren antolakunde dinamizatzaileek bultzatzen  dituzten jarduerak, kluster politikaren barruan urtero prestatzen eta egiten dituzten jarduera planetan jasotzen direnak. Iritzi hori lagungarria da ikusteko zer egin beharko luketen klusterren antolakunde dinamizatzaileek etorkizunean eta zein helburutara bideratu beharko lituzketen beren jarduerak, bazkideen iritziz. Horretarako, lau lankidetza arlo identifikatu dira: (1) lehentasunezko lankidetza arloak; (2) landu behar badira ere, hainbesteko premia ez duten arloak; (3) egoki dimentsionatutako arloak, orain arteko inplikazioarekin jarraitzeko; (4) berraztertzeko arloak, orain arteko inplikazioa eta baliabideak aztertzeko, gerta baitaiteke erabakitzea ez dela haietan lan gehiago egin behar edo beste modu batera indartu behar direla.
  • Egindako prozesuan, ebaluazioa ez da kontrol moduan ulertzen, baizik eta ikasteko eta hobetzeko tresna estrategikotzat hartzen da eta kluster politika osoa kudeatzeko eta klusterren antolakunde dinamizatzaileetako bakoitzean ekintza planak bideratzeko lagungarria izango da. Halaxe jasotzen da ondorengo jardueretan ere. Alde batetik, prozesu honek klusterren antolakunde dinamizatzaileei informazioa ematen die klusterren errealitateari buruzko gogoeta egiteko eta, informazio horretan oinarrituta, neurriak hartzeko, erakunde horien Urteko Jarduera Planetan jasoko direnak. Bestalde, prozesu honen emaitzak eta ondorioak erabiliz, SPRIk, klusterren antolakunde dinamizatzaileekin elkarlanean, hainbat programa eta ekimen jarriko ditu abian, identifikatu diren beharrei erantzuteko.
  • Aurrera eramandako gogoeta prozesuaren eragina eta klusterren antolakunde dinamizatzaileen ekintza planetan jasotako ekintzak eta SPRIk bideratutakoak baloratzeko ezinbestekoa adierazleen jarraipena egitea. Datuak aldiro-aldiro bilduz eta aztertuz egin ahal izango da jarraipen hori. Horrela, ikusi ahal izango da zenbateko eragina izan duten bai klusterren antolakunde dinamizatzaileen ekintza planek eta bai SPRIk abian jarri dituen ekintza eta ekimenek.
  • Prozesu horretan guztian funtsezkoa da tartean dauden eragile guztiak sentsibilizatuta egotea eta denek barneratuta edukitzea bakoitzak ebaluazio prozesuan duen egitekoa. Horregatik, parte hartze maila -lortu diren erantzunen ehunekoa kluster antolakunde dinamizatzaile bakoitzeko erakunde erabiltzaile guztiekin alderatuta- parametro garrantzitsua da, adierazten baitigu zenbateko kontzientzia, inplikazioa eta konpromiso maila duten klusterren antolakunde dinamizatzaileetako bazkideek. Datu hori ikusirik, aztertu beharko da tartean dauden eragileekin sentsibilizazioa gehiago landu behar den ala ez.
  • Azkenik, galdeketan sartu ditugun galderetako batzuk bat datoz TCI Networken barruan klusterrak ebaluatzeko lantaldean landu direnekin. Horregatik, galdera horiekin lan egin duten beste eskualde eta herrialde batzuekin nazioarteko alderaketa ere egin daiteke. “Erabiltzailearen ahotsa” galdeketa beste eskualde batzuetako klusterretan ere aplikatzeak jardunbide egokietatik ikasteko aukera emango du, emaitzak nazioartean alderatuta.

aitziber elola

Aitziber Elola

Ekonomian lizentziaduna da Nafarroako Unibertsitatean eta Enpresen Administrazioan doktorea IESE Business Schoolen. Orkestran ikertzaile hasi aurretik, irakasle izan zen Enpresen Antolaketako Sailean, Euskal Herriko Unibertsitatean.

Perfil osoa ikusi