Lurralde baten garapen ekonomikoa zutabe garrantzitsua da lurralde batean bizi diren personen ongizaterako. Baina lurralde baten lehiakortasuna bultzatzeko ez da nahikoa aurrerapen ekonomikoa sustatzea. Garapen ekonomikoak eta horretarako gako garrantzitsua den berrikuntzak pertsonen eta gizartearen ongizatea bilatu behar du. Ildo honetatik gero eta ugariagoak dira garapena sustatzeko barne produktu gordinetik haratago joan behar dugula dioten ekimenak: Garapen Jasangarrirako Helburuak eta haiek neurtzeko Nazio Batuek proposatutako sistema, Nazio Batuek urtero argitaratzen duten Amartya Senen Giza Garapenaren Indizea (GGI), Social Progress Index ekimena…

Bestalde, hiru trantsizio handiei lotuta mundu mailan erronka oso garrantzitsuak ditugu momentu honetan eta erronka hauek lurralde batean pertsonen ongizatea bultzatuko duen lehiakortasuneko eredu berritua eskatzen dute. Energia eta klima-aldaketaren erronka; eraldaketa digitalak eta teknologi aurrerapenak jarduera ekonomikoetan, pertsonen gaitasun-beharretan eta etorkizuneko lanean sortzen dituen aldaketen aurreko erronka; eta osasun eta zaintzaren inguruan bilakaera demografikoak sortzen digun erronka bezalakoek lehiakortasun eta ongizatearen analisirako markoetan dimentsio berriak kontutan edukitzea eskatzen dute. Horregatik, Orkestran azkeneko urtean zehar gogoeta anitz egin dugu eredu berritu hau lantzeko.

Ongizatearen zerbitzura dagoen lehiakortasunak ekonomia eta enpresa emaitzen dimentsioak eta giza ongizatearenak uztartzen ditu (irudian erdigunean urdinez daudenak). Dimentsio horiek eta elkarren arteko eragina bi elementu multzok baldintzatzen dituzte: alde batetik, lurraldeko egiturazko inguruneko elementuek, epe labur eta ertainera aldatzeko zailak direnak (irudian ezkerraldean), eta, beste alde batetik, palanka dinamikoek (irudian eskubian), hainbat norabidetan erabil eta garatu daitezkeenak, ongizatearen zerbitzura egongo den lehiakortasunean aldaketak eragiteko. Gainera, zeharkako oinarrizko beste zenbait elementu ere eransten dira (inklusibitatea eta nazioarteko lotura).

                                          

Pertsonen ongizatea sustatzea litzateke azken helburua eta honetarako pertsonek sei dimentsio hauetan ongizatea izatea bilatu behako genuke. (1) Bizitza baldintza materialak: lurralde batean bizi diren pertsonen bizitzaren dimentsio materialak (diru sarrerak, etxebizitza...). (2) Enplegua: lurralde batean bizi diren pertsonen enpleguaren kantitatea eta kalitatea. (3) Ikaskuntza: lurralde batean bizi diren pertsonen hezkuntza eta prestakuntza maila eta ikasteko gaitasuna. (4) Osasuna: lurralde batean bizi diren pertsonen osasuna. (5) Gizarte bizitza: lurralde batean bizi diren pertsonen bizitzako gizarte dimentsioak. (6) Ingurumena: lurralde batean bizi diren pertsonek dituzten ingurumen baldintzak.

Pertsonen ongizatearen eta ekonomia eta enpresen emaitzen artean elkar-eragina dago eta lurraldean elkar-eragin hau ahalik eta positiboena egitea ahalbidetuko duten estrategiak eta ekimenak sustatu beharko genituzke. Ekonomia eta enpresen emaitzen artean ondorengoak bereizten ditu Orkestran garatutako ereduak: (1) Produktibitatea eta biztanleko BPG: lurralde bateko lehiakortasun ekonomikoaren azken adierazleak dira, lurraldeko ekonomia eta enpresa sistemak balio erantsia sortzeko duen gaitasuna neurtzen baitute. (2) Enpresen errentagarritasuna: enpresa lehiakortasunaren azken adierazlea da eta lurraldeko ekonomia eta enpresa sistemak beren jardueretan errentagarritasuna sortzeko duen gaitasuna neurtzen du. (3) Berrikuntza: enpresen eta lurraldearen lehiakortasunaren funtsezko baldintzatzailea da eta lurralde bateko ekonomia eta enpresa sistemak berrikuntza emaitzak sortzeko duen gaitasuna neurtzen du. (4) Ekoizpenaren eta merkataritzaren nazioartekotzea, lurralde bateko ekonomia eta enpresa sistemak nazioartera ateratzeko duen gaitasuna dela ulertuta. Enpresen eta lurraldearen lehiakortasunaren errendimendua islatzen du.

