Europar Batasunean, Euskal Autonomia Erkidegoan bezala, kultur eta sormen industriak estrategikotzat hartzen dira Europako erregio guztietan hazkunde inklusiboa, adimenduna eta jasangarria bultzatzeko eta, bide horretatik, Europar Batasuneko RIS3 espezializazio adimenduneko estrategia gauzatzen laguntzeko. Gure lurraldeari dagokionez, kultur eta sormen industriak aukera sektoretzat hartu ziren 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean. Berrikiago, Eusko Jaurlaritzak Euskadi Sortzailea izeneko ildo estrategikoa sartu du 2030eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean, Euskal Kultura eta Sormen Barrutia (Basque District of Culture and Creativity-BDCC) sortzeko pausoak emateko helburuarekin. Barruti horrek barnean hartuko ditu eta lekua egingo die kultura eta sormen industriei, enpresa sektorearen eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren barruan.

Hain zuzen ere, joan den astea aukera izan genuen “CCIs and Innovation Contrast Open Conference” biltzarrean parte hartzeko, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak antolatua. Biltzarra eztabaida prozesu baten azken emaitza izan da, eta guk prozesu horretan ere parte hartu dugu, nazioarteko eta tokiko adituekin batera, Kultur eta Sormen Industria horietako berrikuntza, ikerketa eta garapena eta neurketa aztertzeko.

Biltzarrean, Kultur eta Sormen Industrien ekonomia alderdian sakontzeko, alegia, sortzen duten jarduera ekonomikoa aztertzeko 2021eko lehen hilabeteetan Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailarekin hasi genuen proiektuaren lehenengo emaitzak aurkeztu ditugu. Azterketa horretan, Kultur eta Sormen Industrien sektorea ekonomiako gainerako sektoreekin ere alderatu dugu eta ikusi dugu industria horiek neurri batean bere balio katearen barne dauden ekonomiako beste jarduera adar batzuetan ere sortzen dutela jarduera.

Ongizatea helburu izango duen lehiakortasun eredu berri jasangarriagoa eta inklusiboagoa bilatzeko prozesuan, lurraldeko eragile guztiak hiru trantsizioen inguruko aukera berriak aprobetxatzeko lerrokatuta egonik, behar-beharrezkoa izango da Kultur eta Sormen Industrien ekarpenari buruzko gogoeta egitea. Orkestrak garatu duen esparru berrian Kultur eta Sormen Industrien inguruko berariazko dimentsio edo palankarik zehaztu ez badugu ere, uste dugu industria horiek zeharkako eragina izan dezaketela gizarte eredu jasangarriago eta inklusiboagoa eraikitzeko bidean.

Horrenbestez, datozen urteetan Kultur eta Sormen Industrien inguruko jakintza sortzea espero dugu, hiru alderdiren inguruan: industria horiek ekonomia zirkularrean eta zahartze osasuntsuan duten zeregina; industria horiekin lotura estuena duten bi trantsizioei, teknologikoa eta digitala eta sozial eta sanitarioa, aurre egiteko modua; eta lehiakortasun esparru berrian duten rola. Jakintza hori lagungarria izango da bai Kultur eta Sormen Industrien lehiakortasunerako eta bai lurraldearen lehiakortasunerako.


miren larrea

Ibone Eguia

Ibone, ekonomian graduduna da Euskal Herriko Unibertsitateagatik. Doktoratu aurreko ikertzaile gisa lan egiten du Orkestran, Euskal kultura-sektorearen lehiakortasunaren analisiarekin lotutako proiektuetan.

Profila ikusi


Mercedes web

Mercedes Oleaga

Mercedes Oleaga, Orkestrako ikerketako bideratzailea, Soziologian lizentziaduna da eta Ikasketa Aurreratuen Diploma du, Nazioarteko Ekonomian eta Garapenean.

Profil osoa ikusi


jabier retegi

Jabier Retegi

Jabier Retegi, Orkestrako Ikertzaile Senior Elkartua, Industria doktorea UPCn, Industria Antolaketako ingeniaria eta Zientzia Aplikatuetako Masterra (M.SC.A.) Montréaleko Eskola Politeknikoan eta ingeniari mekanikoa Mondragon Unibertsitatean.

Perfil osoa ikusi