Lerro hauekin, Miren Estensorok eta Mikel Albizuk hirietako lehiakortasunean sakontzeko idatzi dituzten postei jarraipena eman nahi diegu. Oraingoan, edozein tamaina eta geografiatako hiriek aurrean duten erronka nagusietako bati begiratuko diogu: garraioa mugikortasun jasangarriko eredura egokitzea. Garraioaren ikuspegi intermodala behar-beharrezkoa da indarra hartzen ari diren joerak aintzat hartzeko eta hiri lehiakorren askotariko eskariei erantzunak emateko.

Garraioak erronka dinamikoak jartzen dizkigu mahai gainean, etengabe bilakatzen doazenak. Erronka horien eraldaketa potentziala aipatu zuten jada Mikelek eta Mirenek bigarren postean, hirietako aldaketa handiak (batez ere, teknologikoak) hirietan automobilaren erabilera orokortzeak izan zituen eraginekin alderatzerakoan. Telelanaren eraginetako batzuek, hain zuzen ere, lotura estua dute hirietako mugikortasun jasangarria egituratzen duten esparru nagusiekin, Banister-ek (2008) definitu zituen bezala. Esate baterako, azpimarratzekoa da IKTek ahalbidetzen duten telelanak lantokietarako joan-etorriak murrizten dituela eta, aldi berean, hirietako beste eremu batzuk suspertzen dituela, jarduera berriak eta kontsumoa eragiten dituelako. Bestalde, Banisterrek proposatu zuen hirietako mugikortasun jasangarriaren ereduak edo ‘paradigmak’ intermodalitatearen eta energia efizientzia handiagoaren aldeko apustua egiten du.

Horrek garrantzi handia du, hirietako eta inguruko eskualdeetako etorkizuneko lehiakortasuna, neurri handi batean, hiriek aldaketei aurre egiteko moduaren araberakoa izango baita. Aldaketa horiek, gainera, ziurgabetasun handiko faktoreen eraginpean egongo dira, horien artean, berrikuntza teknologikoa, joera sozio-ekonomikoak eta ingurumenari lotutako erronkak.

Hiri bakoitzak bere behar eta gaitasun bereziak baditu ere, lagungarria izango zaigu garraioaren deskarbonizaziorako bidean eredugarri izan diren gizarteen esperientziei begiratzea, haietatik ikasi ahal izateko. Ibilgailu elektrikoari dagokionez, esate baterako, esperientzia eredugarrienetako bat Norvegiakoa da. Herrialdea, urtez urte, Europan liderra da garraioaren elektrifikazioan. Hain zuzen ere, Orkestran hara begira jarri ginen orain dela urte batzuk.

Baina Norvegia ez da nabarmentzen soilik mugikortasun elektrikoan. Udan herrialdea bisitatzeko aukera izan nuen eta Garraio Plan Nazionalaren funtsezko elementuetako batzuk bertatik bertara ikusi ahal izan nituen. Hain zuzen ere, Plan horren bost oinarrietako bat garraioaren eta lehiakortasunaren arteko lotura da. Handik ekarri ditudan gogoeta batzuk partekatuko ditut segidan:

1. Ez da erraza mikromugikortasun partekatuaren tsunamia kudeatzea

Hiri askotan, bereziki handietan, patinete elektrikoak (e-scooterrak) ikustera ohitzen joan gara, gero eta erabiltzaile eta hornitzaile gehiago baitituzte.

Norvegiako hiriak ez dira salbuespena. Are gehiago, patineteen eskariak igurikimen guztiak gainditu ditu eta Oslo izan daiteke, une honetan, mikromugikortasun modu honetan Europako hiri nagusia. Aurten, nazioko eta hiriko agintariak patineteen erabilera arautzeko erronkari heldu diote. Zehazki, patineteen gehiegizko kopurua mugatu nahi dute, arazo bihurtu baitira, besteak beste, istripuak eragin dituztelako eta ez dakitelako nola kudeatu kaleetan eragozpenak sortu eta hondakinak ekarri dituzten ibilgailu ugari hauek. Norvegiako Garraioaren Ekonomiako Institutuaren (TØI) azterketa batek erakusten du patineteek, Oslo hiriburuan, ez dutela trafikoaren murrizketa esanguratsurik ekarri eta, batez ere, mugikortasun aktiboko moduak ordezkatu dituztela, bereziki, oinez ibiltzea. Era berean, Garraioaren Nazioarteko Foroaren (ITF) txosten batek aipatzen du patineteen erabilerak “egoera kaotikoak” sortu dituela Osloko inguru ezagunenetan.

Ezkerrean, patinete elektriko bat Osloko katedralaren ondoan, ibilgailu horiek uzteko tokitik kanpo; eskuinean, hainbat patinete, Osloko Unibertsitatearen aurrean. Erdian, pintada bat Bergen-eko portuan, Erna Solberg da [uste dut], Norvegiako lehen ministroa, ziur aski mugikortasun modu hau erabiltzearen inguruan, ironiaz. Iturria: geuk eginak.

Hala bere, bi lanek patinete elektrikoak, garraio publikoarekin konbinatuta, ekar ditzakeen onurak ere aipatzen dituzte, azken miliako garraiobidea izan baitaitezke konbinazio intermodal zabalagoetan. Gizarte interakzioari lagundu diezaioketela ere aipatzen da. Kontuan hartuta eskaria, nagusiki, belaunaldi gazteetatik datorrela, hiriek, epe laburrera, mugikortasun partekatuko modu berri hau integratzeko formulak bilatu beharko dituzte.

