Hiriak etengabe aldatzen badira ere, noizean behin mugimendu teluriko bat sortzen da, hirien bilakaeran inflexio puntu bat eragiten duena. Mugimendu horien adibide egoki bat izan daiteke orain dela mende bat baino gehiago gertatu zena, automobilak azaldu zirenean. Asmakizun horrek hiri modernoen egitura aldatu zuen, mundu osoan. Gaur egun, aldaketa nagusietako batzuek, automobilarekin gertatu zen bezala, teknologiekin dute zerikusia. Hain zuzen ere, teknologia jakin batzuk heldutasun fasera iristen eta gizakion prozesu eta jarduera guztietara egokitzen ari dira. Aldaketa horiek ondorio izugarriak dituzte hirietan. Post honetan, pandemia hasi zenetik agerian gelditu den aldaketa handietako bat aztertuko dugu: lana urrutitik egitea hedatzea eta hedapen horrek hirien geografian duen eragina.

Hasteko, gogora dezagun etxetik lan egiten duten pertsonen ehunekoa ez dela uste dezakeguna bezain handia. Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeak hartzen baditugu, 2020ko laugarren hiruhilekoko Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, soilik biztanleria landunaren % 9,5ek(1) izan zuen aukera etxetik lan egiteko, salbuespen gisa edo egunerokoan. Hala ere, Caixa Bank Researchek(2) egindako azterketa baten arabera, Espainiako udalerriak biztanleriaren dentsitatearen arabera sailkatzen badira, ikus daiteke hiri handietan bizi diren langileen % 39k telelanean aritzeko aukera izan dezaketela. Ehuneko hori % 30 da hiri ertainetan bizi direnen artean eta % 23, landa eremuetan bizi direnen artean. Gainera, arrazoizkoa dirudi pentsatzea hirietan daudela “urrutitik aritzeko” aukera ematen duten lan gehienak. Telelangileak langile kognitibo deitutakoen zati handi bat dira. Langile kognitiboak jakintzan intentsiboak diren zerbitzuetan aritzen dira, dinamismo handiko jardueretan, esate baterako, Zerbitzu Aurreratuetan. Talde hori, gaur egungo lanbide egituran, ordainsari handiko mailetan dago eta, horregatik, ekonomia dinamizatzeko ahalmen handia duela esan dezakegu. Gainera, langile horiek hiri eta metropoli eremu jakin batzuetan kontzentratzen dira. Hori horrela izanik, telelanak garrantzia hartzeak hiriguneetako barrutietara lanera hurbiltzen den pertsonen kopurua murriztu du eta jaitsiera horrek langile horien inguruan eraikitako negozioen ekosisteman (merkataritza, ostalaritza...) eragina izan du.

Era berean, behera egin du eskualde, herrialde eta nazioarteko laneko bidaien kopuruak, eta faktore horrek ere eragin handia du ekonomiaren dinamismoan. Arestian aipatu dugun Caixa Bank Researchen analisian, Espainiako hiri nagusietan egunero sartzen diren pertsonen kopurua aztertu da. Hirietara sartzen diren pertsonak guztiak langileak ez badira ere, hiri handietako joan-etorrien dimentsioa jakitea ahalbidetzen du neurketa horrek. Esate baterako, Bilbora egunero 34.000(3) pertsona iristen dira. Hiriko biztanleriaren % 10 inguru, alegia. Telelanaz gainera, beste faktore batzuek ere murrizten dute hirien ahalmen zentripetua. Horien artean daude onlineko merkataritza, hezkuntza edo administrazioa.

Hori guztia ikusirik, badirudi lanetik hurbil egoteak garrantzia galduko duela, poliki-poliki, non bizi erabakitzeko orduan. Egoera hori oso berria da, historiaren zatirik handienean, jendeak bizi zen tokian bertan egiten zuelako lan, baserrietan eta etxepean zeuden lantegietan, edo, gehienez ere, etxetik oso hurbil. Udalerri ertain eta txikientzat hazteko bidea izan daiteke hori. Izan ere, udalerri horiek, oro har, etxebizitzaren prezio hobeak eskaintzen dituzte eta profil eta bizitzako fase batzuetan oso egokia izan daitekeen bizimodua. Familiak hiri txikiagoetara edo landa eremura mugitu daitezke aire zabaleko zerbitzuen bila edo “bizi kalitatearen” bila; lan ibilbidearen lehenengo urratsetan dauden 25-35 urte arteko profesional gazteak, ordea, hirien inguruan geldituko dira, lan aukera hobeen bila eta gizarte bizitza zirraragarriago baten bila. Baina telelanak arrakala ekar dezake hiri handietako negozio guneek talentua erakartzeko duten nagusitasunean. Hiri txikiek eta ertainek beren ekonomien garapena telelangileen(4) gainean eraiki dezakete. Ildo horretatik, udalerri batzuk jada ari dira telelanerako guneak sortzen. Bileretako espazioa eta bideo deiak egiteko guneak eskaintzen dituzte, konexio ona eta bestelako erosotasunak, lana baldintza egokietan egin ahal izateko eta, horrela, talentua erakartzeko.

