1877an, Bilboko 40.000 biztanle inguruk aurrerapen handi bat bizi izan zuten, nahiz eta gaur egun, guretzat, hirien arteko mugikortasunaren historiaurreko garaietakoa izan: hirien arteko Espainiako lehen tranbia inauguratu zen, zaldiek mugitua. “Odolezko motorreko” tranbia esaten zitzaion.

Tranbiaren ibilbideak Zingira, Bilbon bertan, eta Areeta lotzen zituen eta Deustun, Olabeagan eta Erandion gelditzen zen. Tranbiaren abantaila nagusia erreien segurtasuna eta erosotasuna zen. Hala ere, zaldiak erabiltzearen ohiko eragozpenak sortzen zituen: gorotza garbitu behar izatea eta animalien nekea (lau-bost orduan behin aldatu egin behar izaten ziren). Baina zaldi horiek zalgurdietan erabiltzen zirenek baino gehiago irauten zuten, errodadura efizienteagoa zelako.

Iturria: Memorias de Getxo. http://getxosarri.blogspot.com/2012/05/el-tranvia-de-las-arenas-algorta.html

Lineak harrera bikaina izan zuen herritarren artean. Biztanleria hazten ari zen, zortzi urtean, bikoiztu egin zen eta zalgurdiez eta omnibusez bestelako garraiobideak behar zituen. Trenbideak hasi berriak ziren, baina hirietatik kanpo gelditzen ziren, hedatzen ari ziren zabalguneetan, nagusiki. Tranbiaren lehenengo linea honen arrakasta ikusirik, 1881ean bigarren bidea ireki zen. 1882an, bigarren tranbia inauguratu zen, Santurtzin, eta 1891n, lehenengo ibilbidea Algortaraino luzatu zen.

Baina aurrerapen teknologikoa genetikaren aldaketa mantsoak baino askoz ere azkarragoa da. Sistema baztertuta gelditu zen, beste trakzio iturri batzuk, lurruna eta elektrizitatea, erabiltzen hasi zirenean. Hasierako ibilbidea egiteko behar ziren 65 minutuak “ez ziren onargarriak, ez zetozen bat merkataritza gune baten beharrekin, ezta aisiarako eta luxuzko ibilbidearen eskakizunekin ere”. Bilboren eta Areetaren arteko lurrunezko trena 1887an inauguratu zen. Tren horretara iristea, alabaina, ez zen batere erosoa: 66 eskailera igo behar ziren, San Agustinen, udaletxearen atzean. Tranbiaren geltokia, ordea, hirigunean bertan zegoen.

Animalien trakzio bidezko tranbia hori elektrifikazioa iritsi zenean baztertu zen, 1897an. Zalantzarik gabe, aurrerapenaren ikurra izan zen hirian. Garraiobide elektrikoak erabiltzen hasteko, estazio elektriko bat sortu behar izan zen Lutxanan. Estazio honek aukera eman zuen “herriei, korporazioei, enpresei edo behar zuten banakoei argia eta indar eragilea emateko”. Kostu txikiagoari esker, garraiobide hau demokratizatu egin zen, “jende guztiak erabil zezakeen, bizitzeko eta lan egiteko tokietara mugitzeko, arrazoizko prezioan”. Barne errekuntzako motorrak behin betiko baztertu zen animalia trakzioa, hamarkada bat geroago.

Iturria: Diario Bilbao. https://www.bilbao.eus/bld/bitstream/handle/123456789/29840/12-13.pdf?sequence=1

Ia mende eta erdi igarota, errekuntza motor hori bazterrean gelditzen hasi da, bereziki ingurumen arrazoiak direla eta, ez horrenbeste teknologiaren eraginez. Elektrizitatea lehen iristen ez zen tokietara iristen ari da, baterietan biltegiratzeko aukerak ireki direlako. Mikromugikortasunetik hasi -bizikletak buru direla- eta auto eta autobusetara -geure industriaren abangoardia-, elektrizitatea garraioa jasangarri izateko biderik eraginkorrena dela ikusten ari gara. Gainera, Europako automobil industria biziberritzeko modua izan daiteke, Dieselgateak autoen salmenta kaltetu baitu. Halaxe islatzen du Europako Batzordeak berriki aurkeztutako estrategiak, Fit for 55, 2035erako zero isuriko mugikortasuna baitu helburu.

Automobil elektrikoaren erronkak eta Bilbo eta Areetaren arteko trenarenak antzekoak dira: prezioa eta erabiltzeko erraztasuna. Auto elektrikoari dagokionez, erabiltzeko erraztasunak kargatzeko erraztasuna eta kargaguneak eskura edukitzea eskatzen ditu. Aurreikuspenak onak dira. Lehenengo erronkari dagokionez, baterien prezioak etengabe ari dira jaisten eta ibilgailu elektrikoen ekoizpen sortak gero eta handiagoak direnez, garapenaren kostua unitate gehiagoren artean banatu daiteke. Horrela, prezioak gero eta lehiakorragoak dira. Bigarren erronkari begira, enpresak eta erakundeak ahaleginak egiten ari dira kargaguneen sarea zabaltzeko eta irtenbide berriak bilatzeko. Esate baterako, farolak erabiltzea aztertzen ari da, kargatzeko. Horrek auto elektrikoa demokratizatzen lagunduko luke.

Baina edozer gauza gerta daiteke. Izan ere, aurrerapen teknologikoa aurreikusi ezinezkoa da askotan. Hidrogenoak, seme-alaba menderakaitz orok bezala, borroka egingo du elektrizitatearekin, bereziki biltegiratzeak irtenbide sendorik eskaintzen ez duen bitartean. Era berean, digitalizazioak gure ibilgailu pribatuak baztertu eta mugikortasun partekatuaren eta ibilgailu autonomoaren alde jartzera eramaten gaitu. Eta trenbide zahar horiek gogoratzen digute efizientzia bilatzen badugu, ez dugula bidaide hoberik aurkituko.

Orain dela mende eta erdi bezala, gaur ere mugikortasuna bidegurutzean dago. Ez dakigu bateria nagusituko den, barne errekuntzako motorrarekin gertatu zen bezala, edo hidrogenoak ordezkatuko duen, “mantsoa” delako, odolezko tranbiari gertatu zitzaion bezala. Lehenengo ekintzaile haien historia berriro aztertuta zerbait ikas dezakegu, ordea: ekitea garrantzitsua dela, gure garapen teknologikoa eta ekonomikoa bultzatzeko, mugikortasun elektrikoaren sustapenari buruzko gure azken lanean esaten genuen bezala. Ziur egonik, gainera, irtenbideak garraio jasangarria, eskuragarria eta demokratikoa ekarri behar digula.


Roberto Alvaro

Roberto Álvaro

Roberto Alvaro, Ikertzailea, Industria Ingeniaria Doktorea da (Madrilgo Unibertsitate Politeknikoa - UPM).

Ikusi profil osoa

Etiketa: Energia lab-a