Esan bezala, lurralde baten garapen ereduaren azken helburuak herritarren ongizate maila areagotzea izan behar du. Lehiakortasuna eta ekonomia eta enpresa emaitzak bitarteko helburuak dira, eta ez azken helburuak. Bitarteko helburuak izanik, helburu horiek lortu behar dira, pertsonen ongizate maila areagotzeko. Baina, praktikan, pertsonen ongizateak eta ekonomia eta enpresen lehiakortasunak eta errendimenduak elkar eragiten dute. Adibidez, ekonomia eta enpresa errendimendu onak BPG handitzea ahalbidetzen du eta horrek ekarriko du, enplegu berriak sortzea, biztanleko errenta igotzea, hezkuntzan eta osasunean gehiago inbertitu ahal izatea eta abar… Baina, aldi berean, herritarren errenta maila handiagoak eskari sofistikatuagoa ekarriko du eta baita esate baterako pertsonen kualifikazio handiagoa ere. Eta horrek produktibitatea areagotuko du eta, bide batez, ekonomia eta enpresa errendimendua hobetuko du.

Azkenik, ereduak bi zeharkako bi dimentsio jaso ditugu. Batetik inklusibitatea. Gizarte batean pertsona mota desberdinak gaude adinaren, generoaren, jatorriaren… arabera eta haien ongizate mailan askotan ezaugarri hauek eragiten dute. Definitu berri dugun marko berri honetan ongizatea inklusiboa izatea bilatzen dugu, inklusiboa bai ongizate honen onuradun denok izanez, baina baita ere eredu hau eraikitzearen ardura denona izanez, bakoitzarena dagokion lekutik eta arduratik. Bestetik, nazioarteko lotura. Hau da ongizateak iraunkorra izateko belaunaldien barneko erantzunkidetasuna (lurralde jakin baten barnean eta gainerako gizarteekin) eta belaunaldien artekoa (etorkizuneko belaunaldiekin) eskatzen baititu.

Eredu honek batetik lurralde bakoitzak lehiakortasunaren eta ongizatearen zein dimentsiotan dituen indarguneak eta zeinetan ahultasunak ezagutzen eta erronkak eta aukerak identifikatzen lagundu beharko liguke. Hori da azaroan aurkeztu berri dugun Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2021eko Txostena. Ongizatea helburu duen lehiakotasuna eraikitzea lanean EAErako egiten duguna. Baina bestetik, eta batez ere, marko honek lurraldeko pertsonen ongizatearen zerbitzura egongo den lehiakortasuna gauzatzeko estrategiak eta ekimenak martxan jartzen lagundu beharko luke. Baina horrek kontestu konkretu bakoitzean eredu hau nork eta nola bultzatu definitzea eskatzen du. Hori da EAEren kasuan ere gure etorkizuneko ongizatearen zerbitzura degoen lehiakortasuna sustatzeko dugun egitekoa.


mari jose aranguren

Mari Jose Aranguren

Mari Jose Aranguren Orkestrako zuzendari nagusia eta Ekonomia Katedraduna da Deustuko Unibertsitatean. Lehiakortasunean eta lurralde estrategian, klusterretan eta sareetan, eta politiken analisian eta ebaluazioan aditua da. Gai horien inguruan liburu eta artikulu ugari argitaratu ditu, nazioko eta nazioarteko eragin handiko aldizkari espezializatuetan.

Perfil osoa ikusi