Baina hiri handientzat ere aukera berriak egon daitezke. Datozen urteetan, formula hibridoak izango dira nagusi. IESEren(5) txosten baten arabera, telelanean aritu daitezkeen telelangileen % 12k asteko 5 egunetan egin nahiko lukete lana etxetik. Eta ez da alderik ikusten adinaren arabera. Horregatik, ekonomia jarduera handiko hiriak, horien artean, Madril, Bartzelona edo Brusela, langile kognitiboen eskari handia dutenez, beste gune batzuetara hurbil daitezke langile horien bila, aurrez aurreko lana eta urrutiko lana uztartzen dituzten lan formulak eskainiz. Dinamika hori mugikortasuna eta hirien arteko konexioak hobetuta indartuko litzateke (horien artean, abiadura handiko trena iristea). Gero eta jende gehiagorentzat bideragarria izango da hiri batean bizi eta beste batean lan egitea. Esate baterako, gero eta pertsona gehiago ari dira 3 egun hiri batean lan egiten, Madrilen, adibidez, eta beste 4 egun etxean. Ildo horretatik, enpresa handi batzuek, Salesforcek kasu, urrutiko lana erabiltzen dute bulegoko espazioan dirua aurrezteko ez ezik, baita talentua erakartzeko aukera handiagoak eskaintzen dizkielako ere, baitituzte langile berriak hiri batetik bestera mugitu behar. Horrek ekarriko du talentua goiz erakartzea (prestakuntza dualaren bidez, besteak beste) funtsezkoa izatea langileen leialtasuna lortzeko, eskari handiko jardueretan. Gainera, telelanak langileen asebetetzea handitu dezake, lan baldintzak hobetu ditzakeelako eta lana eta familiaren edo norberaren bizitza bateratzeko aukera gehiago eman, besteak beste.

Laburbilduz, etorkizunean lana ohiko lantokitik kanpora gero eta gehiago egingo dela aurreikusten da. Lanbideko profil kognitiboak (bereziki, teknologiari lotutakoak) erakartzea dagoeneko lehia bizia ari zen sortzen enpresetan eta lurraldeetan eta, bilakaera ikusirik, lehia hori areagotu egingo da. Hiriek aisiarako eta elkartzeko guneak izaten jarraituko dute, baina onlineko munduak hirien funtzio historikoetako batzuk zalantzan jartzen ditu eta horietan nagusietako bat izan daiteke enplegu asko eskaini eta erakartzekoa. Hiri txiki eta ertainentzat, urrutiko lanak garatzeko aukerak irekitzen ditu, talentua erakar baitezakete, zerbitzuak eta “bizi kalitatea” eskainiz. Beti bezala, ongi planteatutako estrategia proaktiboak garatzen dituzten hiriek eta lurraldeek abantaila izango dute.



Mikel Albizu

Mikel Albizu

Mikel Albizu Orkestrako doktorego aurreko ikertzailea da. Gaur egun, doktoregoko ikasketak egiten dituen bitartean, hainbat ikerketa proiektutan parte hartzen du.

Enplegua eta hura bultzatzen duten faktoreak ditu aztergai nagusi, eskualde eta tokiko mailan. Hirigintzaren eta lurralde antolaketaren esparruan ere lan egin izan du.

Perfil osoa ikusi


miren estensoro

Miren Estensoro

Miren Estensoro Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ikertzailea da eta Deusto Business Schooleko irakaslea. Ekonomian doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere aztergai nagusiak tokiko garapen ekonomikoa, lurraldeko gobernantza eta lehiakortasunerako politiken maila askotako artikulazioa dira. 

Perfil osoa ikusi