2. Hiri lehiakorren erantzukizunen artean dago eskualdeko ingurunea babestea

Arestian aipatu ditugun ikerketetako batek patineteen eta ferry lineen arteko konbinazio intermodala du aztergai. Nabigazio bideetan barrena ibiltzen diren itsasontziak deskarbonizatzea garrantzitsua da garraiobide horrek pisu handia duen herrialdeetan, besteak beste, Norvegian, eta, orokorrean, Europar Batasunean, Garraioaren Europaz gaindiko Sarearen (TEN-T) barruan duen rolarengatik. Portuek energia trantsizioan duten zereginarekin lotuta dago hori, laster Macarena Larreak azalduko digun bezala, Energiaren Labeko hurrengo koadernoan.

Ildo horretatik, hiriak deskarbonizatzeko inguruko portuak eta nabigatzeko bideak egokitu beharko dira, Mirenek eta Mikelek lehenengo postean gogoratu ziguten bezala, hirien lehiakortasuna lurralde eta eskala askotako ikuspegitik ere landu baitaiteke. Hori Norvegiako turismoan islatzen da, jarduera ekonomikoa hiri oinarri moduan aritzen diren udalerriei lotuta baitago. Bergen dugu adibide. Bertatik abiatzen dira fiordoak ferryan bisitatzeko ibilbideak. Ibilbide horien hasieran eta bukaeran kargatzeko azpiegiturak jarri dira eta, horrela, txango horiek itsasontzi elektrikoetan egiten dira eta kutsadura gutxiago sortzen da.

Langile bat ferry elektrikoa Gudvangen-eko nasako karga terminalean konektatzen, Nærøyfjord fiordoaren muturretako batean. Iturria: geuk egina.

Turismoak eta bestelako jarduerek ingurunean duten eragina murriztea garrantzitsua da hiri jasangarriak lortzeko, adiera zabalean. ICCTren orain dela gutxiko post batek (1) azpimarratzen du, pandemiaren ondorengo susperraldian, garrantzitsua dela pandemiaren eremu turistikoetan ferry bidezko garraioa elektrifikatzea. Ildo horretatik, beste herrialdeek Norvegia edo Danimarkako esperientziaz ikas dezaketela gogoratzen du

3. Benetako intermodalitatea lurretik, itsasoz eta airez doa

Orain arte aipatutako guztia indartzen duen elementu komun bat aipatuko dugu jarraian: Entur. Ibilbideak planifikatzeko plataforma digital bat da, Garraio Ministerioaren mendekoa(2). Plataforma digital hori tren konpainia nazionalaren txartel zerbitzua berrasmatzearen ondorio da, Norvegiako tren sistema liberalizatzerakoan sortu zena, txartelen zerbitzuaren funtzionamendua sinplifikatu behar zela ikusita.

Entur mugikortasun konpainiekin lankidetzan aritzen da eta formatu estandarra erabiltzen du garraio publikoari dagozkion datuak biltzeko, tratatzeko eta partekatzeko. Horrek aukera ematen du erabiltzaileen ibilbideak mugikortasun modu desberdinak konbinatuta kalkulatzeko, hasi aire garraiotik eta azken miliaraino (orain arte aipatu ditugun patineteak eta ferryak ere barne direla), ikuspegi malguarekin, ibilbideak pertsonalizatu baitaitezke hainbat aldagai kontuan hartuta, esate baterako, gustuko geltokiak edo norberaren abiadura ibiltzerakoan.

                                    

Erabiltzaileak Enturren appean edo webgunean ibilbideak osatzeko aurkituko duen panela. Iturria: Entur.

Orkestran mugikortasun jasangarrirako negozio eredu berrien inguruan egin ditugun azterketen ildotik, Entur adibide egokia da ikusteko nola lantzen den intermodalitatea digitalizazioan eta lankidetza publiko-pribatuan oinarrituta. Digitalizazioak eta lankidetza publiko-pribatuak garraio konpainien eta garatzaile digitalen lehiakortasuna areagotzeko aukerak handitzen ditu, plataformara konektatu baitaitezke bidaiariei informazioa emateko, berrikuntzan pausoak emateko eta soluzio berriak sortzeko. Nazioko zerbitzu honek mugikortasun ekosistemaren baliabideak modu jasangarrian erabiltzea ere bilatzen du, konpainia bakoitzak ez baitu bere informazio sistema propioa garatu eta mantendu behar. Sistemak beste pauso batzuk ere eman nahi ditu eta ordainketa bakarra eginez, operadore desberdinen bidaia txartelak eskainiko ditu. Ereduaren zeharkakotasunak konpainiei aukera emango die beste enpresa batzuen txartelak saltzeko.

Adibide txiki horiek erakusten digute mugikortasun jasangarria estrategikoa dela hiri eta eskualde lehiakorrak lortzeko eta, gainera, agerian uzten dute garrantzitsua dela ikuspegi intermodal zabalean oinarrituta berritzea.



Jaime Menéndez

Jaime Menéndez

Jaime 2015ean hasi zen Institutuan, Energia Lab-eko doktoretza aurreko ikertzailea gisa. Zehazki, “Energia eta Industria Trantsizioaren” eta “Teknologia, Garraioa eta Efizientzia” proiektuetan parte hartu du. Proiektu horietan, hainbat gai landu ditu: energia trantsizioa eta, bereziki, Alemaniako kasua (Energiewende); energia alternatiboak garraioan eta mugikortasun iraunkorra; edo airearen kalitatea hiri handietan.

Perfil osoa ikusi